|     79 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


IV EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

Jardina San Lukaseko baserrian, hobiz inguraturik

 

(MARIANA eserita dago, MORROIA kantari dabil.)

 

KANTA:

                Urrundu ezpain horiek

                gozoro zin-hausleak

                ken begi distiranteak

                goizari gezurra sartzekoak

                baina itzuli musuak

                itzuli

                maitasun-seiluak,

                alferrik seilatuak

                alferrik seilatuak.

MARIANA: Utzi kantatzeari eta aldegin bizkor. Horra non datorren bere kontseilu onen bitartez nire anima atsekabetuaren dardarizoak sarritan baretu dituen gizaseme pozemailea.

 

(MORROIAK alde egiten du.)

 

(DUKEA sartzen da fraile-mozorropean.)

 

MARIANA: Barkamena eskatzen dizut, jauna: nahiago nukeen hain musikazaleturik aurkitu izan ez baninduzu; desenkusa nazazu baina egiaz sinetsidazu musika honek ez zuela nire alaitasuna iratzartzeko asmorik, baizik eta nire pena lokarreraztekoa.

DUKEA: Oso arrazoizkoa da, nahiz eta sarritan musika jabe izan gizadia ongi bihurtzeko eta ongia gaizki egiteko. Baina esaidazu, inor etorri al da nitaz galdezka gaur? Zita bat nuen hemen, ordu honetan gutxi gorabehera.

MARIANA: Ez zait inor etorri zutaz galdezka; egun osoan egon naiz hemen.

DUKEA: Benetan sinesten dizut. Ordua hurbiltzen ari da. Une batzutarako aldetzeko eskatuko dizut; baliteke hemendik gutxira zuri dei egitea probetxuzko izango zaizun arazo baterako.

MARIANA: Beti zure zerbitzuan nago. (Badoa.)

 

(ISABELA sartzen da.)

 

DUKEA: Oso ongi aurkitua eta ongi etorria zaitez. Zer berri dakarzu ministrari bertutetsu horretaz?

ISABELA: Adreiluzko murru batez inguraturik lorategi bat dauka, ezkerraldetik mahasti bat mugakide duela; orri ganditako ate batetik sartzen da mahasti horretara, eta giltza handi honek irekitzen du atea; beste honek mahastitik jardinera gidatzen duen ataka han gobernatzen du; bertara biltzera joango naizen hitza eman diot gauerdiko ordu isiletan.

DUKEA: Baina jakingo al duzu bidea aurkitzen zeure burua ez beste gidaririk gabe?

ISABELA: Ongi eta zehazki jabetu naiz guztiaz. Berak, ahots apalez eta isiltasun errudunez, zainduriko adierazkortasuna zuen pantomima batez, erakutsi dit bi bider bidea.

DUKEA: Ez al da zuek bion artean kontutan hartu beharreko beste inolako ezaugarririk erabaki?

ISABELA: Ez, batere ez, zita ilunpetan burutu behar delakoa izan ezik, eta aditzera eman diot gure zitak oso laburra izan behar duela, jakineraziz mirabe bar eramango dudala laguntzailetzat, zeina neure anaiarengana noalakoan itxaroten egongo zaidan.

DUKEA: Ongi konbinaturik dago. Hitz bakar bat ere ez diot esan Marianari gai honetaz.— Kaixo! Etxekook! Erdu!

 

(MARIANA sartzen da berriro.)

 

DUKEA: Neska gazte honen ezagupidea izan dezazula erregutzen dizut. Mesede bat egitera datorkizu.

ISABELA: Horixe da nire gogorik biziena.

DUKEA: Arretaz arduratzen naizela zutaz uste al duzu?

MARIANA: Hai, ene anaia maitea, eta badut horren agiririk.

DUKEA: Orduan emaiozu eskua lagun honi; berandutu gabe zure belarriei jakineraziko dien istorio bat dakar. Amaitu arte zain egongo naiz. Baina bizkor ibili; gau lausoa gainean dugu-ta.

MARIANA: Nahi al duzu ostera bat egitea? (ISABELA eta MARIANA kanpora doaz.)

DUKEA: O dintasuna! O handitasuna! Milioika begi gezurti daude zuri loturik eta zelatari hauen lekukotasun erratu eta kontraesankorretan oinarrituriko alehunka esamesa dabil bala-bala munduan zehar zure egintzez. Milaka apetakeriak beren amets nagien guraso izendatzen zaituzte eta beren lilurez mozorrotzen zaituzte.

 

(ISABELA eta MARIANA berriro sartzen dira.)

 

DUKEA: Ongi etorriak zaitezte. Ados jarri al zarete?

ISABELA: Arduratuko da eginbeharraz zuk kontseilatuz gero, ene aita.

DUKEA: Kontseilatu ezezik, erregutu egiten diot.

ISABELA: Gauza bakar bat esatea aski izango duzu, alde egitean, honako hitz hauek samurki eta ahapean esanak: orain, gogora zaitez nire anaiaz.

MARIANA: Ez kezkatu nitaz.

DUKEA: Eta zuk ere, ene alaba maitea, ez izan kezkarik. Zeure senarra duzu aurreragoko tratu batez; biok horrela, elkartzea ez da bekatu, zeren dauzkazun tituluen benetakotasuna apaintzen bait dute amarrukeria. Goazen, zatozte; gure uzta biltzeko dago, izan ere oraindik hazia erein gabe bait dago gure etxean. (Badoaz.)

 

 

II ESZENA

 

Presondegia

 

(PREBOSTEA eta POMPEIO sartzen dira.)

 

PREBOSTEA: Zatoz hona, alproja hori. Moztu al zenezake gizonaren burua?

POMPEIO: Bai, jauna, gizon hori ezkongabea baldin bada; baina ezkondurik baldin badago, bere emaztearen burua da bera eta inoiz ez nioke nik emakume bati bururik moztuko.

PREBOSTEA: Ikusagun, jauna, utzi alde batera zeure zimardikeriak eta emaidazu erantzun zuzen bat. Bihar goizean goiz hil behar dute Klaudiok eta Bernardinok. Bada hemen, gure gartzela honetan, bere eginkizunetarako laguntzaile baten premia duen borrero publiko bat; berrori laguntzea zeure kontu hartu nahi baduzu, egintza horrek zeure kateetatik askatuko zaitu; bestela osoki egin beharko duzu zeure gartzelaldia, eta gupidagabeki zigortu ondoren baizik ez zara geratuko askatasunean, zeren lupar nabarmena izan bait zara.

POMPEIO: Jauna, aintzinako denboretatik legez kanpoko luparra izan naiz; baina gaur pozik egongo naiz borrero leiala izatearekin. Atseginez hartuko ditut nire lanbidearen oharra.

PREBOSTEA: Kaixo, Abhorson! Non da Abhorson? Hemen?

 

(ABHORSON sartzen da.)

 

ABHORSON: Deika ari al zara, jauna?

PREBOSTEA: Kaiku halakoa, hemen duzu kide bat biharko exekuzioan lagunduko dizuna. Begia betetzen badizu, urtean honenbesteko batekin tratua egin eta eman ostatua hemen zeurekin; bestela, oraingo honetan erabili eta bidali. Ezingo dizu ohorearen eragozpenik jarri, luparra izan bait da.

ABHORSON: Luparra, jauna? Alde hortik! Izen txarra jarriko dio gure arteari.

PREBOSTEA: Zaude isilik, jauna; bata era bestea pisu berekoak zarete; luma batek eragingo lioke alde batera balantzari.

 

(Badoa.)

 

POMPEIO: Barkaidazu, jauna, zure begikotasun handiagatik (zeren, seguraski begikotasun handia bait duzu, jauna, borrero-itxura guzti hori gorabehera), baina arte deitzen al diozu zeure lanbideari?

ABHORSON: Bai, jauna, arte.

POMPEIO: Pintura, jauna, entzuna dudanez, artea da; zure emagalduek jauna, nire lanbidearen atal direnez gero, pintura erabiltzean, nire labidea arte dela erakusten dute; baina zer arte dagoen urkabean, urkatu beharrean egon behar izango banu ere, ez dut inola ere imajinatzen.

ABHORSON: Jauna, hori da artea.

POMPEIO: Froga?

ABHORSON: Edozein gizon jatorren ekipoa ongi datorkio lapurrari...

POMPEIO: Lapurratentzat txikiegia bada, gizon jatorrak aski handi aurkitzen du; handiegia bada lapurrarentzat, lapurrak aski txiki aurkitzen du; honela, edozein gizon jatorren ekipoa ongi datorkio lapurrari.

 

(PREBOSTEA sartzen da berriro.)

 

PREBOSTEA: Ados al zaude?

POMPEIO: Jauna, benetan zerbitzatu nahi diot, zeren ikusten bait dut borrerotzan penitentzia handiagoa dagoela lupartzan baino; sarriago eskatzen bait da honetan barkamena.

PREBOSTEA: Zuk, alproja horrek, prestatu zeure trangoa eta aizkora bihar goizaldeko lauretarako.

ABHORSON: Tira, zatoz, luparra; lanbidearen berri emango dizut; zarraizkit.

POMPEIO: Badut ikasteko gogoa, jauna, eta espero dut zeure kabuz ni enplegatzeko aukera baldin baduzu, ernai aurkituko nauzu lanbidean, zeren, benetan, jauna, zure mesedeak bihurtzeko, zor handia bait dut egina.

PREBOSTEA: Etorrerazi hona Klaudio eta Bernardino. (POMPEIO eta ABHORSON irteten dira.)

        Batak nire erruki guztia du; besteak, nire anaia balitz ere, ez luke izpirik ere eskuratuko, asasinatzailea bait da.

 

(KLAUDIO sartzen da.)

 

PREBOSTEA: Begira, Klaudio, hemen dago zu hiltzeko exekuzio-agindua orain gauerdia jo berria da eta goizeko zortzietan sartuko zarra hilezkortasunean. Non da Bernardino?

KLAUDIO: Hain lo sakonean murgildurik non dirudien bidaiari nekatuaren gorputz-adarrak lozorrotan astundurik uzten dituen lo errugabean dagoela: ez da esnatuko.

PREBOSTEA: Nork egin liezaioke mesederik? Ongi da, zoaz eta presta zaitez. (Atea jotzen dute deika.) Baina entzun. Zer zarata da hori? Zeruak eman biezaio kontsolamendua zure arimari. (Badoa KLAUDIO.) Bizkor!... Barkamena edo luzamendu bat izan dadin espero dut Klaudio txit onarentzat.

 

(DUKEA sartzen da fraile-mozorropean.)

 

PREBOSTEA: Gabon, ene aita!

DUKEA: Gaueko espiritu hoberenek eta garbienek ingura zaitzatela, preboste zintzo hori! Nor etorri da hona azken aldian?

PREBOSTEA: Inor ez geldi-deia jo denez geroztik.

DUKEA: Isabela ere ez?

PREBOSTEA: Ez.

DUKEA: Orduan berandura gabe etorriko dira.

PREBOSTEA: Ba al dago errekurtsurik Klaudiorentzat?

DUKEA: Bakarren batzu itxaropidean.

PREBOSTEA: Ministrari zorrotza dugu.

DUKEA: Ez, ez; bere justizia handiaren araberako erabaki eta epaiekin bat dator haren bizitza. Erlijiozko abstinentziaz menperatzen ditu bere baitan besteengan hain sutsuki zigortzen dituen txarkeriak. Zentzarazten ahalegintzen den gaitz horretaz kutsaturik balego, orduan tirano bat litzateke baina gauzar diren modukoak izaki, zuzena izatea besterik ez du egiten. (Atea jotzen ari dira.) Hemen datoz... (PREBOSTEA irten egiten da.) Hona hemen preboste errukitsu bat. Nekez gertatu ohi da altzairuzko bihotza duen gartzelazainak begikotasunez begiratzea gizonei. (Berriro deitu egiten dute.) Kaixo! Zer zarata da hori? Presa sartzeko gogoak ongi menperaturik dago atea durundaria halako zartakoez jotzen duena.

 

(PREBOSTEA berriro sartzen da.)

 

        (Kanpokaldetik, atean dagoen norbaitekin hizketan) Beharrezko da jarrai dadin arik eta ofiziala jaiki dadin arte barrura sarrerazteko. Oraintxe puntuan dei egin zaio.

DUKEA: Ez al duzu hartu kontragindurik Klaudiorentzat? Erremediorik gabe hil behar al du bihar?

PREBOSTEA: Ez, jauna, inolako kontragindurik ez.

DUKEA: Egunsentia oso hurbil badago ere, goiza orduko izango duzu, prebostea.

PREBOSTEA: Nahi dakiola zeruari zerbait aldekorik jakin dezazun! Halere ez dut uste kontragindurik etorriko denik. Sekula ez dugu ikusi anitzeko jarraibiderik. Gainera, justiziaren egoitzan bertan Angelo jaunak berak aditzera eman du jendaurrean alderantzizkoa.

 

(MEZULARIA sartzen da.)

 

        Hemen da Zure Jauntasunaren gizona.

DUKEA: Eta Klaudiorentzako barkamena dakar.

MEZULARIA: (PREBOSTEAri paper bat eskuratuz.) Ene jaunak ohar haur bidali dizu eta nire ahoz gehitzen dio zipitzik ere ez aldentzeko bere aginduetatik, ez denboraz, ez xedez, ez gainerako xehetasunetan. Honenbestez, egun on, ia goizaldea delakoan bait nago.

PREBOSTEA: Men egingo diot. (Irten egiten da MEZULARIA.)

DUKEA: (Aparte.) Bere barkamena da; bekatu batez erositako barkamena, barkatzailea bera gaizkide delarik. Hain bizkor ibiltzen da gaitza goi-agintariengandikoa denean. Txarkeria bihozpera denean, hain urrun joaten da bihozperatasuna non gaizkiari berari zaion maitasunarengatik jai egiten zaion gaiztaginari. Tira, jauna zer berri dago?

PREBOSTEA: Esana nizun; Angelo jaunak seguraski pentsaturik epelkeriarekin ari nintekeela neure eginbidean, ohi ez bezalako iradokipen honekin esnatzen nau, nire iritzian bitxi samarra denarekin, zeren orain arte sekula ez bait du egin honelakorik.

DUKEA: Ikusagun ohar hori, arren eskatzen dizut.

PREBOSTEA: (Irakurriz.). «Alderantzizko gaztigurik ematen bazaizu ere, ardura zaitez Klaudio lauretan exekutatua izan dadin eta Bernardino arratsaldean; nire atsegin handiagorako bidal bekit Klaudioren burua bostetan. Agindu hauek zehazki bete daitezela, eta jakizu exekuzio hau oraingoz esan diezazukeguna baino gehiaho inporta dela. Honela, ez huts egin zeure eginbeharretan; zeure arrisku eta perilez erantzun beharko duzu haietaz». Zer diozu honetaz, jauna?

DUKEA: Nor da arratsaldean exekutatu behar den Bernardino hori?

PREBOSTEA: Jaiotzez bohemiarra da, baina hemen hazi eta hezia. Orain bederatzi urte gartzelan dago.

DUKEA: Nolatan kanpotik den dukeak ez du askarazi edo exekutarazi? Entzun dudanez horrela jokatzeko ohitura omen zuen.

PREBOSTEA: Beraren adiskideek beti lortu izan dituzte luzamenduak eta izan ere, Angelo jaunaren agintaldira arte haren deliktua bera ere ez zegoen oso ziur.

DUKEA: Eta orain ziurra al da?

PREBOSTEA: Begibistakoa, eta bere ahoz aitortua.

DUKEA: Eta presondegiko bere portaeraz adierazi al du damu-zartzurik? Erasana al dirudi?

PRESBOTEA: Moskorraldi bateko loari baino beldur handiagorik ez dio heriotzari; arduragabe, axolakabe, iraganaren presentearen edo etorkizunaren beldurrik gabe; heriotze-idearen aurrean sorgor, eta etsita doa heriotzaren aurretik.

DUKEA: Ba al du kontseilu premiarik?

PREBOSTEA: Ez du bat ere entzun nahi. Beti izan du askatasuna presondegian. Ihes egiteko baimena emanez gero, ez luke ezer egingo. Orditurik egoten da egunean zehar behin baino gehiagotan, eta egun batzutan zehar ere bai. Sarritan esnatu izan dugu, heriotzera eramateko bezala, exekuxio-ordena faltsua erakutsiz; zirkinik ere ez dio eragin.

DUKEA: Geroago hitzegingo dugu horretaz berriro. Prebostea, zure bekokian idatzirik dago: jatortasuna eta irmetasuna. Irakurtzen ez baldin badakit, iruzur handia egiten dit nire aintzinako esperientziak, baina neure zuhurtasunaz fidaturik, menturara arriskatzen naiz. Klaudio, zeina exekutatzeko ordena eman dizuten, Angelo, kondenatu duena baino errudunago ez da legearen aurrean. Nire hitzen zentzua zalantzarik gabe ulerterazteko, lau eguneko epea besterik ez dizut eskatzen, eta horretarako mesede bat egin behar didazu, berehalakoa eta arriskutsua izango dena.

PREBOSTEA: Arren, jauna, zertan datza?

DUKEA: Heriotza atzeraraztean.

PREBOSTEA: Ai! Nola egin nezake, ordua izendaturik eta agindu zehatza ditudalarik, neuk erantzuteko zigorpean, Angeloren begien aurrean haren burua jartzeko? Izpirik txikienean hausten badut agindu hau, Klaudioren kasu berean jartzen dut neure burua.

DUKEA: Nire ordenako botuarengatik segurtatzen zaitut arrisku guztitik, nire esanak gidaritzat hartu nahi baldin badituzu behintzat. Goiza iristean exekuta bedi Bernardino eta bidal bekio haren burua Angelori.

PREBOSTEA: Angelok biak ikusita dauzka eta ezagutu egingo du aurpegikera.

DUKEA: O, heriotza desitxuratzaile handia da, eta oraindik lagundu egin zeniezaioke. Burua murriztu eta eta bizarra nahasi. Esan kondenatuaren nahia zela horrela burua murrizturik edukitzea hil aurretik. Dakizunez sarri gertatzen den gauza da. Egintza honetatik halabeharrez eskerronaz eta fortuna zoriontsuaz apartekorik etorriko balitzaizu, neure debozioko santuarengatik arduratuko naiz neure bizia arriskatuz zu defenditzeaz.

PREBOSTEA: Barkaidazu, ene aita ona, honelako egintza bat nire zin-hitzaren kontrakoa da.

DUKEA: Dukeari egin diozu zin hala haren ordezkoari?

PREBOSTEA: Dukeari eta haren ordezkoei.

DUKEA: Dukeak onartzen badu zure portaeraren justizia, inolako irainik egin ez duzulakoan geratuko zara, ezta?

PREBOSTEA: Baina nola gerta liteke holakorik?

DUKEA: Ez da gerta litekeena baizik eta ziur gertatuko dena. Hala ere, hain beldurti ikusten zaitudanez gero, non ez nire abituak, ez nire ondrautasunak ez nire erreguak makurraraz zaitzaketen behar adina, hasieran pentsaturik neukana baino urrunagora joko dut, zure beldur guztiak uxatzearren. Begira jauna, hemen dago dukearen eskua eta zigilua ere. Ezagutzen duzu idazkera, zalantzarik ez dut horretan, eta zigilua ez zaizu ezezaguna gertatzen.

PREBOSTEA: Bata eta bestea ezagutzen ditut.

DUKEA: Letra honen edukina dukearen itzuleraz ari da; geroago zeure gogara irakurriko duzu berriro era bertatik ikusiko duzu dukea bi egun barru berriro hemen izango dela. Angelok ez daki albiste honen berri, zeren gaur bertan hartuko bait ditu agian dukearen heriotza iragartzen duten gutun bitxi batzu, edo agian monastegiren batean nola sartuko den; baina aparteko zori batez hemen idatzita dagoenik ezertxo ere ez. Ikus, artizarra, jaikitzen ari dela, artzainari deika. Ez jarri espiritua oinazetan gauza hauek nola gerta litezkeen jakin nahiz. Zailtasun guztiak errazak dira, ezagutu ondoren. Dei egiozu zeure exekutatzaileari eta erorrerazi Bernardinoren burua; berehalaxe aitorketan entzun eta egoitza hoberako neure oharrak egitera noakio. Txunditurik zaude oraindik baina gutun honek uxatuko ditu zure zalantza guztiak. Abia gaitezen; ia eguna argitzera doa. (Badoa.)

 

 

III ESZENA

 

Presondegia

 

(POMPEIO sartzen da.)

 

POMPEIO: Hainbeste ezagupide ditut hemen nola geure lanbideko etxean; Overdone andrearen etxean bertan dagoela pentsa lezake batek, izan ere hemen bait daude aintzinako bezero asko eta asko. Aurrena Rash mutil gaztea dago estraza-paper eta zingiber zaharrezko pardel bat jaso duelako, giltzapeturik, guztira ehun eta larogeita hamazazpi libra balio zuena, zeinetarik bost marko saldu dituen, esku-dirutan. Arranopola, zingiberrak ez zuen izan eskari handirik orduan, atso zahar guztiak hilak bait ziren. Zilipurdi jaun bat ere bazegoen hemen, Hirubilo jaun kinkailariak eskaturik, zetazko lau jantzi muxika-kolorezkorengatik, orain eskale-mailara eraitsi dutelako, itzalpean zegoena. Gero Konkortu eta Zineder jaun gazteak ditugu, eta Kobrezproin eta Lekaiogose, ezpatoi eta puinalarekiko, eta Ondoebaki jauna, ezpataria, eta Airubeta jaun kementsua, bidaiari porrokatua, eta Ahalerdi istiluzalea, Pinttori sastadak eman dizkiona, eta oraindik beste berrogei gehiago, gure merkatuaren bezero handiak denak, orain hemen «karitatez, anaia» esatera beharturik daudenak.

 

(ABHORSON sartzen da.)

 

ABHORSON: Alproja hori, ekar ezazu hona Bernardino.

POMPEIO: Bernardino jauna! Beharrezko da altxa zaitezen urkamendira joateko! Bernardino jauna!

BERNARDINO: (Barrutik.) Nafarreriak estutuko ahal dizu lepoa! Nor dabil horrelako zarata egiten? Nor zara?

POMPEIO: Zure adiskidea, jauna; borreroa. Izan zaitez zintzoa jaiki eta hiltzeko erraztasunak ematen.

BERNARDINO: (Barrutik.) Alde hortik, alproja halakoa, alde! Logurea dut!

ABHORSON: Esaiozu esnatu egin behar duela, eta bizkor gainera.

POMPEIO: Arren eskatzen dizut, Bernardino jauna, esnai egon zaitez hilko zaituzten arte; gero egingo duzu lo.

ABHORSON: Sartu eta ateraraz ezazu.

POMPEIO: Badator, jauna, badator; entzuten dut ahotzaren hotsa.

ABHORSON: Trangoaren gainean al dago aizkora, alproja?

POMPEIO: Erabat, jauna.

 

(BERNARDINO sartzen da.)

 

BERNARDINO: Kaixo, Abhorson! Zer berri dago?

ABHORSON: Egia esan, jauna, zeure errezoak egin zenitzan nahiko nuke; izan ere, begira, heldua da zure herio-ordena.

BERNARDINO: Alproja halakoa, gau osoan edaten aritu naiz eta ez nago prest.

POMPEIO: Ene! Hobeto oraindik, jauna! Gau osoa edaten aritu eta goizean goiz urkatzen dutenak, biharamunean askozaz hobeto lo egin bait dezake atxur eta guzti.

ABHORSON: Hara, jauna; horra non datorkizun arimako aita. Txantxetan orain ere? Zer delakoan zaude?

 

(DUKEA sartzen da, lehen bezala mozorroturik.)

 

DUKEA: Nire karitateak eraginik, hain bizkor mundu honetatik alde egin behar duzula jakitean, neure kontseiluak, neure kontsolamenduak eman eta zurekin otoitz egitera etorri naiz.

BERNARDINO: Ni, anaia? Ez ekinahalean edan dut gau osoan eta denbora luzeagoaren premia daukat neure burua prestatzeko. Bestela, zanpa nazatela, egurka. Ez dut emango gaur hiltzeko baimenik; hauxe da egia.

DUKEA: Ene, jauna, beharrezko da. Beraz, arren eskatzen dizut, pentsa ezazu egin behar duzun bidaian.

BERNARDINO: Zin egiten dizut ez dagoela munduan inor gaur hiltzera makurreraziko nauenik.

DUKEA: Baina entzuidazu...

BERNARDINO: Hitzik ere ez; zerbait esatekorik baduzu, zatoz nire zeldara, gaur ez bait naiz aterako bertatik. (Badoa.)

DUKEA: Ez da gauza ez bizitzeko eta ez hiltzeko! O, harrizko bihotza! Jarraitu, ene adiskideok, eraman urkamendira.

 

(ABHORSON eta POMPEIO ateratzen dira.)

 

(PREBOSTEA sartzen da.)

 

PREBOSTEA: Ikusagun, jauna. Nola aurkitu duzue presoa?

DUKEA: Gizon hori ez dago inola ere prest, ez dago gertaturik heriotzerako; benetan kondenagarria litzateke dagoen egoeran mundu honetatik irteneraztea.

PREBOSTEA: Hemen, gartzela honetan, ene aita, sukar anker batez hil da gaur goizean Ragusako pirata sonatu bat, gutxi gorabehera Klaudioren adinekoa; bizarra eta ilea haren kolore berekoak ditu. Baldin eta gaiztagin hori lasai utzi hiltzeko hobeto prestaturik egon arte eta ordezkariaren aginduak beteko bagenitu, ragusatar horren buruaren bitartez, Klaudiorenaren antz handiagoa bait du...

DUKEA: O, hona hemen zeruak bidaltzen digun aukera bat! Lehenbailehen egizu eginbehar hori! Hurbil dago Angelok jarritako ordua! Ardura zaitez lepoa moztu diezaioten eta hartutako eginduen arabera bidal dezaten, bitartean ni kirten gizajo hori prestatzera noa gogo onez hil dadin.

PREBOSTEA: Hau berehala egingo da, ene aita ona, baina Bernardinok gaur arratsaldean hil behar du. Eta nola moldatuko gara Klaudro babesten jarraitzeko, oraindik bizirik dagoela jakinez gero, gainara eror dakidakeen arriskutik neure burua salbatzeko?

DUKEA: Egizu hau: jar itzazu Bernardino eta Klaudio zelda ezkutukoetan; eguzkia bi bider bere ohizko bisita egin baino lehen bizakiei, segurtaturik ikusiko duzu zeruen burua.

PREBOSTEA: Erabat fidatzen naiz zutaz.

DUKEA: Bizkor, lehenbailehen bidal iezaiozu Angelori burua.

        (PREBOSTEA ateratzen da.) Eta orain prebosteak eramango dizkion gutunak idatziko dizkiot Angelori, eta berauen arabera jakingo du herrialdetik hurbil aurkitzen naizela eta arrazoi larrien ondorioz, ageriki neure sarrera egin beharrean aurkitzen naizela, hiritik lekoa batera dagoen iturri sagaratura itxarotera etor dakidan neure gogoa agertuko diot, eta handik, piskanada eta patxadaz, agerian jarriko dugu Angelo.

 

(PREBOSTEA berriro sartzen da, ragusatarraren buruarekin.)

 

PREBOSTEA: Hemen dago burua. Neronek eramango dut.

DUKEA: Hala komeni da. Bizkor itzuli, ze zure belarriek bakarrik jakin beharreao gauza batzu aditzera eman behar dizkizut-eta.

PREBOSTEA: Albait lasterren gauzak egitera noa. (Badoa.)

ISABELA: (Kanpotik.) Kaixo, bakea bedi etxe honetan!

DUKEA: Isabelaren ahotsa da. Anaiaren barkamena iritsi den jakitera dator; baina ez diot emango zorionaren berri, gutxien espero duenean etsipena poz zerutiar bihur dakion.

 

(ISABELA sartzen da.)

 

ISABELA: O, zure baimenarekin!

DUKEA: Egunon, ene neskatxa eder eta atsegin hori!

ISABELA: Hainbat diosal hobea, hain gizon santuak egiten didalarik! Ordezkoak bidalia al du nire anaiaren barkamena?

DUKEA: Jaregin egin du mundutik, Isabela; dagoeneko erori da haren burua eta Angelori bidali zaio.

ISABELA: Nola! Ezina da!

DUKEA: Ez da besterik gertatu. Erakutsi zeure zentzua edozertarako etsipenarekin, ene alaba.

DUKEA: Ez dizute utziko haren aurrera agertzen.

ISABELA: Klaudio gizajoa! Isabel gaisoa! O, mundu bidegabea! O Angelo madarikatua!

DUKEA: Hasperen horiek ez diote betere kalterik egiten, eta zuri ere ez dizute mesede izirik egiten; beraz utz itzazu bertan behera eta zeruaren eskutan jar ezazu zure kausa. Gogoan har ezazu esatera noana: egia huts-hutsa dela ohartuko zara azken zipitzeraino. Bihar dator dukea; xukatu zeure begiak, beraz. Gure komentuko anai batek, haren aitor-entzulea denak, abisu hau eman dit; dagoeneko eramana die albistea Angelo eta Eskalori eta hauek prest daude hiriko ateetara etorri eta aginpidea bihurtzeko. Ahai baldin baduzu, zentzu onaren erara jar ezazu zeure egonarria, bertatik ikusi nahi bait nuke ibiltzen, eta kitaturik geratuko zara makur horren lepotik, dukearen faborea, bihotzean duzun mendekua eta guztien estimua lortuko dituzu.

ISABELA: Zure gidaritzapean jartzen naiz.

DUKEA: Orduan, eramaiozu gutun hau anai Pedrori; Dukea berriro nola datorren esaten didan hura bera da. Esaiozu ezaugarri honen bitartez, gaur gauean Marianaren etxean lagun egin diezadan nahi dudala. Xehetasun guztiekin emango diot Marianeren kausaren berri, eta baita zurearena ere, eta berak Dukearen aurrera eramango zaitu. Beraren aurrean salatu zuk Angelo, irme eta gogor. Niri dagokidanez, gizajo honi, botu sakratu batek derrigorrean behartuko nau kanpotik ibiltzera. Zoaz gutun honekin; aurreratzean ez zaitez fida nire ordena santuan zure jokaera gaizki gidatzen badut. Nor dabil hor?

 

(LUZIO sartzen da.)

 

LUZIO: Arratsaldeon, anaia; non da prebostea?

DUKEA: Ez dago hemen, jauna.

LUZIO: O, Isabela prestua! Zurbil geratzen zait bihotza zure begiak hain gorriturik ikustean! Izan egonarria. Hona non nagoen ia beharturik bazkari-afariak urez eta zahiz egitera; ia ez naiz ausartzen sabela betetzera, burua galtzearen beldurrez afari mardulegiak maitasuna egitera zirikatuko ninduke. Baina dukea bihar omen dator. Benetan, Isabela, nik maite nuen zure anaia; zirkilu ilunetako mamua den duke zahar hori egon izan balitz hemen, zure anaia bizirik legoke oraindik. (Badoa ISABELA.)

DUKEA: Jauna, dukea oso zordun zaizu zure aipamenengatik; zorionez haren izen ona ez dago berorien batean.

LUZIO: Anaia, ez duzu ezagutzen dukea nik bezain ongi; zuk uste baino egurgile askoz hobea da.

DUKEA: Ongi dago; egunen batean eman beharko duzu zeure hitzen kontua. Ongi izan zaitezela.

LUZIO: Ez, zaude piska batean. Zurekin noa; istorio politak kontatuko dizkizut dukeari buruz.

DUKEA: Dagoeneko nahikoa eta gehiegi esan dizkidazu, egia baldin badira, jauna, eta gezurrak esatekotan, hobe zenukeen batere ez esan izana.

LUZIO: Behin baten beraren aurrera eraman ninduten neskatxa bati haurra egin niolako.

DUKEA: Egin al zenuen halakorik?

LUZIO: Bai, arrania, egin nuen; baina ukatu beharrean aurkitu nintzen; bestela mizpirondo ustel horrekin ezkoneraziko ninduketen.

DUKEA: Jauna, zure lagunartea ez da atsegina bezain jatorra. Ongi izan zaitez.

LUZIO: Alafedea, zurekin joango naiz ibilpidearen amaieraraino; Lupar-kontuek min egiten badizute, ez dugu askorik aipatuko. Egia esan, anaia, gardulatz antzeko zerbait naiz, zizta egiten dut. (Badoaz.)

 

 

IV ESZENA

 

Angeloren etxea

 

(ANGELO eta ESKALO sartzen dira.)

 

ESKALO: Gutun hauetariko bakoitzak ezeztatu egin du bestea.

ANGELO: Modurik kontraesankor eta zentzugabeenean. Beraren egintzek zorakerien antz-antzekoak dira. Nahi dakiola zeruari haren zuhurtzia ez kutsatzea. Eta zergatik agintzen digu bila joateko ateetara eta bertan gure botereak bihurtzeko?

ESKALO: Ez diot antzematen.

ANGELO: Eta zergatik aldarrikarazten digu bera sartu baino ordu bete lehenago bidegabekeriaren batengatiko kitapena nahi duen guztiak bere eskaria kalean egin beharko duela?

ESKALO: Ematen du horren arrazoia; kexabide guztiak behigoan garbitzeko eta aurkako esamesa guztietatik libre gera gaitezen, izan ere une horretatik aurrerantzean ez bait dute izango indarrik gure kontra.

ANGELO: Oso ongi, arren eskatzen dizut, eman aldarria agiteko ordenak. Goiz joango natzaizu etxera bila. Gaztigatu noble eta kargundu guztiei bila irten behar dutela bidera.

ESKALO: Banoa horretaz arduratzera, jauna. Ongi izan.

ANGELO: Gabon (Badoa ESKALO.) Egintza horrek zentzu guztiak nahasten dizkit, tentel eta gauzeztan bihurtzen nau edozer arazotarako. Birjina bat desloraturik! Eta haragikeriaren kontra legea zorrotz ezarrerazi duena desloraturik! Zorionez, bere lotsortatun herabetiak ez dio utziko galdutako birjintasuna aitortzen; hori gabe nola ausartuko nintzateke? Ez, arrazoiz ez da ausartuko; zeren eta nire aginpideak hain sinesgarritasun handia bait du bere baitan, non inolako eskandalu pribatuk ezin lezakeen erasan akusatzailea aldi berean zanpatu gabe. Klaudio biziko zatekeen baldin eta nik beldurra izan ez baino, beraren gaztetasun zurimolatsuak, herrazko sentipen arriskutsu batek isileraziak. Etorkizunean mendekatu nahi izango zuelakoari halako laidoaren truke bizitza ohoregabe bat erosi izana. Hala ere, nahiago nukeen bizi izan balitz! Ai! Geure ohoreaz ahazten garen puntutik, ezer ez da zuzen ateratzen. Nahiko genuke eta ez genuke nahiko.

 

(Badoa.)

 

 

V ESZENA

 

Hiritik kanpora, landan

 

(DUKEA sartzen da bere ohizko jantzitan eta anai PEDRO.)

 

DUKEA: Garai egokian eman gutun horiek. (Gutunak entregatzen dizkio). Prebosteak badaki gure helburu eta asmoen berri; gauzak beren bidetik doazelarik, adi egon gure esanetara eta sendo iraun xede nagusiarekiko, nolanahikoak direlarik ere abagaduneak eragin diezazkigukeen aldaketa guztiak gorabehera. Tira, deitu Flavioren etxea, eta esan non aurkitzen naizen. Abisu bera eman Balentino, Erroldan eta Krasori ere, eta tronpetak hiriko ateetara eraman ditzaten agindua eman; baina aurrena Flavio bidalerazi.

PEDRO: Albait lasterren egingo da dena. (Badoa.)

 

(VARRIO sartzen da.)

 

DUKEA: Eskerrak ematen dizkizut, Varrio; bizkor egin dituzu gauzak. Tira, goazen biok paseatzera. Gure adiskideetariko beste batzu hemendik gutxira elkartuko zaizkigu, ene Varrio laztana.

 

(Badoaz.)

 

 

VI ESZENA

 

Hiriko ateen ondoko kale bat

 

(ISABELA eta MARIANA sartzen dira.)

 

ISABELA: Nazka ematen dit hainbeste itzulingururekin hitzegin beharrak. Egia esan nahi nuke. Horrela akusatzea zure paperean legoke; halere, gure benetako jokoa ezkutatzearren gomendatzen dit anaiak honela jokatzea.

MARIANA: Zabiltza beraren gidaritzapean.

ISABELA: Gainera, esaten dit menturaz nire kontra etsaiaren alde jartzen ikusita ere, ez harritzeko, sendagai mingotsa izango litzatekeela, baina ondorio gozoak izango lituzkeena.

MARIANA: Nahi nuke anai Pedrok...

ISABELA: O, isilik! Badator frailea. (Anai PEDRO sartzen da.)

PEDRO: Zatoz, itxaro-leku egokia aurkitu dizut geure asmoa lortzeko, eta bertan dukearengandik oso hurbil egongo zara eta ezin izango du igaro albotik zu ikusi gabe. Tronpetek bi aldiz jo dute. Hiritar nobleen eta garrantzizkoenak ateetan kokaturik daude eta dukea bere sarrera egiteko zorian dago; horregatik, alde egin dezagun hemendik; alde egin dezagun; (Badoaz.)

 

aurrekoa | hurrengoa