III EKITALDIA I ESZENA Brindewelleko jauregia. Gela bat erreginaren bizilekuetan. (ERREGINA eta beronen DAMETARIKO batzu eskulanetan). KAT. ERREG: Hartu zeure lautea, neska. Nire bihotza triste dago nahigabez. Kantatu eta barreiatu ahal baduzu. Utzi zeure jostelana. KANTA: Orfeok bere lauteaz behartu egiten zituen zuhaitzak eta gailur izoztuak gur egitera kantatzen ari zela. Haren doinuekin, etengabe ernetzen ziren landareak eta loreak, eguzkiak eta euriek han betiereko udaberri bat sortu balute bezala. Hamaika gauza entzuten zuten haren akordeek, itsasoko olatuek ere makurtzen zuten burua eta ondoren etzan egiten ziren. Musika gozoan dago ahalmen hori, hil egiten bait ditu bihotzeko kezkak eta atsekabeak loak hartzen ditu, entzutean hiltzen badira. (AITONSEME bat sartzen da.) KATALINA: Zer da? AITONSEMEA: Zure baimenarekin: bi kardinal agurgarriak itxaroten dauzkazu abegi-areroan. KATALINA: Hitz egin nahi al didate? AITONSEMEA: Hala erregutu didate esan diezazudan, andrea. KATALINA: Esan beren eminentziei sar daitezela. (AITONSEMEA irten egiten da.) Zer arazo ekar ote dezakete nigana, emakume gajo ota ahul honengana, dagoeneko dohakabetasunean nagoelarik? Ez dut gogoko etorrera hori. Pentsatzen ari naiz horretan; gizon bertutetsuak izan beharko lukete: nola arazoek hala beztidurek, baina jantziak ez du egiten frailea. (WOLSEY eta KANPEIO sartzen dira.) WOLSEY: Bakea zure garaitasunari! KATALINA: Harritzen nau zuen graziak hemen ikusteak etxeko lanetan ari naizela. Edozertarako prest jarri nahi nuke, okerrena gerta balekit ere. Zer nahi duzue nigandik, jaun agurgarriok? WOLSEY: Ongi baderitzazu, andre noblea, zure gela pribatuetara pasa gaitezen, erabat argituko dizugu geure bisitaren zioa. KATALINA: Argitu hemen; ezer ez dut egin neure kontzientziaz bazter bat merezi izateko. Nahiago nuke beste emakume guztiak gauza izango balira honela hitzegiteko, nirea bezain barru librez! Milordak, ez naiz arduratzen (eta honetan beste zenbait baino zoriontsuago naiz) nire egintzak aho guztiek ikus ditzaten, bekaitzak eta iritzi ziztrinak eraso diezaien: hain nago ziur neure bizitzaren zuzentasunaz. Baldin eta zuen arazoak helburu badu nire pertsona eta nire eskubideak aztertzea emazte-titulurako, garbi hitzegin. Agirian jardutea gustatzen zaio egiari. WOLSEY: Tanta est erga tementis integritas, regina serenissima. KATALINA: O ene lorda! Latinez tutik ez. Ez naiz izan hain nagia etorri nintzenetik bizi izan naizen herrialdeko hizkuntza ez ikasi izateko. Hizkuntza arrotzak are arrotzago, susmagarriago bihurtzen du nire auzia. Ingelesez mintza zaitezela erregutzen dizut. Badira hemen pertsona batzu eskertuko dizutenak egia esaten baduzu, beren andre gajoaren faboretan eskertuko dizute. Sinetsidazu, oso iraindua izan bait da. Lord kardinala, inoiz egin duen bekaturik borondatezkoenak har lezake absoluzioa ingelesez. WOLSEY: Dama noblea, sentitzen dut zuri bere eta maiesteari zerbitzatzeko izan dudan zintzotasun eta prestutasunak hain susmo larriak sorterazi izana, asmorik garbienak eraginak direlarik. Ez gatoz hona akusatzaile gisa aho guztien bedeinkatzen duten ohore hori laidotzera ezta iruzur egitera nahigaberen bat ekarriz. Gehiegi dituzu dagoeneko, andre ona; bakarrik gatoz jakitera ea zer asmo dituzun errege eta zure arteko liskar larrian eta adieraztera, gizon jator eta leial garenez, geure iritzi zuzenak eta zure kausarentzat aringarri izan litekeen guztia. KANPEIO: Andre txit ohoragarria, milord Yorkeko, bere izate noblearen berezko mugida batez, zure graziarenganako beti izan duen prestutasun eta menpekotasunetik jaioaz, onezko gizona denez ahazturik zure arestiko zentsura (urrunegi joan zena) bere pertsona eta egitasunaren aurka, bere zerbitzu eta kontseiluak eskaintzen dizkizu, nik neuk bezalaxe, bake seinaletan. KATALINA: Iruzur egiteko (Aparte.) Milordak, bioi eskertzen dizkizuet zeuon asmo onak. Gizon jatorrak bezala mintzatzen zarete. Erregu egiten diot Jainkoari halaxe porta zaiteztela! Baina ez dakit, egia esan, neure espiritu ahulean nola eman diezaiekedan zuen itzaleko eta zientziako bi gizoni berehalako erantzuna hain garrantzi handiko arazo batez, hain hurbiletik nire ohorea ukitzen duena eta hurbilagotik oraindik nire bizia; beldur naiz. Lanean ari nintzen hemen, neure damen artean, eta Jainkoak badaki, gutxi prestaturik zuek bezalako gizonei harrera egiteko eta honelako arazoak entzuteko. Izan dudan erreginatasunaren izenean izan ere neure distiraren azkenetan bait nago, erregu egiten diet zuen graziei denbora emateko nire auzi honetaz gogoeta egiteko! Ene! Adiskiderik, esperantzarik gabeko emakumea naiz! WOLSEY: Andrea, zure beldurrak irain egiten dio erregek dizun atxikimenduari. Zure adiskideak eta esperantzak ezin konta ahala dira. KATALINA: Ingalaterran probetxu urrikoak. Bururatzen al zaizue, lord eneok, ausartuko litzatekeela ezein ingeles niri bere burubideak ematera? Eta nire zerbitzari izateko bezain tentelik aurkituko balitz, izango ote litzateke ageriki nire adiskide bere garaitasunaren aurka eta menpeko bezala biziko litzatekeenik? Ez, alafede, ene adiskideok; nire nahigabeak alderdirik gabe pisatzeko gauza direnak nire kontzientzia atxiki lekiekeen haiek ez dira bizi hemen, izan ere, nire gainerako poz guztiak bezalaxe, hemendik urrun daude, neure jaioterrian, jaunok. KANPEIO: Gogo nuke zure graziak bere penak ahaztu eta nire kontseiluak har litzan. KATALINA: Ikus dezagun, jauna. KANPEIO: Jar ezazu zeure kausa erregeren babespean; maite zaizu eta oso bihotzabala da. Gehien komeni zaizun aldekoa duzu, zeuretzat et zeure kausarako, zeren eta legearen epaitza aurkako bazaizu, desohoraturik aldegingo bait duzu hemendik. WOLSEY: Zuzen mintzatu zaizu. KATALINA: Bion desira berdina kontseilatzen didazue: nire hondamendia. Hori al da zure kristaukontseilua? Lotsa zuen gain! Zerua oraindik gure buruen gainetik dago! Bertan dago eserita inolako monarkak eros ezin dezakeen Jueza! KANPEIO: Zeure itsumenak oker juzkatzen gaitu. KATALINA: Hainbat lotsagarriago zuentzat. Bi gizaseme santutzat eduki zaituztet, alajainkoa, baina beldur naiz ez ote zareten bi bekatu kardinal, bi sabeltzuri, zuzen zaitezte ahalkez, jaunok! Hau al da dama dohakabe bati, zuen artean inolako laguntzarik gabe dagoen emakume bati dakarkiozuen kontsolamendua eta bizigarria, mezprexua eta irainpean dagoelarik? Neure ezbeharren erdirik ez dizuet opa, karitate handiagoko naiz. Baina esan gutxienez oharterazi dizuedala, eta beldur izan zeruaren izenean, beldur izan egunean batez nire saminen zama osoa gainera ez ote zaizuen eroriko. KANPEIO: Andrea, hitz horiek eldarnio hutsa dira. Egiten dizugun ongia gaizkinahi bihurtzen duzu. KATALINA: Zuk ezerez bihurtzen nauzu. Ondikozko bitez zu eta zure moduko aldeko faltsuak! Zuengan balego batere justiziarik, batere gupidarik; apaizarenik bazenu zerbait jantziez aparte, proposatuko ote zenidake neure kausa gaixoa gorroto nauenaren eskutan jartzeko? Ai ene. Bere ezkonohetik baztertu nau dagoeneko, eta aspaldi bere maitasunetik. Dagoeneko zaharra naiz, milordak, eta orain berarekiko dudan lokarri bakarra obedientzia da. Zer gerta lekidake lazeria hau gaindituz gero? Zuen jakituria guztiak bila diezadatela hau bezalako beste madarikazio bat. KANPEIO: Zure beldurrak urrunegi doaz. KATALINA: Hainbeste denboraz bizi izan al naiz (utzidazue neuk bakarrik hitzegiten neure alde, zeren bertuteak ez bait du aurkitzen adiskiderik) emazte izanez, emazte leial, sekula inoiz susmo batek (harrokeriarik gabe esaten du) ukitu ez duen emakume bezala; erregerengan bildu al ditut neure atxikimendu guztiak; bera izan al da nire maiterik maiteena zeruaren ondoren, esaneko izan al natzaio, samurtasun sineskorrez adoratu al dut, gero orain honela saritu nazan? Hau ez dago ongi, lordak. Erakutsidazue bere senarrari leial iraun dion emakume bat, berari atsegina eman diezaiokeen poza besterik amets egin ez duen emakume bat, eta emakume honi ahal den bertute guztia erakutsi duenean, nik artean beste meritu bat gehituko diot: pazientzia. WOLSEY: Andrea, proposatzen dizugun helburu abantailatsutik urruntzen ari zara. KATALINA: Milord, ez naiz ausartzen zure jaunak esposatzean elkartu nindueneko titulu nobletik borondatez arbuiatzearen krimenaren errudun neure burua egitera. Heriotzak beste ezerk ez nau dibortziatuko sekula nire dintasunetatik. WOLSEY: Entzuidazu, arren eskatzen dizut. KATALINA: Hobe bai sekula jarri ez banitu neure oinak Ingalaterrako lur honen gainean, eta beroni darizkion losintxak arnastu ez banitu! Aingeru-aurpegiak dituzue, baina zeruak ezagutzen ditu zuen bihotzak. Zer izango da orain nitaz, dama dohakabe honetaz? Munduan den emakumerik zorigaitzekoena naiz!(Bere DAMEI). Ai, dontzeila gajoak!Non dira orain zuen fortunak? Hona hemen naufragaturik ez errukirik, ez adiskiderik, ez itxaropenik aurkitzen ez dudan erresuma batean; non ezein ahaidek negar egiten ez duen nigatik, eta non ozta-ozta ematen zaidan hilobia ere. Lehen zelaian jaio eta bertako apaingarri izan zen liliaren gisa, orain burua makurtu eta hiltzera noa. WOLSEY: Baldin eta zure graziak utziko baligu erakusten gure helburua zintzoa dela, zama handia kenduko zenuke zeure gainetik. Zer dela-ta, dama ona, uste duzu nahigabetu nahi zaitugula? Ai! Gure asmoak, gure lanbidearen izatea bera horren aurkakoak dira. Saminak gozatzearen eginkizuna dugu ez gehitzearena. Bertutearen izenean, kontutan izan zer egiten duzun, kontutan izan zenbateraino kalte egin liezazukeen portaera honek, bai: pentsa erabat gal dezakezula erregeren onginahia. Erregeen bihotza obedientziari musuka dago beti, hainbeste maite bait dute; baina bihotz bihurrien aurrean herraz hanpatzen dira eta ekaitzen gisara leher egiten dute ikaragarri. Badakit izakera atsegin eta zintzoaren jabe zarela, itsaso barearen antzera beti bakean dagoen armaren jabe; arren eskatzen dizut, agertzen garen bezala baizik ez gaitzazu ikus: bakearen bitarteko, adiskide eta zerbitzari gisa. KANPEIO: Andrea, erabat sinetsirik geratuko zara. Irain egiten diezu zeure bertuteei, emakume txepelei dagozkien beldur horiez. Zurea bezalako espiritu goitarrak uxatu egiten ditu beti bere baitatik, zalantza horiek, diru faltsua bailatzen. Erregek maite zaitu; kontuz ibili gal ez dezazun. Eta guri dagokigunez, arazo hau gure eskuetan urten baduzu, gure ahaleginik prestuenak zure zerbitzuan erabiltzeko prest gaude. KATALINA: Egizue nahi duzuena, milordak, eta barkatu, arren eskatzen dizuet, behar bezala portatu ez banaiz. Badakizue zuek bezalako pertsonaiei erantzun egokia emateko ez dala gai ni bezalako emakume bat. Erregutu egiten dizuet: eramaiozue erregeri nire sakrifizioaren adierazpena. Oraindik badu nire bihotza, eta nire otoitzak ere izango ditu nire biziak dirauen bitartean. Tira, aita agurgarrik, emaizkidazue zuen kontseiluak. Orain dela gutxi, oinak hemen ezartzean, bere dintasunak honen garesti ez zituela ordainduko uste zuena, hona hemen eskale bihurturik orain. (Badoaz.) II ESZENA Londres. Erregeren bizilekuko aurreganbara bat. (NORFOLKEKO DUKEA, SUFFOLKEKO DUKEA, SURREYKO KONTEA eta LORD TXANBELANA sartzen dira). NORFOLK: Gure kexak orain bat egin eta iraupenez mantendu nahi badituzu, kardinala ez da gauza izango orain erasoari eusteko. Une honetan suertatu zaizun egokieraz baliatzen ez bazara, dagoeneko nozitzen ari zaren ezbeharrei gaineratuko zaizkien hondamendi berriak agintzea bakarrik egin nezake. SURREY: Pozik onartzen dut haren lepotik mendekua hartzeko agertzen zaidan aukerarik txikiena ere, neure duke aitaginarrebaren oroitzapenean. SUFFOLK: Pareetako nork ihes egin ahal izan die horren mesprezuei edo gutxienez axolagabekeria bitxienari? Noiz errespetatu du inorengan, bere buruarengan izan ezik, nobletasunaren blasoia? TXANBELANA: Milordak, zeuon gogara hitzegiten ari zarete. Zuen eta nire partez zer merezi duen badakit; baina horren aurka egin genezakeena (nahiz eta une hau ez izan egokia) zalantzan jartzen dut. Erregeranganako sarbidea erabat eten ezik, ez hasi berorren aurkako ezertan inoiz, zeren eta berorren hitzak aztikeriazko indarra bait du erregerengan. NORFOLK: O! Ez izan haren beldurrik puntu honetan; haren aztikeriak dagoeneko ez du indarrik. Erregek honez gero aurkituak ditu haren hizketaren eztia desegiten duten gertaerak. Ez, dagoeneko lur jota dago eta ez da altxatuko bere zorigaitzetik. SURREY: Jauna, benetan poztuko nintzateke baldin eta orduoro honelako albisteak jasoko banitu. NORFOLK: Sinetsidazu, egia da; dibortzioaren auzian erabili dituen jarduera kontraesankorrak agerian geratu dira eta beraietan nik neure etsaiari opa izango niokeen bezala agertu bait da. SURREY: Eta nola agertu dira argitara haren amarrukeriak? SUFFOLK: Modurik bitxienean. SURREY: O! Nola, nola? SUFFOLK: Kardinalak Aita Santuari egindako gutuna harrapatua izan da eta erregeren begietara iritsi da, zeinak ikusi bait du nola kardinalak eskatzen zion Aita Santuari dibortzio-prozesua geldierazteko, zeren eta burutzen baldin baizen, ikusten dut zioen erregek bere maitasuna erreginaren mirabe batengan, lady Ana Bolenarengan, jarria daukala. SURREY: Irakurri al du hori erregek? SUFFOLK: Sinets dezakezu. SURREY: Ondoriorik izango ote du? TXANBELANA: Errege konturaturik dago nolako molde ezkutuko eta bihurriz bere helburu propioetara bideratzen ari den. Baina puntu honetan haren neurri guztiek porrot egin dute, eta gaisoaren heriotzaren ondoren datoz erremedio guztiak. Errege dagoeneko ezkondua da dama eder horrekin. SURREY: Hobe bai egin badu! SUFFOLK: Ohore egin zeniezaioke, milord, desira hori kunplitzeari! Zeren, aitor egiten dizut, betea bait dago! SURREY: Nire poz guztia bedi orain izarren bateratze horrekin! SUFOLK: Nire amena horri. NORFOLK: Guztion amenak. SUFOLK: Koroakuntzarako aginduak emanak daude. Arrania, berrikitan gertatu da hau eta hobe izango da belarri guztietara ez zabaltzea. Baina, milord, emakume xarmangarria da, arimaz eta gorputzez betegina. Ziur nago berarengandik aterako dela herrialde honentzat onespen gogoangarriren bat. SURREY: Baina erregek egosiko ote du bere barruan kardinalaren gutun hori? Jainkoak ez diezaiola utz! NORFOLK: Amen, alafedea! SUFFOLK: Ez, ez; beste euli batzu dabilzkio sudurraren inguruan furrundaka, eta lasterrago sentieraziko diete eztena. Kanpeio kardinalak Erromara ihes egin du agurrik egin gabe, erregeren auzia aldean utzita eta gure kardinalaren mutil gisa hartu du posta beronen konplot osoa aurrera ateratzeko. Benetan esaten dizut erregek «Eh!» esan duela hau jakitean. TXANBELANA: Ba, Jainkoak gehiago haserrarazi dezala eta oihu eragin diezaiola «Eh!» gogorrago oraindik! NORFOLK: Baina milord, noiz dator atzera Cranmer? SUFFOLK: Itzulita dago, lehengo bere iritziekin; eta berauek ia kristaudi osoko kideek dituztenekin elkarturik, errege dibortzioa onartzera bultzatu dute. Hemendik gutxira, aldarrikatuko da beronen bigarren ezkontza eta koroakuntza etorriko da. Aurrerantzean Katalinak ez du izango erregina izenik, baizik eta printzesa izena, senarraren tituluekin eta Arturo printzearen alargun gisa. NORFOLK: Cranmer hori gizon dinakoa da eta oso interesaturik ibili da erregeren arazoan. SUFFOLK: Bai, eta ordainetan artzapezpiku eginik ikusiko dugu. NORFOLK: Hala entzun dut. SUFFOLK: Hala da. Kardinala... (WOLSEY eta CROMWELL sartzen dira.) NORFOLK: Begira, begira, aldarte onean dago. WOLSEY: Pardela, Cromwell, eman al diozu erregeri! CROMWELL: Bere eskuetara, logelan bertan. WOLSEY: Begiratu al du paperek zer dioten? CROMWELL: Bapatean askatu du eta agertu den lehena aurpegi serioz irakurri du; kezka adierazten zuen bere begirakuneak. Gaur goizean hemen itxaron diezaiozula esateko eskatu dit. WOLSEY: Irtetera al doa? CROMWELL: Berandu baino lehen uste dut. WOLSEY: Utz nazazu piska batean. (Badoa CROMWELL) Alençongo dukesa izango da. Frantziako erregeren arreba. Berorrekin ezkonduko da ...Ana Bolenarekin! Ez; ez dut nahi Ana Bolenarik horrentzat. Aurpegi polit arazoa baino zerbait gehiago da ...Bolena! Ez; ez dugu nahi Bolenarik...Sutan nago Erromatik albisteak jakin arte...Pembrokeko markesa! NORFOLK: Haserre dago. SUFFOLK: Baliteke entzuna izatea errege bere kontra kolera xaxatzen hasia dela. SURREY: Behar adina xaxatu dezala, jauna, bere justiziarako! WOLSEY: Erreginaren dama izan berri bat! Zaldun baten alaba bere andrearen andre bihurturik! Erreginaren erregina!...Kandela horrek ez du ongi argi egiten; putz egin behar diot eta horra itzalirik... Zeren eta berorren bertute eta gaitasun onak ezagunak ditudan arren, luterotar amorratua dela ere badakit; eta ez litzateke izango osasungarria gure kausarako erregeren altzoan horrek atsedena hartzea, lehen ere nahikoa zailtasun badago-ta gobernatzeko. Gainera herese bat, artzerese bat sortu da Cranmer erregen aldeko bezala agertu den bat eta haren orakulu den bat. NORFOLK: Zerbaitek kezkaturik dauka. SURREY: Nahiago nuke bihotzeko zain nagusia etengo liokeen zerbait balitz! SUFFOLK: Errege, errege! (ERREGE sartzen da paper bat irakurriz, eta LOVELL) ENDRIKE: Zer aberastasun-mordoak metatu ditu bere onerako eta zer gastu darie atergabe berorren eskuei? Nolatan, lukurreriaren izenean, pilatu ahal izan du hau dena? Orain, milordak, ikusi al duzue kardinala? NORFOLK: Jauna, begira egon gatzaizkio, berorren buruak badirudi hunkipen estrainioren bat jasan duela. Ezpainei hozka egin eta dardarka dabil, bapatean gelditu eta zoluari begiratzen dio; gero bere hatza lokietara eramaten du, supituki urrats handika hasten da, bularra indar handiz joka, eta berehalaxe bihurtzen ditu begiak ilargirantz. Jarrerarik bitxienetan ikusi dugu. ENDRIKE: Oso litekeena da; errebolta bat dauka bere buruan. Gaur goizean eskatu dizkiodan Estatuko paper batzu bidali dizkit. Eta zer uste duzue aurkitu dudala bertan, neure kontzientziagatik, oharkabean jarrita? Ondasun-zerrenda bat, alafedea, honako gauzekin: bere zilar-baxerako ontzi zenbait, bere altxorrak, bere tapizak eta altzariak; guzti honek nire kalkuluen arabera edozein menpekoren fortuna aisa gainditzen duen diru-kopurua jotzen du. NORFOLK: Hau zeruaren obra da. Espirituren batek jarri du paper hori pardelean zure begietara irits zedin. ENDRIKE: Uste izango bagenu horren gogoetak Lurraren gainetik hegaz dabiltzala eta espirituzko gauzetaz arduratzen dela, bere abstrakzioetan murgildurik utziko genuke; baina beldur naiz horren pentsamentuak ez ote dabiltzen hain goian eta ez dut uste hain aintzakotzat hartzea ere merezi dutenik. (Esertzen da aulkian eta LOVELLekin txutxuputxuka hasten da; honek WOLSEYri ekiten dio.) WOLSEY: Zeruak barka nazala! Bedeinka beza Jainkoak beti zure garaitasuna! ENDRIKE: Ene milorda, ugari dituzu ondasun zerutiarrak eta zeure ariman daramazu aberaskirik hoberenen zerrenda. Oraintxe bertan ari zinen haietaz gogoeta egiten. Ozta-oza kentzen diezu tarterik zeure kezka espirituzkoei, zeure interes lurrekoei jaramon egiteko. Seguraski puntu honetan, hala uste dut behintzat, altxorzain txarra zara eta pozten naiz zu laguntzat edukitzeaz. WOLSEY: Jauna, denbora jakina eskaintzen diet neure eginkizun erlijiozkoei; berdin, Estatuan daukadan egitekoa beteatzeari ere eta naturak ere eskatzen ditu bere atseden-orduak eta nik ere, haren seme ahul naizenez gero, nire beste anaia-arreba hilkor guztien modura, arreta zor diot. ENDRIKE: Ongi baino hobeki esana. WOLSEY: Eta bego zure esku, errege jauna, aukera emango dizunez, nigan ondo esaten eta ondo biak parez-pare ibil daitezen eragitea. ENDRIKE: Oso ongi esan duzu, berriz ere; eta ongi esatea ongi obratzeko era bat da, eta, halere, hitzak ez dira obrak. Nire aitak maite zintuen, hala zioen; eta zure aldeko egintzaz koroatu zituen bere hitzak. Neure koroakuntzatik bihotzaren ondoan eduki zaitut. Onura bikainak eman ziezazkizuketen arazoetan enplegatu ezenik, nere ondasunetarik ere eman dizut neure eskuzabaltasuna zure gain hedatzeko. WOLSEY: (Aparte.) Zer esan nahi ote du honek? (Besteei aparte.) ENDRIKE: Ez al zaitut egin Estatuko lehen pertsonaia? Erantzuidazu arren, orain esaten dizudana ez al den egia. Eta aitortzeko gai bazara, esan mesede asko zor dizkidazun ala ez. Zer diozu? WOLSEY: Ene subiranoa, aitortzen dut egunero nire gain isuri dituzun graziak neure ahalegin sarriez bihurtu ahal izan niezazukeen guztiaren gainetik egon direla; giza indar guztiak gaindituko zituzkeen horrek. Nire ahaleginak beti nire gurarien azpitik geratu dira, baina neure ahalmen guztiak baliarazi ditut tartea laburtzen. Nik neuk ez dut izan beste irrikarik zure pertsona gorenaren ongia eta Estatuaren onura baizik. Eta nire gain metatu dituzun fabore handiei dagokienez, dinako ez naizelarik, menpeko errespetozko bati dagokion esker ona, zugatik zeruari zuzentzen dizkiodan arrenak eta neure leraitasuna ematea besterik ezin dut egin, izan ere beti areagotuz joan bait da eta ez dio hazteari utziko arik eta heriotzak, bizitzaren negu horrek, izozturik utz dezan arte. ENDRIKE: Bikain erantzuna. Honela agertzen da menpeko esaneko eta leiala. Berorren ohorea du sari, eta laidoa zigor. Uste dut nola nire eskua oparo zabaldu den zureganako, nire bihotza eurrez eman dizun bere onginahia, nire ahalmenak zaparradan ohoreak zure buruaren gain isuri dituen beste ezein menpekoren gainera ez bezala, hala zure eskua eta bihotza, zure endelegua eta zure pertsonaren gaitasunetako bakoitza, leialtasunarekiko zure beharkizunez aparte, niri dagozkidala, zaletasun berezi hau izan dizudalako, niri, zure adiskide honi, beste inori baino gehiago. WOLSEY: Berriz diot beti lan egin dudala zure garaitasunaren alde neurearen alde baino areago; izan naizena eta izango naizena, nahiz eta menpeko guztiek zuri beren obedientzia ukatu eta beren arimatik sentimentu hau erauzi; nahiz eta pentsamenak irudika litzakeen bezain arrisku ugariz inguraturik zu ikusi eta adimenak sor litzakeen bezain itxura beldugarrienan azpian agertu, nire obedientziak, olatuek erasotako harkaitzaren gisa, itsaso haserre honen oldarra hautsi eta irme iraungo lizuke. ENDRIKE: Jator hitzegina. Ohar zaitezte, ene lordak bihotz leialaren jabe dela, irekitzen ikusi bait duzue. Irakurri hau. (Paperak emanez.) Eta gero, hau; ta gero zoazte bazkaritara goserik baldin baduzue. (ERREGE irten egiten da WOLSEY KARDINALAREN aurrean betoskoa jarriz; NOBLEAK atzetik darraizkio irribarrezka eta txutxuputxuka). WOLSEY: Zer esan nahi ote du honek? Zergatik dator bapateko kolera hau? Nola erakarri ote dut? Nire aurka bekokia zimurtuz alde egin du, begietatik hondamendia balerio bezala. Halakoxe begiradak jaurtikitzen dizkio lehoiak zauritzen ari zaion ehiztari ausartari; gero hauts bihurtzen du. Irakur dezagun paper hau: beldurra diot, hemen dago koleraren zioa. izan ere, paper honek galdu nau: neure helburu partikularretarako metatu ditudan aberastasun neurgabean zerrenda da; hau da, Aita Santua irabazi eta Erromako neure adiskideak saritzeko. Hau zabarkeria, zoro batek bakarrik egingo zukeena! Zer iratxo gaiztok nahasterazi zidan isilpeko handi hau erregeri bidalitako pardelean? Ez ote dago hau konpontzeko biderik? Ez beste baliabiderik hau haren burutik aienatzeko? Badakit honek izugarri suminduko duela. Hala ere, badakit bitarteko bat baldin eta espero dudan ondorioa izanez gero berriro altxaraziko nauena fortuna gorabehera. Zer da hau? «Aita Santuari?» Alafedea, Bere Saindutasunari arazoa zehatz-mehatz azalduz idatzi diodan gutuna da. Beraz orduan, agur! Neure handitasun guztiaren kinka ukitua dut eta neure aintzaren eguerdi betetik neure inularrerantz noa abaila bizian. Arratsean izar distirante baten modura eroriko naiz, eta inork ez nau ikusiko gehiago. (NORFOLK eta SUFFOLKeko DUKEAK sartzen dira berriro, baita SURREYko KONTEA eta LORD TXANBELANA ere.) NORFOLK: Entzun erregeren nahia, kardinala, Berehalaxe gure eskuetan zigilu handia utzi eta Asher-Housera, Winchester-eko milordaren sailetara baztertzeko eskatzen dizu, arik eta ere garaitasunarengandik agindu berriak jaso ditzazun arte. WOLSEY: Une bat: non daude zuen ahalmenak, lordak? Hitz soilak ez dira aski hain aginpide handirako. SUFFOLK: Nor ausartzen da kontra egiten erregeren nahia izanik, hain zuzen ahotik dariona? WOLSEY: Arik eta ahalmenak eta beterazteko hitzak baino zerbait gehiago agertzen ez den bitartean (zuen gaiztakeria, esan nahi dut) jakizue, ene lordok, ausartu egingo naizela ukatzera. Orain ikusten dut bai zeinen burdin zakarrez eginak zareten: bekaitzezkoak. Bai sutsuki jarraitzen dituzuela nire ezbeharrak, horrek gizenduko bazintuzte bezala! Eta nolako lera eta otzantasuna agertzen duzuen nire hondamendia dakarren guztiaren aurrean! Jarraitu zeueon ibilera bekaiztiari, gizon herratsuok. Zuen Kristau-sentipenek zuribidelu egiten zaituzte, eta zalantzarik gabe aurkituko dute saririk garai egokian. Hain zakarki eskatzen didazuen zigilua, erregek (nire eta zuen jaunak) bere eskua eman zidan; hartaz gozatzeko agindu zidan, dagozkion kargu eta ohoreekin, neure bizialdian, eta bere ontasuna berresteko pribilegiozko gutunez ziurtatu zuen. Nork hartuko du orain? SURREY: Eman zuen erregek. WOLSEY: Beharrezko da orduan berak har dezan. SURREY: Apaiza, doilorkume harro bat zara! WOLSEY: Gezurra diozu, lord harroa! Orain berrogei ordu, Surreyk nahiago zukeen mihia erre honela hitzegin baino. SURREY: Zure handinahikeriak, gorriminez jantziriko bekatuak, galerazi du negar-herri honegatik Buckingham noblea, nire aitaginarreba. Zure anaia kardinal guztien buruek (zurea eta dituzun hoberenak barne direla) ilerik ez zuten balio haren aldean. Madarikatua bedi zure politika! Ordezko bidali nauzu Irlandara sorosteko aukerarik izan ez dezadan, erregerengandik urrun, zuk egozten zenion erruaren barkamena lortuko zioketen guztiengandik urrun, bitartean zure ondasun hondargabeak, erruki santuak eraginik, aizkoraz absoluzioa eman diozularik. WOLSEY: Hori eta lord berritsu honek egozten didan guzti erabat gezurra dela aitortzen dut. Dukeak legez hartu du merezia. Zer neurritaraino errugabe izan naizen edozein gorroto partikularretatik egokitu zaion azkenean, beraren tribunal prestuak eta kausaren laidoak testigantza eman dezakete. Luze hitzegiteari ekingo banio, lordok, ohorea bezain urria duzuela fede ona ere, ene jaun subiranoa den, eta erregerenganako leialtasun eta fideltasunari dagokionean, ausartzen naiz herronka egitera Surrey baino jatorragoa izan litekeen edozein gizoni eta beronen tentelkeriak atsegin dituzten guztiei. SURREY: Alafedea, apaiza, bapo babesten zaitu zeure jantzi luzeak! Bestela, honez gero bazenekike ezpataren berri zeure haragian! Milordak, arrandikeria hau jasateko gauza al zarte? Norena eta honako honena gainera? Baldin eta honela tratatzen uzten badiegu eskarlata zati bati astoak bagina bezala, nobleziarenak egin du! Jarrai beza beronen graziak gu izutzen, Kapeluaz larratxoriak bagina bezala. WOLSEY: Bertute oro pozoi da zure urdailerako. SURREY: Bai, kardinala, herrialdeko ondasun guztiak multzo batean bortxakeriaz biltzean datza zure bertutea! Zuk Aita Santuari erregeren aurka idatzitako eta bidean harrapatu dituzten pliken bertutea! Zure bertutea, zirika zabiltzanez gero jendaurrean nabarmen geratukoda. Milord Norfolkeko, zinez noblea zarelarik, herri-ongiaren zaintzaile, gure noblezia mesprezatuaren eskubidean eta gure seme-alaben interesen gordetzaile, zeinak ozta-ozta izango diren aitonseme gizon hau bizi bada, agerian jar ezazu beronen krimenen zerrenda luzea, beronen bizitza osoko gaiztakerien bilduma. Lord kardinal zure ohaide beltxaranak beso artean zeneukala sakramentu santuaren txilinari eragiten zion baino dardara handiagoa eragin nahi dizut! WOLSEY: A zer nolako mesprezua uste dut sentituko nukeela gizon horrenganako, karitateak eutsiko ez balit! NORFOLK: Bilduma hori, ene milord, erregeren eskutan dago; gauza bakarra esan niezazuke: higuingarria dela. WOLSEY: Argi eta garbia agertuko da nire errugabetasuna erregek nire zintasuna jakin dezanean. SURREY: Horrek ez zaitu salbatuko. Neure oroimenari esker, oraindik gogoan ditut gaiztakeria horietako batzu, eta esan egingo dizkizut. Orain gorritzeko eta zeure burua errudun aitortzeko gai bazara, lotsa piska bat agertzea dagokizu, kardinala. WOLSEY: Hitzegizu, jauna; zure salakuntza txarrenei aurpegia emateko prest naukazu, gorritzen baldin banaiz, noble bat kortesia galtzen ikusten ari naizelako du. SURREY: Nahiago dut hori galdu buruaren aldean. Goardian! Aurrena egiten zaizun salakuntza da erregek jakin gabe eta baimenik eman gabe, legatu izenda zaitzaten lanean aritu zarela, eta horregatik apezpiku guztien eskuera murriztu duzula. NORFOLK: Gero, Erromara eta atzerriko printze guztiei zuzenduriko gutunetan beti formula hau erabiltzen zenuen: Ego et Rex meus, eta horrenbestez errege zeure zerbitzari bihurtzen zenuen. SUFFOLK: Gero, erregeri eta Kontseiluari bizkar emanik, enperadorearen enbaxadore gisa bidali zintuztenean, zigilua Flandesera eramateko ausardia izan zenuen. SURREY: Gainera: erregeren onarpenik eta Estatuaren baimenik gabe, Gregorio Cassaliscori eskubide zabalak eman zenizkion bere garaitasunaren eta Ferrararen artean menia bat egiteko. SUFFFOLK: Bestalde, handinahikeria hutsez ezarrerazi duzu erregeren monetan zeure kapelu sakratua. SURREY: Diru kopuru handiak ere bidali dituzu (eta zeure kontzientziaren baitan uzten dut nondik nora eskuratu dituzun jakitearen ardura) Erroman ordainketak egin eta zeure ordezkarien bideak lautzeko erresuma osoaren hondamendirako. Besterik ere bada ugari, baina zugandikoak eta higuingarriak direnez gero, ez dut zikinduko neure ahoa beraiekin. TXANBELANA: O, milord. Ez bultza egin horren gogor erortzen ari den gizonari. Karitateak eskatzen du. Beronen hutsegiteak legepean daude. Berauek zigor dezatela eta ez guk. Nire bihotza hunkiturik dago honen txiki ikustean, hain handia zena. SURREY: Barkatzen diot. SUFFOLK: Lord Kardinala, hona hemen erregeren azken nahia: erresuma honetan azken aldian egin dituzun guztiak, zure legatu-eskuaren indarrez, proemunire baten jurisdiziopean sartzen direlarik, eta zure aurka eskubide hau baliaraz daitekeenez gero, zure ondasun, lur, domeinu, gaztelu eta gainerako jabegoak konfiskaturik geratzen direla eta erregeren babesaz kanpo aurkitzen zarela zuri jakinerazteko ordena dut. NORFOLK: Eta hau segurtaturik, zeure bizitza eraberritzeko egiten ari zaren gogetekin uzten zaitugu. Eta zigilu handia entregatzeari temati uko egiten diozunez gero, erregek ezagutu eta eskertuko dizu zalantzarik gabe. Horrela, ongi izan, ene lord kardinaltxoa! (Denak ateratzen dira, WOLSEY izan ezik.) WOLSEY: Agur beraz, opa didazun on txikiarengatik. Eta agur, agur luzea neure handitasun guztiari! Honelakoxea da gizonaren zoria; gaur esperantzaren kimuak erakusten ditu; bihar loretu eta mordo marduletan daramatza ohore distiranteak. Hirugarrean egunean badator izotza, izotz hiltzaile eta gizon apal eta xaloak uste onez beterik sinesturik dagoenean bere handitasuna garatzeko zorian dagoela izotz honek zaina ihartzen dio eta orduan ni bezala erortzen da. Puxikekin igerian ibiltzen diren mutikoskor tentel horren antzera, uda askotan zehar arriskatu naiz aintzazko itsasoan barrena; baina neure oinak ezar nitzakeen baina aharuntzago joan naiz. Nire harrokeriak, haizez puztuegiak, leher egin du zabalera osoan nire azpian eta orain utzi egiten nau, zerbitzuarengatik zahar eta aunaturik nagoenean, betirako irentsiko nauen erreka oldartuaren menpe. Mundu honetako ponpezia eta aintza hutsalak, gorroto zaituztet! Somatzen dut nire bihotza nola ari den zabaltzen berriz ere! Oi ene! Bai dohakabea dela printzeen pentzudan dagoen zoritxarrekoa! Hor, espero dugun irribarre horretan, erregeren begirada laztantzailearen eta amilarazten gaituzten hondamendiaren artean, gerrak sortzen dituen eta emakumeek nozitzen dituzten baino zalantza eta beldur gehiago dago; eta faboritoa erortzen denean, Luziferren modura erortzen da, sekula gehiago esperantzarik gabe! (CROMWELL txunditurik sartzen da). Kaixo! Zer duzu, Cromwell? CROMWELL: Ez dut indarrik hitzegiteko, jauna. WOLSEY: Nola zaude onetik hain irtenda nire zorigaitzagatik eta nolatan harritzen da zure espiritua gizon haundi baten beherakadaz? CROMWELL: Nola dago zure eminentzia? WOLSEY: Ongi, txit ongi; sekula ez naiz aurkitu honen zoriontsu, Cromwell. Orain ezagutzen dut neure burua, eta munduko dintasun guztien-gainetik dagoen bakea sentitzen dut neure barruan. Kontzientzia lasai eta patxadazkoa. Erregek sendatu egin nau. Eta nire sorbaldetatik, pilare iroiduak direnotatik, itsasontzia hondoratzeko aski litzatekeen pisua arindu du bere errukiaz: gehiegizko ohoreen pisua.O, zama hau gehiegizkoa, Cromwell, zama hau akigarriegia da zerura joan nahi duen gizonarentzat! CROMWELL: Pozten nau ikusteak zure eminentziak nola bere zorigaitzetik hain onura bidezkoa atera duen. WOLSEY: Ateratzea espero dut. Orain gauza naiz,uste dudanez, (halako barne-sendotasuna somatzen dut) bihotz kikileko nire etsaiek jarri nahi dizkidaten baino lazeria ugariago eta larriagoak ere jasateko. Zer zurrumurru dabil hortik? CROMWELL: Erregerekiko duzun nahigabea da larriena eta txarrena. WOLSEY: Jainkoak bedeinka dezala! CROMWELL: Bestea zera da, Tomas More jauna izendatu duela lord kantzelari zure ordez. WOLSEY: Bizkorregi jaso dute, baina oso gizon eskolatua da. Luzaroan gordeko al du bere garaitasunaren faborea eta egin beza justizia egiaren maitasunagatik eta bere kontzientziaren honetan; haren hezurrek, bere lasterketa bukatu eta bedeinkapen artean lo egin dezanean, umezurtzek beren malkoez bustiko duten hilobian bar dezatela atseden. Zer dago besterik? CROMWELL: Cranmer itzuli dela eta harrera beroa egin zaiola, Canterburyko lord Artzapezpiku gisa kargu hartuz. WOLSEY: Albiste handia, izan ere. CROMWELL: Azkena zera da, lady Ana, duela zenbait egunez gero zeinarekin errege ezkondurik dagoen, erregina gisa kapilara joaten ikusi dute ageriki, eta orain beraren koroakuntzaz bestetaz ez da hitzegiten. WOLSEY: Hori da lurrera bota nauen pisua. O, Cromwell! Erregek bizkarra eman dit. Neure aintza guztia betirako galdu dut emakume horrengatik. Ezein eguzkik ez du aldarrikatuko aurrerantzean nire dintasunik ezta urreztatuko ere nire irribarreen bila zebilen gortesau-multzoa ere. Tira, alde egizu nigandik, Cromwell; eroritako gizajo bat naiz zure jaun eta jabe izateko duin ere ez naizena. Bilatu errege, zeruari erregu egiten bait diot inoiz ez dadila sar! Esana diot nor zaren eta zenbaterainokoa den zure leialtasuna! Faboratuko zaitu. Nire oroitzapen lauso batek eragotziko dio (ezagutzen dut haren izakera martzala) zure zerbitzu esperantzaz hain beteak gaitzen ez uztea. Cromwell, ez ahaztu: balia zaitez orain aukeraz eta hornitu zeure etorkizuneko segurtasuna. CROMWELL: O, milord! Utzi egin behar al zaitut orduan? Abandonatu egin behar al dut derrigorrean hain nagusi ona, hain noblea eta hain leiala? Burdinazko erraiak ez dituzuen denok izan zaitezte lekuko nolako penarekin apartatzen den Cromwell bere jaunarengandik. Erregek izango ditu nire zerbitzuak, baina nire arrenak beti eta beti zuretzat izango dira. WOLSEY: Cromwell, neure zorigaitz guztiengatik negar-malkorik isurtzeko asmorik ez nuen; baina zeure leialtasun ondrauarekin emakumearena egitera behartu nauzu. Xuka dezagun begietako negarra, eta ongi entzun, Cromwell. Ahaztu nazatenean, eta ahaztuko naute, eta marmol gogor eta hotzaren azpian nagoenean, non inoiz ez den nire aipamenik egingo, esan nik eman nizula kontseilu; esazu Wolsey honek, behin baten aintzazko bideetan barrena ibili eta dintasunaren sakonera eta eragozpen guztiak ezagutu zituenak, aurkitu zizula bere naufragioan bide zuzen eta ziurra gora joan zintezen, nahiz eta zure jabeak galdua izan. Ohar zakizkio nire erortzeari eta hondamendiaren kausari. Cromwell: gomendatu egiten dizut, bazter ezazu handinahikeria. Bekatu honengatik erori ziren aingeruak. Nolatan, bada, gizonak, kreatzailearen irudi denak, espero lezake garaile izaten bekatu honen bitartez. Azkena maitatu zeure burua, estima itzazu gorroto zaituzten bihotzak. Ustelkeriak ez du lortzen jatortasunak baino gehiago. Eramazu beti zeure eskuinean bake gozoa, mihi bekaiztiak isilerazteko. Zaitez zintzoa, ez izan ezeren beldur. Zeure buruari aurrean jartzen dizkiozun asmoek zeure herrialdearen ongia, Jainkoaren aintza eta egia izan dezatela helburu. Orduan, o Cromwell, erortzen bazara, martiri bedeinkatu baten gisara eroriko zara. Zerbitzatu errege. Eta arren eskatzen dizut, lagun nazazu etxera. Han inbentario bat egingo duzu daukadan guztiarena, azkeneko txanponerainokoa. Dena erregerena da; jantzia eta zeruari diodan zaletasuna dira orain nireak direla benetan esan dezakedan gauza bakarrak. O, Cromwell, Cromwell! Errege zerbitzatzen jarri dudan zeloaren erdia erabili izan banu Jainkoari zerbitzatzeko, ez nindukeen honek utziko neure zahartzaroan, biluzik, etsaien suminaren esku. CROMWELL: Jaun ona, izan egonarria. WOLSEY: Halaxe dut. Adio, gorteko itxaropenak! Nire itxaropenak zeruan daude orain. (Badoaz) |