|     67 zenbakia, 1984ko ekaina [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

VIII.
PIARRES ADAME,
ASTOLASTERREGILE

 

Baionako Herri Liburutegiko
88. eskuzkributik itzulia.

 

        Duela hirurogei urte bazen gizon bat [1] Turrut-Arrosa izengoiti bezala zuena, Arrosaeneko semea eta bertako nagusia zena, laugarren aldiz ezkontzera zihoana.

        Hiru lehen emazteak hil egin zitzaizkion eta bera urtetan sartua izan arren laugarrena hartzeko asmotan zebilen.

        Sarako gaztedi guztiak erabaki zuen, beraz, ohiturari jarraituz joko edo/eta farsa irrigarri bat paira zezan. Gau oro Arrosaeneko atarian biltzen zen eta hantxe adar-turrutak jotzen zituen, eta Donapaleuko eta Zuraideko gazteak ere batu zitzaizkien Saratarrei elkarrekin soinu instrumentak joaz.

        Turrut-Arrosak laugarren emaztea hartu zuenean Sarako gaztediak erabaki zuen asto laster bat herriko plazan eginen zitzaiola, bertako ospakizun eta festak diru zenbaiten xahutzea ekarriko bazien ere.

        Iritsi zenean eguna, Sarako plaza jendez beterik zegoen. Gaztedia prestatua zen Ixtilarteko auzoan, eta jaitsi zen herrira.

        Atabal nagusia Jean Louis Mikeleperitz izenez aurrena zihoan, eta bere gibeletik tropa guztia ezkondu berrien bikote bat inguratuz. (Turrut-Arrosa eta bere emaztea idurikatzen zutenak.)

        Plazan antzoki bat eraikirik zen eta bertan Piarres Adame, Sarako bertsolari famatua zegoen. Antolaturik zegoen ere epai mahai bat, Turrut-Arrosa juzkatu behar zuena. Epai mahai honek bazuen zaldizko kurrier bat paperak zeramatzana, eta berandu zetorrena. Lehendakariak zaldun hori bidali zuen Sorhoteneara eta haren aitzinean erori zen. Orduan Piarres Adamek bertso hau kantatu zuen:

 

                Jaun jujeak igorri du kurrier berria,

                Ustez eta izanen den lehengoa baino hobia

                Sorhoteneko atean dago zalditik eroria.

 

        Epai mahaiak Turrut-Arrosa zikiratu egin behar zela erabaki zuen, eta erabakia betetzera prestatu ziren. Zikiratzaile Piarres Urtte zen, bere erramintekin, urarekin eta gatzarekin aurreratu zena. Jarri zuten epaitua, Ur-Txoko izenekoa, mahai baten gainean bortxaz, noski, eta garrasi eta oihu handien ondoren zikiratu zuten. Orduan plazara xahal baten barrabilak bota zituzten Turrut-Arrosarenak bailiran. Une honetan, Piarres Adamek beste bertso hau abestu zuen:

 

                Berriz gerthatzen bada okasione horretan,

                Bizirik ehortzi beharko dik Tteilariako errekan,

                Eta besta eder bat egin jaun horren ohoretan.

 

        Turrut-Arrosaren emaztea haur esperantzetan baitzegoen, haur izatearen min eta oinazeak itxuraztu zituen eta Donapaleuko medikua erakarri zen, Latapie izenekoa. Honek bere kontseiluak eman zizkion gaisoari, katu batekin oherazirik. Katu gaiso honek izigarriak pairatu zituen populuarengandik ihesegiteko, eta orduan Piarres Adamek beste bertsuok ondu zituen:

 

                Latapie jaunak ederki

                Nola futre sakerdi

                Gizon gibel zurien andrerik

                Ez ditake ongi erdi.

 

        Eta honelaxe, bada, gutxi gora behera, amaitu zen komeria hau, dantza eta beste libertimenduekin batera.

 

Patri URKIZU

 

        [1] Eskuzkribua 1882. urtekoa denez gero badirudi gertakizuna 1820. urte inguruan izan zela.

 

aurrekoa | hurrengoa