|     78 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

HITZAURREA

 

        1623an, Shakespeare hil eta zazpi urtera, argitaratu ziren lehendabiziko aldiz haren teatro-obrak, hau da, «First Folio» ospetsua. Bilduma honetako hogeitamasei lanen artean, normalean Shakespearen sorkuntza osotzat hartzen den lan honetan, agertu zen ENDRIKE VIII ere.

        Nahiz eta hemezortzigarren mendean zehar adituren batek edo bestek aipatu izan zuen, obra honetako zenbait pasartek ez zuela Shakespearen kutsu edo tankera handirik, hala eta guzti ere berrehun urte pasatxoz inork ez zuen zalantzan jarri Shakespeare zela beronen gurasoa.

        Baina, 1850ean, James Spedding jakitunak artikulu bat argitara eman zuen («Who wrote Shakespeare's Henry VIII?») esanez obra honetan bi estilo zeharo desberdin ageri zirela: bata idazkera metaforiko biziki konplexuz egina eta bestea lauago, motelago eta lausoagoz egina. Jakitun honentzat, azken estilo hau John Fletcher, Shakespearen lankideari, zegokion bete-betean. Harrez gero izan da eztabaidarik adituen artean obra honen gurasotzaz.

        Alde eta aurkako iritzi guztiak gorabehera, gauza da egia jakiteko arrazoirik gehiena zuten bi pertsonek, Shakespearen lankide hurkoak ziren Hemeninge eta Condellek, berarena zelako ustetan sartu zutela ENDRIKE VIII bildumaren barruan eta iritzi honen aurka ez dago arinegi jartzerik.

        Antzerki historiko baten bi osagai funtsezkoek ez dute oso ongi elkar hartzen, hau da, edukin dramatikoa eta edukin historikoa bihurri samar konpontzen dira bata bestearekin. Dramak, egokia izatekotan eta biribiltasun baten jabe, egoki taxutua eta eraikia izan behar du, Aristotelesek tragediari buruz zioen hura bete behar du nolabait ere, hasiera, erdigunea eta amaiera eskainiz.

        Historiak, berriz, ez du izaten horrelako egiturarik. Errege-erreginak, gidari militar eta politikoak aintzara igotzen dira eta ondoren ilunpetara jaisten dira; arrakastarik distiratsuenaren jabe bihurtzen dira edota porrotaren hauts mingotsa jan beharrean aurkitzen dira eta atergabeko igarotze honetan ez dirudi eredu jakin bat nabarmentzen denik. Gizabanakoaren bizitzak badu hasiera, erdigunea eta amaiera, baina nazioaren bizitzak ez du ez hasierarik ez amaierarik jariatze jarraitua bait da.

        ENDRIKE VIII obra honetan bi alderdiok zaindu beharrean gertatu zen W. Shakespeare: dramagile zen neurrian teatro-lanari biribiltasuna eman behar zion eta historialari zen heinean, berriz, izate historikoaren atergabetasuna ere nolabait iradoki beharra zeukan.

        Eta nola lortu elkarren etsai diruditen bi eskakizun hauek uztartzea? Alde batetik, hasiera, erdigunea eta amaiera dituen teatro-lan baten itxura emanez baina aldi berean, prozesu historiko jarraitu baten atal edo osagai delako inpresioa sorteraziz, lehen eszena baino lehenagotik datorren zerbait baitlitzen eta azken eszenaren ondoren ere jarraituko duen zertasun gisa aurkeztuz.

        Abagadune diplomatiko ospetsu baten ondoren, Endrike Vlll eta Frantziako Frantzisko I-aren arteko topaketa 1520an ospatu ostean hain zuzen, kokatzen da obraren hasiera. Topaketa historiko honen bitartez, formalki bederen, bukaera eman zitzaion bi herrialdeen arteko etsaigoari.

        Bestalde, ez dezagun ahaztu Shakespearen azken aldiko obra dugula, 1608tik 1613ta doan epealdikoa eta baretasun gurenezko obrak sortu zituen Willian Shakespearek tarte honetan: KORIOLANO, TIMON ATENASEKO, NEGUKO IPUINAK, eta EKAITZA. Oro har, azken aldi honen ezaugarriak eman beharko bagenitu, oreka eta patxada, melankolia lauso garratza eta filosofia jasankor eta eszeptiko samarra direla aitortu behar izango genuke.

        Obra honetan nabarmena da eszenografiaren arazeria, luxua, ponpezia eta faza. Kontutan har bedi Shakespearen azken aldi honetako sorkuntza guztietan nabarmentzen dela ikuskizun distiranteak eraikitzeko joera, nahiz eta garai haietan urri samar zebiltzan dekorazioz.

        ENDRIKE VIII obra honetan gure egunotan eszenografiari dagokionez nabarmena den joera garbi agertzen da: ohi baino ezena edo koadro askozaz gutxiago dago, egintza nahikoa urria da eta hitz-jarioa oparoa. Mintzaira ez da beste zenbait obratakoa bezain indartsua, kontakizunera eta filosofia praktikora isuriagoa bait da.

        Zenbait kritikarik uste izan du ENDRIKE VIII 1601ean antzeztu zela lehendabiziko aldiz, erregina Isabelen agintaldian, baina inork ez du aurkitu froga sendorik ustekizun hau egiaztatzeko. Aitzitik, sir Henry Wottonek bere ilobari 1613an idatziriko gutun batean ikusten denez eta testua bera ongi aztertu ondoren ateratzen denez, garbi geratu da Shakespearen azken obra izan zela.

        Izan ere, Cranmeren mintzaldian Jakobo I-aren aipamena egiten da eta 1601ean, hau ez zen artean Ingalaterrako subirano. Guztiarekin ere, data honen aldekoek diotenez, Ben Johnson edo Fletcher izan omen zen obrari xehetasun hori erantsi ziona geroagoko birmoldaketa batean. Dena dela, Wottonen gutunak badu interesik, zeren eta bertan esaten bait dio ilobari «Globoa» teatroan erregeren komedianteek obra bat estreinatu dutela «All is true» (Dena egia da) titulupean, eta lehen emanaldi honetan, Wolsey kardinalaren jauregian, erregek maskarada bat sarrerazten duen unean eta kainoikadak beronen sarrera aldarrikatzen ari diren momentuan, kainoi hauek atakatzeko erabilitako paperak su eman diotela etxolaren sabaiari eta ordu bete baino gutxiagoan dena herrauts bihurturik geratu dela.

        Nabari denez, tragediak ez zeukan garai hartan gaurko titulu bera. Hau ulergarria da, izan ere Jakobo I-nak ez bait zezakeen onar bere aurrekoaren, Endrike VIII-aren izena karteletan agertzerik.

        Obraren inguruko gorabehera eta zertzelada guzti hauek eskaini ondoren, sar gaitezen bete-betean beronen edukinari buruzko irazkin batzu egitera. Lehenago aipatua dugunez, Urrezko Oihalaren Zelaia izeneko zeremoni topaketan eman zitzaien bukaera ingelesen eta frantsesen arteko burruka eta ezinikusiei. Ia bi astez iraun zuten gartaera pozkarri hauek ospatzeko antolatu ziren jaiek. Bi herrialdeetako nobleteria, bitxiz eta jantzi baliotsuz horniturik, elkartu zen bertan eta oturuntza, dantza eta ikuskari militar eta dramatikotan eman zuen denbora.

        Topaketa sonatu hau ikustean, badirudi ikusiegoa histori prozesu bizi eta indartsu baten korrontean bapatean murgildurik aurkitzen dela. Bi erregek duten elkarrikustearen deskribapenak berau antolatu zuen gizonari buruzko eztabaidara garamatza York-eko Lord Kantzelaria eta Artzapezpikua zen Wolsey Kardinalarengana. Jatorri apaleko gizona, baina ordurako herrialde osoko politikaririk indartsuena eta aberatsena bihurtu zena, eta bere hantuste eta harrokerian Erregez aparte erresuma osoa gobernatzen ari zela esanka zebilena.

        Hasierako eszenak irganaz hitzegiten digun modura, bukaerakoak etorkizuna iragartzen digu. Elizabeth, printzesa jaioberria, bataiotik eszenategira ekartzen dute eta Cranmer, Canterburyko Artzapezpikuak iragartzen du, bai berak eta bai beraren ondorengoak, Jakobo I (drama hau lehendabizikoz eszenaratzean agintzen zegoena) jakituria eta ontasunezko eredu bihurtuko zirela beren menpekoentzat, bizimodu baketsu eta oparoa eskainiz. Baina Cranmeren profezia zentzu batean baikorra den arren, ENDRIKE VIII amaitzean agertzen diren hodei beltzek ekaitz odoltsuak ekarri zituzten gerora, hain zuzen ere obra honen lehendabiziko ikusleek ongi baino hobeki egiaztatu ahal izan zutenez.

        Cranmer, obraren amaieran Wolseyren ordeko gertatzen dena, bere aurrekoa bezalaxe baztertu zuten aginpidetik eta hurrengo monarkaren erreinuan urkamendian erre zuten. Areago oraindik, Katalina, Endrikeren lehen emaztea dibortziaturik eta bazterturik aurkitu zen modura, Ana, bigarren emaztea eta Elizabethen ama, zapuztua izan zen eta lepoa mozturik hil zuten.

        «Globoa» teatrora biltzen zirenek ezagunak zituzten gertaera hauek eta ondotxo zekiten obra bera esperantzatsu amaitzen bazen ere, historia bera aurrez ezin iragarrizko garaitzapen eta derrota sail etengabea zela.

        Bestalde, berriz, Buckingham aurrena, erregina gero, Wolsey ondoren eta Cranmer azkenik aurkestean aintzatik eta boterearen gaindegietatik eroriz, historiaren mugimendua beti aurrera doalako sentsazioa sortzen du Shakespearek.

        Stratfordeko Zisnearen beste obra historiko gehienak ere antzeratsu eraikitakoak dira. RIKARDO II-ean, erregeren beherakada eta heriotzaren ondores Bolingbroken boterera igotzea dator ENDRIKE VIII-enean, Hal printzea tronura igotzeko heldutasuna lortzen ari den bitartean, Falstaff zahartu egiten da eta errege gaisotu eta hil. JULIO ZESAR obran, Kasio eta Brutok aurrena agintari den Zesar hiltzen dute eta ondoren Marko Antonioren menpean erortzen dira, obraren amaierak Oktavioren agintaldia idarokitzen duelarik. Drama historiko guzti hauetan Shakespearek bi ikuspegi desberdinetatik erakusten digu errealitatea: handinahikeriak eta hantusteak zirikaturik nork bere gurarien arabera historia kontrolatu nahi duenarenetik, eta gizabanako bakoitzaren egintzak eta helburuak denbora-epe askozaz luzeago baten argitan ikusten dituen dramaturgoarenetik.

        Porrot eginik eta heriotzatik hurbil beren buruak ikustean, Buckinham, Katalina eta Wolsey beharturik aurkitzen dira beren bizitzak testuinguru zabalago batean aztertzera eta munduko arrakastaren kaskartasuna eta gutxitasuna onartzera, horrela laster egitekoak diren bidaiarako prestamenak egiten hasirik. Pertsonaia bakoitzaren izakera eta egoera desberdinak izanik ere —Katalina zeharo errugabe da, Buckinghamen erruduntasuna edo errurik eza ez dago garbi, eta Wolsey berekoi hutsa eta ustela da— porrot egitean denak pentsakera eta barne-giro berdintsuko agertzen dira.

        Arrakasta politikoa eta materiala balio gutxikotzat jotzen dituzte zintzotasun pertsonala eta Jainkoagan fedea izatearen aldean.

        Gorabehera guzti hauen artean irmo eta tinko ageri den pertsonala bakarra erregea da. Zenbait kritikarik esan izan du indar eta benetasun handirik gabe deskribaturik dagoela Erregeren irudia eta honen sustraian arrazoi politikoa dagoela, erregina Elizabethen aitaren eta ingeles protestantismoaren estreinatzailearen akatsak agerian jarri nahi ez izatean.

        Egia da Katalina edo Wolsey batekin alderatuz gero Endrike ahulago agertzen zaigula, eta sentimendu-mugida handiegirik ez zaiola nabarmentzen, Baina inola ere ezin daiteke esan indarrik ez duenik. Oldarkoi, kementsu, eraspentsu agertzen da bere emaztearenganako baina bere albotik bidaltzeko irmo eta zalantzarik gabe aldi berean, leial eta atsegin Wolsey eta Cranmerekiko, berauek fidagarri zaizkion bitartean baina ezbairik gabe eta erabakior ematen du kondena traizioa argiratu bezain laster Badirudi, Shakespearen iritzian, egintza-gizona zela Endrike VIII, kanporakoia, suminkorra eta more txarrean jartzen zela dibortzio-tramiteei luzestean. Kanporakorak sarritan ohi duenez, barruan gordetzen ditu bere sentimentuak eta horregatik gertatzen dira hain ezin iragarrizkoak beraren haserreak eta atxikimenduak. Obra garatuz doan heinean Erregeren independentzia eta zuhurtzia areagotu egiten dira. Hain zuzen ere, Erregeren presentziak ematen dio jarraikitasuna ENDRIKE VIII obrari eta monarka gazte, erabakitsu eta bizi horrengan etorkizuneko tirano endakatua ikusteko bezain maisukiro landua dagoela esango nuke Endrikeren irudia eta adiurria.

        Azkenik, eta sarrera honi bukaera eman aurretik, bidezko ez ezik derrigorrezko derizkiogu obra honen euskarapenaz zerbait esateari. Aitor dezagun lehenik hau ez dela Shakespearen obra honetaz Euskal Herrian egin den lehen itzulpena. Hain zuzen ere, 1976an agertu bait zen Kardaberaz bilduman (12-13) «W. Shakespeare'ren Antzerki Guzti-guztiak Euskeraz». Titulupean, «Egintzak» sailean, Larrakoetxea'tar Bedita Y'ek itzulirik «Zortzigarren Endika Bakalduna». Liburuaren lege-gordailua 1976an egina dagoen arren, badakigu obra hauetariko batzu «Euzko Gogoa» aldizkarian lehenago argitaratuak direla eta «Binixa'ko Saleroslea» (The Merchant of Venice) esaterako, itzulpen-lehiaketa batera aurkeztu zuela egileak Parisa. Epai-mahaikoa zen Jon Mirandek Andima Ibinagabeitiari idatzi zionez, «lehenengo saria berari eman beharrean aurkitu omen ziren, euskaratze lana hain bikain eginda zegoelako».

        Dena den, itzulpenaren amaieran datorren datari bagagozkio, 1966an itzulia da baina euskarari dagokionean eta baita itzulpen-irizpideei ere, gerrate inguruko joera jakin baten barruan kokatu behar da euskaratzelan hau. Beraz, azken hogei-hogeitabost urteotan euskarak izan duen bilakaeraren ondorioz, hizkuntz ikuspegitik bere garairako era nabarmenak ziren muga eta zailtasunak oraindik areagotu egin zaizkiola esan genezake. Kontutan har bedi bizkaiera berezi samar batez (Arratiakoaz omen) dagoela idatzirik eta purismo estuenaren ildotik gainera. Hizkuntz eredu honek aski eragozpen ezartzen dio Larrakoetxearen itzulpenari edozein eratako bezeroei zuzendua delarik ere (eskolastikoa, unibertsitarioa, edo kritikoa) baina zeharo debekatzen du eta ezinezko bihurtzen dramatizaziorako erabili nahi bada itzulpen hau, esandagoaz gainera jatorrizkoaren formulazio linguistikoei aski lotua, lotuegia dela ikusten denean.

        Dramatizaziorako edo eszenategirako teatroaren itzulpenak, ahal denean behintzat, beti ezinezkoa gertatzen bada ere, ia itzulpena baino ere egokipen areago izan behar bait du. Hiztegia, gramatika joskera eta esaldi bakoitzarekiko leialtasuna baino areago izan behar du jatorrizko hizkuntzan arrakasta lortu zuenarekiko leialtasun. Sekula ez da ahaztu behar, hizkuntzagintzari berea zor bazaio ere, obra bakoitzaren muntaketa «happening» bat dela, jaia bat, birsortze bat eta aldi eta alde oro, aktorea eta entzule-ikuslearen arteko partaidegoan gertatzen den zerbait da hori. Beraz balio teatrala itzuli behar da aurrena, gehiegi kezkatu gabe balio poetiko edo literarioez, azken finean hauek denak beste balio nagusi horren menpean eta zerbitzutan bait daude, eta bi balio-mota hauen artean gataskarik sor baledi, lehentasuna aurrenekoari ematean Meriméek zioena egin behar dugu «Testu (idatzia) ez baizik eta obra (errezitatua) itzuli». Hain zuzen ere, puntu honetan aurkitzen diogu ahuleziarik handiena Larrakoetxearen itzulpenari, beste maila batzutan ondasun baliotsuen jabe izanik ere. Baina, arestian iradoki dugunez, itzultzaileak ezin izaten du beti nahi duen punturaino eraman egokitze-lan hori. Adibidez, muntaketa elebidunak egiten direnean (eta azken aldi honetan sarri izaten dira gure artean honelakoak) eta aktore berek bi hizkuntzatan obra bera ematen dutenean nekez urrun liteke gehiegi jatorrizkotik itzulpeneko testua desoreka eta arazoak sortu gabe. Edota, gure oraingoan kasuan bezala, itzulpenak BBC-k telebistarako sortutako produkzio baten testu bihurtu behar duenean. Gure itzulpen honek kontutan hartu behar izan du gero testu dramatizatu izan behar duela baina jatorrizko banda bisualak ezartzen dizkion hesien barruan eta horregatik ezin izan du gehiegi saihestu jatorrizko esamoldeen luze-laburretik. Beraz, itzulpen hau epaitzerakoan, muga edo baldintza hauek kontutan hartu behar dira, nahiz eta lehen helburu hori bete ondoren ETB-k eta «Antzerti»-ren zuzendaritzak, bere horretan argitaragarria dela erabaki duten.

        Behin betirako itzulpenak ez dagoela gogoraraziz eta aldian aldiko gizataldeek beren premia eta ikusmoldearen arabera berregin behar dituen testuen aurrean gaudelarik, autoreari zor zaion begirunea salbu, gaur argitara ematen dugun ENDRIKE VIII hau, Shakespearen obra hilezkorra hobeto ezagutzeko eta dastatzeko hurbilbide gerta dakion opa diogu 1985eko euskaldun teatrozaleari.

 

Xabier Mendiguren

 

aurrekoa | hurrengoa