ASTOLASTERRAK Astolasterrak hitza hautatu dugu komeria hauen izen buru bezala, eta ez xaribariak, ezagutu ohi zutenek mende honen haseran, honela deitzen omen zituztelako, eta xaribari hitza, nabari denez arrotza delako. Noski, ohitura hau ezta soilki Euskalerrikoa, Provence-n Tarivari, Katalunyan Esquellotada, eta Kastillan «cencerrada» hitzez ezaguna baita, eta Euskal Herrietan ere tupina-usu, tobera mustra, karrosa eta beste izenez ere bai. Hauen lehen berria 1313. urtekoa dugu, hain zuzen, eta Nafarroako Lizarra herrian eman ohi zen. Gero, bai eleizaren kontzilioek eta bai gobernuen parlamentuek debekatu ohi zituzten, eskandala eta ohitura onen aurka zihoazen antzezkizunak zirela edo aitzakitzat harturik. Astolasterrak desusuko ezkontza bat sortzen zenean: zahar bat gazte batekin, protestanta bat katolika batekin, edo bikote baten harremanetako nolapaiteko eskandala barreiatzen zenean herrian zehar, eraikitzen zen. Gazteria hasten zen hazienda guztiari beren zintzarriak, joaleak, tunturroak kentzen, adarrak prestatzen, eta koblakari batek senar-emazte gaztigatuaren aitzinean bertso batzu paratzen zituen, oihu, algara eta garrasi artean. Ondoren ez bazuten haien isiltzea diruz erosten, komeria ziztakor eta irrigarri bat sofritu beharrean aurkitzen ziren. Hauetako batzu dakartzagu hona. Oso gutti dira pastoralekin gonbaratuz, ezen debekatua zegoen haien gontserbatzea eta mendekioak ere latzak zitezkeen. Badirudi ohitura hau pilota eskubidearen ondare bat dela, zeinaren arabera berrezkontzen zen alargun orok, edo ezkondu arrotz guztiek bere senarraren herrian ordaindu behar zuten zerga bat zen. Eta errito garbitzaile baten antzera bizi ziren. Anitzetan, aipatzen den bezala exenplu lirateke, exenplu txar emaileen aurka onbidera zitezen, baina adibidean badirudi gazteria gehiegikerietara erortzen zela, errealismoaren eraginez, noski. Literatur balioen ikuspegitik ikertzen baditugu obrok, Julio de Urkixoren eritziz bere hizkuntza «libre grosero» bada, Xuberoako mintzairaren ispilu garden eta aratz bezala jo dezakegu, pastoralek baino hobekiago (hauek frantsez liburuetarik itzulikatuak zirenez gero) azaltzen dituztelarik: hikako aditz jokoak, atsotitz eta esaldi bitxiak, sexo harremanak, jan-edanak, jokoak, sineste zaharrak, madarikazione eleak, hizkuntza nahasteak, etabar. Gauza guztiok antzezkizunari halako bizitasun, gordintasun eta arintasuna bat demaiote, beste obretan aurki ezin daitezkeenak, beren graziaz irrifarre etengabea sorraraziz. Aurkezten ditugun astolasterrak egungo grafiara aldatu ditugu, irakurlearen ulertze lana errazte arren, baina bestela hizkuntza batere ukitu gabe. Antzina-antzinako herri antzerki hauekin bai euskarari eta bai antzertiaren kondairari, aurre-eritzi moralak alde batetara utziz, zerbitzu xume baina interesgarri bat eskaintzen diegulakoan gaude. PATRI URKIZU |