|     78 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


II EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

Londres. Kale bat.

 

BI ZALDUN sartzen dira, elkarrekin topo eginez.

 

LEHEN ZALDUNA: Nora zoaz hain bizkor?

BIGARREN ZALDUNA: O!... Jainkoak gorde zaitzala! Udaletxera noa hain bizkor Buckinghameko dukeari zer gertatuko zaion jakitera.

LEHEN ZALDUNA: Neke hori aurreratuko dizut, jauna. Dagoeneko dena bukatu da, presoa gartzelara bihurtzearen zeremonia izan ezik.

BIGARREN ZALDUNA: Bertan izan al zara?

LEHEN ZALDUNA: Bai, bertan izan naiz, hain zuzen.

BIGARREN ZALDUNA: Kontaidazu, arren, zer gertatu den.

LEHEN ZALDUNA: Erraza, igar zenezake.

BIGARREN ZALDUNA: Errudun aitortu al da?

LEHEN ZALDUNA: Bai, noski, eta ondorioz kondenatua izan da.

BIGARREN ZALDUNA: Sentitzen dut.

LEHEN ZALDUNA: Beste askok ere sentitzen dute.

BIGARREN ZALDUNA: Baina, mesedez, nola gertatu da guzti hori?

LEHEN ZALDUNA: Hitz gutxitan esango dizut. Duke haundia iritsi zen aulkira, non salakuntzari guztien aurrean behin eta berriz erantzun dion bera ez zela errudun, eta zenbait arrazoi pisuko atera du legearen ondorioei ihes egiteko. Erregeren abokatua, aitzitik, ekin eta ekin aritu zaio itaunketen, frogak ateratzen, zenbait lekukoren aitorrak aurkezten, zeinei nola itaunketa egiten zaien viva voce ikusi nahi izan bait du dukeak. Horretarako bere intendentea agertu da kontrako testigantza egitera; sir Gilberto Peck, kantzelaria eta John de la Car, konfesorea; Hopkins fraile malapartatu horrekin, gaitz guztia egin duenarekin batera.

BIGARREN ZALDUNA: Bere profeziez janaritzen zuena?

LEHEN ZALDUNA: Berbera. Denek egin dizkiote salakuntza gogorrak; ahalegin guztiak egin ditu lekukoak arbuiatzeko, baina, egia esan, ezin izan du. Eta honela, bere parrek, testigantza hauen aurrean, traizio gorenez errudun aitortu dute. Luze eta zuhur mintzatu da bere bizia salbatzeko; baina esaten zuena errukiz entzun eta esan bezain laster ahazten zuten.

BIGARREN ZALDUNA: Honen ondoren, nola portatu da?

LEHEN ZALDUNA: Aulkira itzuli zenean bere hilagineko ezkila, hau da, bere epaitza, halako larriduraren menpean erori zen non izerdia alderdi guztietatik bait zerion, eta kolerazko hitzen batzuri jaregin zien, gaizki eta agudo. Baina berehala jabetu zen bere buruaz eta gainerakoan samurtasun eta etsipen eredugarriak erakutsi zituen denbora guztian.

BIGARREN ZALDUNA: Ez dut uste heriotzaren berdur denik.

LEHEN ZALDUNA: Ezetz esango nuke: inoiz ez da izan kikila; kausak erasan dio, nonbait, piskaren bat.

BIGARREN ZALDUNA: Benetan, kardinala dabil istilu guzti honen barrenean.

LEHEN ZALDUNA: Seguraski bai, itxura guztien arabera. Aurrena, Kildare karguz aldatzea, orduan Irlandako deputatu zena, zeinak utzitako lekua betetzera Surryeko kontea bidali zuen, presaka bizian, aitak lagunduko zion beldurragatik.

BIGARREN ZALDUNA: Amarrukeria politiko hori maltzurkeria hutsa izan zen.

LEHEN ZALDUNA: Itzulitakoan, larri ibili damuerazten. Gauza jakina da norbaitek erregeren onginahia eskuratzen duenean kardinalak berehalaxe bilatzen diola posturen bat eta lehenbailehen gortetik urrundu egiten duela.

BIGARREN ZALDUNA: Herriak herio-gorrotoa dio eta, neure kontzientziagatik hamar oinbetez lurpean ikusi nahi nuke; bera gorroto duen adina maite du dukea. Buckingham eskuzabala deitzen dute, kunplimenduaren ispilu...

LEHEN ZALDUNA: Zaude, hemen, jauna, eta ikusiko duzu aipatu dizudan dohakabea.

 

(BUCKINGHAM sartzen da, auzitik datorrela. UJIER zigordunak doazkio aurretik. Aizkora, sorbatza dukearen aldera begira dutela, ALABARDARIAK alde banatan. SIR THOMAS LOVELL, SIR NIKOLAS VAUX, SIR WILLIAM SANDS eta herriko hendea ditu lagun).

 

BIGARREN ZALDUNA: Goazen hurbilagotik ikustera.

BUCKINGHAM: Herri onbera! Zuek denok honeraino nitaz errukitzera etorri zaretenok, entzun zer esango dizuedan, eta gero itzuli zeuon etxeetara eta ahaztu nazazue. Traidoretzat epaitu naute gaur eta izen honekin hil behar dut. Halere zerua jartzen dut lekukotzat, eta nigan kontzientziarik baldin badago, kondenaturik gera nadila aizkora eror dakidan unean, leiala ez banaiz. Ez daukat inolako herrarik legearen aurka nire heriotzagatik, zeren justizia besterik ez bait du egin, ezarri diren abiaburuen ondoren. Nire heriotzaren bila ibili direnak kristauagoak izatea nahiko nuke. Nornahi direla ere, denei bihotzez barkatzen diet. Hala eta guzti ere, ez daitezela gaizkian ilarraindu eta ez dizatela eraiki beren asmo kriminalak gizon aintzadunen hilobien gainean, zeren eta orduan nire odol errugabea beraien kontra deika has bait liteke. Ez dut espero nire bizitza mundu honetan luzatzerik, eta ez nuke eskatu ere egingo nahiz eta erregek nire hutsegite guztiak baino barkamen gehiago izan. Eta zuek, adiskide bakanok, estimatzen nauzuenok eta Buckinghamengatik negar egitera ausartzen zaretenok, zuek, lagun eta adiskide jatorrok, banatu behar izatea beste gauza garratzik zuengandik ez duen honek, eta hori herbotzarengatik bakarrik, zatozte nirekin aingeru onen antzera azkenean niri laguntzera; eta nire gain eror dadinean altzairua banatuko gaituen dibortzio luzea irekitzera, bil itzazue zeuon otoitzak sakrifiziozko arnasa gozoan eta jaso nire arima zerura... Gida nazazue.

LOVELL: Erregu egiten diot zure graziari, karitatez, inoiz nire kontra aiherkunderik sentitu baduzu, bene-benetan barka diezadazula orain.

BUCKINGHAM: Sir Thomas Lovell, neuk barkamena lortu nahi nukeen bezain bene-benetan barkatzen dizut. Mundu guztiari barkatzen diot. Zenbat nahi irain nire kontra egin dituela ere, denekin onezkoak egitea besterik ez dagokit. Inolako herra beltzik ez da sartuko nire hilobira... Gomenda nakiozu bere maiestateari; eta Buckinghamez mintzatzen bada, zeruaren erdian aurkitu duzula adieraz zaiozu. Nire opakizun eta erreguak oraindik ere erregeren alde dira, eta espirituak alde egin ez diezadan bitartean, bedeikua eskatuko dut haren gain. Nik bere urteak kontatzeko edukiko nituzkeen baino urte gehiagoz bizi dadila! Haren gobernua beti maitatua izan dadila eta menpekoen onerako gidatua! Eta zahartzaroak bere azkenera eraman dezanean, bertuteak eta berak biek batera monumentu bera izan dezatela!

LOVELL: Ibai-hegiraino gidatu behar dut zure grazia; gero Sir Nikolas Vaux-en eskuetan utziko dut neure karga eta berak lagunduko zaitu zeure azkeneraino.

VAUX: Prestatu dena hemen. Dukea oinez doa. Txalupa apaindurik eta prestaturik eduki, bere pertsonaren haunditasunari dagokionez.

BUCKINGHAM: O sir Nikolas! Utzi hori. Nire mailari dagozkion ohoreak irrigai baizik ez dira izango orain. Hona iritsi nintzenean Lord Kondestable haundia nintzen eta Buckinghameko dukea; orain Edward Bohun gizajoa baizik ez naiz. Halere, nire haunditasuna akusatzen nautenena baino handiago da, sekula ez bait dute jakin egia zer zen. Orain nik zigilatu egiten dut, eta neure odolaz intziri eragingo diet egunen batean. Nire aita noblea, Endrike Buckinghameko, Rikardo usurpatzailearen aurka estandartea altxa zuen lehena, Banister bere morroiaren etxean babesa bilatu zuenean bere zorigaitzean, dohakabe hark saldu eta inolako prozesu-erarik gabe hil zen. Jainkoaren bakea bedi berarekin! ENDRIKE VII, ondorengoa, min handia hartu zuen nire aitaren galerarekin, eta printze eskuzabal zenez gero, ohoreak itzuli egin zizkidan, eta haren hondakinetatik artean nobleago egin zuen nire izena. Orain haren semeak, ENDRIKE VIIIak, kolpe batez erauzten dit betirako mundutik bizi, ohore, izen eta zoriontsu egiten ninduen oro. Prozesu bat antolatu didate eta, aitor dezadan, behar den bezala, eta horretan nire aita zorigabea baino dohatsuago izan naiz. Halere, gure suerte txarrak gure zerbitzariengatik erortzea izan du berdina, gehien maite genituen gizonenatik. Morroi odolgaldu eta zitalak! Zeruak denetan bere asmoak betetzen ditu. Guztiarekin ere zuek, entzuten zagozkidatenok, egiatzat har ezazu hil zorian dagoen baten ahotik. Zeuon maitasuna eta konfidantza ematerakoan, zuhurtasunez joka ezazue, zeren eta zeuen adiskide egin dituzuenek eta zeuen bihotzak eskaini dizkiezuenek zuen fortunan eragozpenik txikiena ere nabarmentzen badute, ura bezala alboratzen dira zuengandik eta itotzeko ahalmena duten lekuan bakarrik aurkituko dituzue. Zuek denok, jende xumeok, otoitz egizue nire alde! Beharrezko da orain utz zaitzatedan. Heldu da nire bizialdi luze eta penatuaren azken ordua. Agur eta gauza tristeren bat kontatu nahi duzuenean, esan nola galdu naizen ... Bukatu dut eta Jainkoak barka diezadala! (Buckingham eta segizioa ateratzen dira.)

LEHEN ZALDUNA: O, honek errukira bultzatzen du! ...Jauna, beldur naiz. Honelako egintza batek benetan madarikazio ugari erakarri behar ditu egileen buruen gain.

BIGARREN ZALDUNA: Dukea errugabe bada, hondamendi izugarriak eragingo ditu honek; halere, eman niezazuke mehatxuka dagoen arrisku baten berri eta iristen bada hau baino askozaz ikaragarriagoa izango da.

LEHEN ZALDUNA: Aingeru onek urrun dezatela gugandik! Zer izan ote liteke? Nire zentzu ona ez duzu jarriko zalantzan ezta?

BIGARREN ZALDUNA: Sekretu hau oso garrantzitsua da eta prestutasun handia eskatzen du isilpean gordetzeko.

LEHEN ZALDUNA: Jakinerazidazu, ez naiz berritsua!

BIGARREN ZALDUNA: Badut konfidantza; jakingo duzu, jauna. Ez al duzu entzun egun hauetan nola dabilen bala-bala Errege eta Katalina banantzera doazen zurrumurrua?

LEHEN ZALDUNA: Bai; baina funtsik gabea zen, erregek entzun bezain laster suminez beterik, lord Korregidoreari bidali dio zurrumurrua gezurtatzeko ela barreiatu duten mihiak isilerazteko agindua.

BIGARREN ZALDUNA: Baina kalumnia hau, jauna, gaur egia bihurtu da, gero eta sendoago ari bait da bihurtzen, eta ziur egon errege ahaleginduko dela betetzen. Bai kardinalak, bai inguruan dagoen beste norbaitek, erregina onari dion gorrotoarengatik, galduko duen eskrupulu bat barneratu dio erregeri. Areago oraindik, Kanpeio kardinala etorri dela berrikitan esango dizut, eta arazo honetarako uste dute denek.

LEHEN ZALDUNA: Hau kardinalaren obra da eta enperadorearen lepotik mendeku hartzeko egindu bakarrik, Toledoko artzapezpikua eskatu eta eman ez diolako.

BIGARREN ZALDUNA: Nik uste iltzean jo duzula. Baina ez al da krudelkeria erreginak horregatik nozitu behar izatea? Kardinalak bere borondatea egin nahi du eta erreginak galtzera beharturik dago.

LEHEN ZALDUNA: Hau tamalgarria da. Hemen jendaurrean gaude honetaz mintzatzeko. Goazen bakarrean hitzegitera.

 

(Badoaz.)

 

 

II ESZENA

 

Londres Jauregiko aurreganbara.

 

LORD TXANBELANA sartzen da gutun bat irakurriz.

 

TXANBELANA: «Milord: Saiatu nintzen berorrek eskatutako zaldiak ongia hautatuak, ongi hornituak eta eta ongi muntatuak izan zitezen. Gazteak ziren, itxura bikainekoak eta Iparraldeko arrazarik hoberenekoak. Londresera abiatzeko zori-zorian zeudela, lord Kardinalaren morroi batek, ordena bat eta ahalmen osoekin, kendu egin dizkit, arrazoi hau eman didalarik. Bere ugazaba menpeko bat baino lehenago zerbitzatu beharrekoa omen da, nahiz eta erregeren aurretik ez izan; horrenbestez ahoa itxi digu, jauna.»

        Beldur naiz, izan ere, erregeren aurretik zerbitza dezaten ez ote duen nahi, jauna. Tira, gorde ditzala. Edozer egin lezakeelakoan nago.

 

(NORFOLK eta SUFFOLKEKO DUKEAK sartzen dira).

 

NORFOLK: Ongi aurkitua, milord txanbelana.

TXANBELANA: Egun onak zuen Gorentasunei.

SUFFOLK: Zertan da errege?

TXANBELANA: Dirudienez bere anaiaren emaztearekiko ezkontzak gehiegi kezkarazten dio kontzientzia.

SUFFOLK: Ez; kontzientzia gehiago kezkarazten diona beste dama bat da.

NORFOLK: Egia da: Hau da kardinalaren obra, kardinal-erregearena. Apaiz itsutu horrek, fortunaren lehenseme gisa, nahi duen modura bira ematen dio gurpilari. Ezagutuko du egunen batean erregek.

SUFFOLK: Otoitz egin diezaiogun Jainkoari ezagutu dezan! Bestela, berak ere ez du ezagutuko bere burua.

NORFOLK: Bai jaiera handiz jokatzen duela bere negozioetan! Eta zeinen sutsu! Baina orain hautsia du gure eta enperadorearen, erreginaren iloba ahaltsuaren arteko elkargoa. Erregeren ariman murgiltzen da eta bertan arriskuak, zalantzak, barne-zimikoak, beldur eta desesperoak ereiten ditu, eta hau dena ezkontzari dagokionean. Eta guzti horren ondoren, erregeri baretasuna bihurtzeko, dibortzioa gomendatzen dio; hogei urtez lepotik behera zintzilik, distira galdu gabe, bitxi bat bezala eduki duena baztertzeko, aingeruek gizon bertutatsuak maite dituzten bezala maite duen hura baztertzeko; nor eta oinazerik larrienen artean ere monarka beti bedeinkatuko lukeen hura. Eta hau al da portaera errukiorra?

TXANBELANA: Zeruak gorde nazala horrelako kontseilariagandik! Ziurregia da horrelako albisteak dabiltzala nonnahi; aho guztiek kontatzen dituzte eta bihotz leial guztiak nahigabez agertzen dira. Arazo honetan barneratzera ausartzen direnek ikusten dute zer helburutara doan: Frantziako erregeren arrebagana. Zeruak egunen baten irekiko dizkio begiak erregeri, hain luzaroan itxita eduki baditu ere gizatxar ausart honi dagokionez.

SUFFOLK: Eta haren morrontzapetik askatuko gaitu.

NORFOLK: Otoitz egin beharrean gaude, eta bihotzez, geure askapenaren alde, edo bestela gizon nagusikoi horrek denok printzipe izatetik lekaio izatera eraitsiko gaitu. Gu denok eta gure dintasunak metaturik daude beraren eskura, berak derizkion degradazioan erabiltzeko.

SUFFOLK: Niri dagokidanez, milordak, ez diot ez maitasunik ez beldurrik; hauxe da nire kredoa. Bera gabe egina naizenez gero, hala iraungo dut, erregeri nahi balekio. Haren bedeinkazioek eta madarikazioek berdin harrapatzen naute menpean; ez dut sinesten hitz horietan. Ezagutu nuen eta ezagutzen dut; beraz horrokeria hori eman dionari uzten diot: Aita Santuari.

NORFOLK: Sartu eta edozer gauzarekin olgeta eman diezaiogun erregeri pentsamentu tristeak albora utz ditzan, gehiegi erasaten bait diote. Lagundu nahi al nauzu, milord?

TXANBELANA: Desenkusatu; erregek beste leku batera bidali nau. Gainera ez duzu egokiera ona hautatu berriketan aritzeko. Agur jauntasunoi!

NORFOLK: Eskerrikasko, ene lord txanbelana!

 

(Irteten da LORD TXANBELANA.)

 

(NORFOLKEK atea irekitzen du. ERREGE eserita eta pentsakor zerbait irakurtzen ageri da.)

 

SUFFOLK: Hori itxura tristea duzuna! Oso nahigabeturik zaude, nonbait.

ENDRIKE: Nor dabil hor, eh?

NORFOLK: Jainkoari nahi dakiola haserre ez egotea!

ENDRIKE: Nor dabilen hor, esan dut! Nola ausartu zara nire bakarreango gogoetak etetera? Nor naiz ni, gero eh?

NORFOLK: Asmo txarrik gabe egindako irain guztiak barkatzen dakien errege errukior bat. Geure eginbeharrak betetzeari utzi badiogu Estatuko arazoengatik izan da, zure errege-borondatea jakin beharra daukagu berauen gain.

ENDRIKE: Ausartegia zara. Alde egizu. Nik erakutsiko dizut arazoetarako une egokiak berezten! Orduz aproposa al da hau gero lurreko arazoetarako?

 

(WOLSEY eta KANPEIO sartzen dira.)

 

        Nor dago hor? Nire lord Kardinala?...O, nire Wolsey, nire kontzientzia zaurituaren bakeatzailea, errege baten dinako medikua zara! Ongi etorria zaitez! (KANPEIORI) gure erresumara, prelatu jakintsu eta agurgarri hori. Bera eta gu zeure eskura gauzkazu. Ene lord hori, ardura handiz zaindu nazazu berritsutzat har ez nazan.

WOLSEY: Jauna, ez zara gauza horretarako. Zure graziak ordu betez bakarreango entzutaldia bederen eskain diezagun nahi dut.

ENDRIKE: (NORFOLKI eta SUFFOLKI) Arazotan gaude; zoazte.

NORFOLK: (Aparte) Ez al dago harrokeriaz beterik apaiz hau?

SUFFOLK: (Aparte) Ez du merezi honetaz hitzegiterik. Ez nuke izan nahi hain biziotsu, ezta berorren postuarengatik ere. Baina honek ezin dezake iraun.

NORFOLK: (Aparte) Jarraitzen badu, kolpe bat ematera ausartuko naiz.

SUFFOLK: (Aparte) Eta ni beste bat.

 

(NORFOLK eta SUFFOLK atera egiten dira.)

 

WOLSEY: Zure maiestatea zuhurtasunezko eredu izan da printze guztien gainetik zeure eskrupuluak bolondreski kristautasunaren erabakipean jartzean. Nork har lezake orain gaizpide? Zer kalumniak egin liezazuke kalte? Espainiarrek, odolez eta atxikimenduz erreginari lotuak daudelarik, ulertu behar dute prestutasunik baldin badute, egokia eta bidezkoa dela eztabaida. Elizgizon guztiek, ikasiek esan nahi dut, eman dute beren iritzia libreki erresuma kristauetan. Erroma jakituriaren maistra den horrek, zure pertsona nobleak gonbidaturik, adierazle nagusi bat bidali digu, gizon bertutetsu hau, elizgizon zintzo eta jakintsu hau, Kanpeio kardinala, zeina zure aurrean aurkezteko ohorea bait dut.

ENDRIKE: Eta nik neure besoetan abegi egiten diot ongietorria emanez eta eskerrak ematen dizkiot Konklabe Santuari bere onginahi jaieratsuarengatik. Nik nahi izango nukeen gizona bidali dit hain zuzen ere.

KANPEIO: Zure graziak derrigor irabazi behar du atzerritar guztien bihotza hainbesteko nobletasunarekin. Zure Garaitasunaren eskuetan jartzen dut neure komisioa, zeinaren indarrez (Erromako gortearen aginduz) zu, Yorkeko milord kardinala, niri elkarturik geratzen bait zera, auzi hau alderdirik gabe ebazterakoan.

ENDRIKE: Bi gizon merituz berdinak, berehalaxe emango zaio aditzera erreginari zer ziok ekarri zaituen hona. Non da Gardiner?

WOLSEY: Badakit zure maiestate horrek beti sentitu izan duela hain maitasun samurra emaztearenganako ezen ez bait diozu ukatuko maila eskasagoko beste edozein emakumek legez eska lezakeena: libreki defendatuko duten abokatuak.

ENDRIKE: Bai, eta adituenak izango ditu, eta nire faborea hobekien defenda dezatenak. Kontrakoa ez litzateke Jainkoaren gogokoa. Kardinala Gardinerri deitzeko eskatzen dizut, nire idazkari berriari; mutil jatorra delakoan nago.

 

(Badoa WOLSEY)

 

(Wolsey Gardinerrekin sartzen da berriro.)

 

WOLSEY: Emaidazu eskua; zorion eta fabore ugari opa dizut. Orain erregeri zagozkio.

GARDINER: Baina beti zure graziaren esanetara egongo naiz, zeinaren eskuak altxa bait nau. (Aparte)

ENDRIKE: Zatoz, hona, Gardiner (Aparte hitzegiten dute.)

KANPEIO: Milord Yorkeko, ez al zen dotor Bake izeneko bat lehen gizon honen lekuan zegoena?

WOLSEY: Bai, hala zen.

KANPEIO: Ez al zen jotzen gizon ikasitzat?

WOLSEY: Seguraski, bai.

KANPEIO: Sinetsidazu, gai hau dela-eta badabil hor zehar zu zeu ere ukitzen zaituen uste txar bat, lord Kardinala.

WOLSEY: Nola! Ni?

KANPEIO: Zalantzarik gabe esaten dute inbidia zeniola eta hain bertutetsua izanik gora egingo ote zuen beldurrez, urreneko postuetan edukitzen zenuela beti, eta horrek erasanik zoratu eta hil egin omen zela.

WOLSEY: Zeruetako bakea bedi berarekin! Bete dut behar adina neure kristau-eginbeharra; marmarrean dabiltzan biziei dagokienez, badira halakoentzat zuzenketa-lekuak. Kosta ahala kosta bere burua bertutetsu agertu nahi zuen zoro bat zen. Mutil zintzo horrek nire aginduak beste egiten ditu nik eskatuz gero. Bestela ez dut nahi beste inor neure inguruan. Jakizu hau, anaia: guk ez dugu onartzen jatorri arrunteko pertsonek astin gaitzaten.

ENDRIKE: Aditzera eman hau erreginari modu onean.

 

(Badoa Gardiner.)

 

        Honelako jakintsu-bilera baterako aurkitzen dudan tokirik egokiena Blackfriars da; hantxe bilduko zarete arazo larri hau aztertzeko. Ene Wolsey, zure esku dena prestatzea. O milord! Ez al da mingarria gizon sentiberarentzat hain ohaide gozoa zapuztea? Baina kontzientzia, kontzientzIa...O, hau oso puntu delikatua da! Eta uko egin beharrean gaude.

 

(Badoaz)

 

 

III ESZENA

 

Aurreganbara bat erreginaren geletan.

 

ANA BOLENA eta DAMA ZAHAR bat sartzen dira.

 

ANA: Ezta prezio horretan ere: horra zerk zauritzen duen bihotza: Bere garaitasuna hain luzaroan bizi izan da berarekin, eta hain da dama bertutetsua, ezen inork ezin izan bait du ahakar bat bakarrik ere egin beraren kontra. Alafede, sekula ez du jakin zer den kalte egitea. Ene! Orain, tronuan hainbeste eguzki ikusi ondoren bere ibilpidea amaitzen, beti maiestate eta ponpezia handiagoarekin —zeina hamar mila bider mingotsago bait da gozo baino, konkistaren hasieran— eta denbora epe honen ondoren, destainaz baztertu! Munstro bat ere gupituko luke horrek!

DAMA ZAHARRA: Bihotzik gogorrenak ere samurtzen dira berarengatik.

ANA: O, hainbat hobeto zukeen distira inoiz ezagutu izan ez balu! Irangankorra bada ere, bai, liskarti horiek, fortunak, banatzen bagaitu bere baitan daramanetik, hau hain da samin larria non arima gorputzetik banatzearen pareko!

DAMA ZAHARRA: Ai, dama gaixoa! Berriz ere hemen arrotza izango da.

ANA: Horregatik sorterazi behar du erruki handiagoa. Bene-benetan, askoz hobe da, zin egiten dizut, familia arruntean jaio izana eta eta gizaki xumeen artean bizitzea eta ez nahigabe distiranteen artean goratua izan eta tristura urreztatuz estalirik egon.

DAMA ZAHARRA: Geure poza dugu ondasunik hoberena.

ANA: Neure fede eta birjintasunagatik, ez nuke izan nahi erregina.

DAMA ZAHARRA: Nirearen galeragatik, nik izan nahi nuke, eta zuk ere izan nahiko zenuke, azaluskeria guzti hori gorabehera. Zu, emakumearen xarma ederrenak maila handi batean bildurik dauzkazun horrek, era berean emakume-bihotzaren jabe zara, gurentasuna, eta ondasun hauek, garbi hitzegiteko (nahiz eta muxinka ibili) zure kontzientzia malguaren gaitasun bigunak hartu nahiko lituzke, eta pozik hedatuko zenituzke.

ANA: Ez, alafedea.

DAMA ZAHARRA: Bai, alafedea, eta neure fedeagatik, ez al zenuke izan nahi erregina?

ANA: Ez zerupean dauden aberastasun guztiengatik.

DAMA ZAHARRA: Handia da gero! Hiru peniketako txanpona aski litzateke nire baietza erosteko erregina izateko, atsoturik banago ere. Baina esaidazu, arren, zer eritziko zenioke dukesa izateari? Ba al duzu sorbaldarik titulu hori eramateko?

ANA: Ez egitan.

DAMA ZAHARRA: Orduan izakera ahulekoa zara. Jaits dezagun maila bat. Ez nuke izan nahi konte gaztea eta neure bidean zurekin topo egin zera ez esateko: «Zure gerria ez bada zama horri eusteko, mutiko bat sortzeko ere ez da gauza izango.»

ANA: Hori berriketagura! Berriz zin egiten dizut mundu osoarengatik ere ez nukeela izan nahiko erregina.

DAMA ZAHARRA: Alafedea, Ingalaterra txikiarengatik arriskatuko zenuke bola, eta nik neuk ere arriskatuko nuke Carnavongo konterriarengatik, nahiz eta koroaren sail bakarra izan. Begira, nor dator?

 

(LORD TXANBELANA sartzen da.).

 

TXANBELANA: Egunon, andreak, Jakin al liteke zuen hizketaren isilpeko hori?

ANA: Ene milord maitea, ez du merezi galdetzerik ere; ez da zure galderaren dinako. Gure andrearen penak deitoratzen ari ginen.

TXANBELANA: Eginkizun jatorra eta emakume bertutetsuen dinakoa da; badago dena ongi amaituko den esperantza.

ANA: Amen, orain erregu egiten diot Jainkoari.

TXANBELANA: Arima onbera duzu eta Goikoaren onespenak eurrez isurtzen dira horrelakoen gainera. Jakin dezazun, dama ederra, benetan ari naizela eta goialdeetan norbait ohartu dela zure bertuteez, errege bere maiestateak nire bitartez zutaz duen iritzi ona jakinerazten dizu eta Pembrokeko markesa baino gutxiagokoa ez den titulu batez ohoratu nahi zaitu eta titulu horri bere eskuzabaltasunean, urtero mila libra esterlinatako saria gaineratzen diolarik.

ANA: Ez dakit zer eratako obendientzi mota erakutsi behar dudan; daukadana, eta are gehiago, hutsa da. Nire otoitzak hitzak baizik ez dira bertutearen itzalik gabeak eta nire gurariak airezko burbuila hutsalen pareko dira; halere gurariak eta otoitzak besterik ezin nezake bihurtu. Arren eskatzen diot zure jauntasunari aditzera eman diezaiola bere garaitasunari nire eskerrona eta menpekotasuna beraren osasuna eta subiranotasunaren alde otoi egiten duen dontzeila herabetia naizenez.

TXANBELANA: Andrea, ez naiz aspertuko erregek zutaz duen iritzi ona behin eta berriz baiesten. (Aparte) Ongi begietsi dut; edertasuna eta dintasuna halako maneraz elkartzen dira berarengan non erregeren bihotza liluratu duen. Eta nork daki oraindik dama honengandik ez ote den sortuko uharte guzti hau distiraz beteko duen perla? Errege ikustera noa eta zurekin mintzatu naizela esatera.

ANA: Ene lord ohoragarria!

 

(Badoa LORD TXANBELANA.)

 

DAMA ZAHARRA: Zer! Egina dago! Horra, horra! Hamasei urtez gortean eskean aritu naiz (oraindik ere gortesau eskale bat naiz) eta sekula ezin izan dut goizegiaren eta beranduegiaren tartea garaiz harrapatu libra banaka batzu eskuratzeko. Eta zu, hau patua! oraindik hemen arrain freskoa zaren horrek (fortuna apetatsu alena halakoa!) zabaldu baino lehen bete duzu ahoa.

ANA: Estrainioa deritzat honi.

DAMA ZAHARRA: Nola hartu duzu? Mingotsa al da? Berrogei penike ezetz! Bazen behin dama bat (ipuin zahar bat) erregina izan nahi ez zuena, Egiptoko lokatza guztiarengatik ere izan nahiko ez zukeena...Inoiz entzun al duzu ipuin hau?

ANA: Tira, txantxetan zabiltza.

DAMA ZAHARRA: Zure gaiaz larratxoriaren kantua menperatzeko gai nintzateke. Pembrokeko markesa! Mila libra urtean estimu hutsarengatik! Beste obligaziorik gabe! Alafedea horrek beste milaka askoren promesa dakar Ohorearen eskolta beraren aurrekoena baino ugariagoa da. Dagoeneko ikusten dut zure bizkarra dukerri bati eusteko modukoa dela. Esaidazu, ez al zara lehen baino indartsuago sentitzen?

ANA: Dama ona, alai zaitez zeure amets berezi horiekin eta utzi bakean honekin. Nireak egin dezala ohore hauek zipitzik asetzen banaute. Horrek ez nau tristetzen, ondoren zer etorriko den pentsatuz. Erregina lur jota dago eta ahaztu egin dugu geure ausentzia luzean. Arren eskatzen dizut, ez dezagula aditzera eman entzundakoa.

DAMA ZAHARRA: Nortzat hartzen nauzu?

 

(Badoaz)

 

 

IV ESZENA

 

Blackfriarsko aretoa

 

Tronpetotsa, errege-martxa, klarinak.

(Bi UJIER sartzen dira zilarrezko zigor laburrekin; hauen atzetik bi IDAZKARI doktorejantzitan; gero Canterburyko ARTZAPEZPIKUA, bakarrik; ondoren LINCOLN, ELY ROCHESTER eta SAINT-ASAPHEKO apezpikuak; eta handik gutxira aitonseme bat poltsan Zigilu Haundia daramala eta kardinal-kapelu bat; jarraian, bi apaiz zilarrezko gurutze banarekin; gero aitonseme UJIER bat, buruhas, arma-sarjento bat lagun duela, zilarrezko mazo batekin eta ondoren bi AITONSEME, zilarrezko bi pilare handi eskuetan dituztela; jarraian, alde banatan, WOLSEY eta KANPEIO bi kardinalak; bi noble ezpata eta mazoarekin).

(Ondoren ERREGE eta ERREGINA sartzen dira, eta bakoitzaren segiziokoak).

(ERREGE tronuko jarlekuan esertzen da; bi kardinalak beheraxeago, epailari gisa. ERREGINA ERREGEREGANDIK urrunduxerik jartzen da. APEZPIKUAK gortearen alde banatan esertzen dira konsistorio gisara, eta beherago IDAZKARIAK. LORDAK APEZPIKUEN alboan esertzen dira. UJIER-ALDARRIKARIA eta gainerako ENPLEGATUAK egoki denaren arabera banatzen dira aretoan barrena).

 

WOLSEY: Isiltasuna izan bedi Erromatiko gure botereen irakurketa egin bitartean.

ENDRIKE: Zer premia dago horretarako? Dagoeneko agerian irakurrita daude eta edonon onarturik dago berorien autoritatea. Aurreratu dezakezu, berez, denbora hori.

WOLSEY: Hala bedi. Ekin.

IDAZKARIA: Esan: Endrike, Ingalaterrako errege, Auzimahaiaren aurrean ager zaitez.

UJIER-ALDARRIKARIA: Endrike, Ingalaterrako errege, auzimahaiaren aurrean ager zaitez.

ENDRIKE: Hemen naiz.

IDAZKARIA: Esazu: Katalina, Ingalaterrako erregina, auzimahaiaren aurrean ager zaitez.

UJIER-ALDARRIKARIA: Katalina, Ingalaterrako erregina, auzimahaiaren aurrean ager zaitez.

 

(ERREGINAK ez du erantzuten, zutitzen da bere aulkitik, gurutzatzen du gortea, hurbiltzen zaio ERREGERI eta jartzen da belauniko; gero hitz egiten du).

 

KAT. ERREG: Jauna, eskubide eta justizia egin diezadazun nahi dut eta zure errukia eman diezadaz, zeren eta oso emakume ahula bait naiz eta arrotza, zure sailetatik kanpo jaioa; ez dut hemen inolako epailari alderdigaberik ezta berdintasun eta jarduera adiskidekorreko segurtasunik batere. Ai, jauna! Zertan nahigabetu zaitu nire portaerak honela ni zapuzteko bideak egin ditzazun eta zure grazia ona ukatzeko? Zerua dut lekuko zuretzat emazte leial eta umila izan naizela, betiere zure nahira egokitua, beti atsekabe emateko beldurretan, bai, zure aldartearen esanetara, alai nahiz triste, isuria ikusten nuen arabera. Noiz izan zen inoiz zure nahiari kontra egin nion ordurik edota neurea egin nuenik? Edota zure adiskideetako nor ez nintzen saiatu estimatzen nahiz eta neure etsai nituela jakin? Nire zein adiskideri gorde diot neure onginahia zure kolera erakarri zuela jakin ondoren? Ez al nion kasu honetan jakinerazten neure onespena kentzen niola? Jauna, gogoratu zeure emazte izan nauzula, esanekotasun honetan, hogei urteko epean, eta zure seme-alaba ugariz bedeinkatua izan naizela. Denboraldi honetako ibilpide eta gorabeheretan nire ohorearen aurkako zerbait alegatu eta frogatzeko gai bazara, edota nire ezkon-leialtasun, edo maitasun eta zure pertsona sakratuarekiko eginbeharretan, Jainkoaren izenean bidal nazazu zeure ondotik eta laido lotsagarrienak itxi diezadala bere atea eta hala jar nazala justiziaren epaitzik zorrotzenaren azpian. Zilegi bekit esatea, jauna, errege zure aita printzipe txit zuhurtzat zeukan jendeak, zentzu bikain eta talentu paregabez hornitutzat. Fernando nire aita Espainiako errege, aspaldidanik erregetzan ari izandako printziperik jakintsutzat jotzen zen. Ez dago zalantzarik nor bere erresuman bildua zuela Kontseilu prestua, zeinak auzi hau eztabaidatu ondoren, legezkotzak jo zuen gure ezkontza. Beraz, umilki erregutzen dizut, jauna, hau bertan behera utz dezazula harik eta nik kontseilu har dezadan arte Espainiako neure adiskideengandik, zeinen aholkua eskatzen ari bait naiz. Bestela, Jainkoaren izenean, zure nahia egin bedi.

WOLSEY: Hemen dituzu, andrea (eta zerorrek hautaturik) aita agurgarri hauek, zintzotasun eta jakituria aparteko gizonok, bai, erresumako floria, zure kausa defendatzeko bildu direnak. Alferrik da beraz bai zure onerako eta bai erregeren kontzientziako eskrupuluak lasaitzeko, gorteari bere epaitza ematea berandutzeko eskatzea.

KANPEIO: Zure grazia zuzen eta arrazoiz mintzatu da; beraz, andrea, komenigarri da bilera hau segitzea eta berandu gabe beronen argudioak azaltzea eta entzutea.

KAT. ERREG: Lord Kardinala, zuri mintzatzen natzaizu.

WOLSEY: Zer nahi duzu, andrea?

KAT ERREG: Jauna, negar egiteko zorian nago; baina erregina naizela pentsaturik (edo gutxienez hala amets egin dut luzaroan) neure negar-malkoak suzko txinparta bihurtuko ditut.

WOLSEY: Izan pazientzia oraindik.

KAT ERREG: Zu umila izandakoan izango dut nik ere: aurretik ez, bestela Jainkoak zigortuko ninduke. Uste dut, gorabehera indartsuek eraginik, nire etsai zarela eta neure eskubidearen izenean arbuiatu egiten zaitut epailaritzat. Zuk piztu bait duzu nire jaunaren eta nire artean Jainkoaren ihintzak iraungi lezakeen ikatz gori hau! Beraz, berriz esaten dut, erabat esesten zaitut, bai, bihotz-bihotzez eta arbuiaizen zaitut nire epailaritzat eta beste behin diot, neure etsai zitalentzat eta beste behin diot, neure etsai zitalentzat zauzkadala eta inola ere ez zaitudala jotzen egiaren adiskidetzat.

WOLSEY: Aitortzen dut ez duzula hitzegiten zeuk ohi duzunez, eta gaurdainokoan karitatezko frogak eman eta zeure egintzetan izakera jator baten eta emakumezkoaren ahalmenen gainetik dagoen jakituria bat erakutsi izan duzula. Andrea, irain egiten didazu; ez dut gaizkinahirik zure aurka, ez dut bidegaberik egiteko asmorik ez zure eta ez beste inoren aurka. Orain arte hartu ditudan neurri guztiak eta aurrerantzean hartuko ditudanak Konsistorioaren komisioz baimenduak dira, bai, Erromako Konsistorio osoarenaz; Ikatz gori hau piztu izanaz salatzen nauzu; uko egiten dut; errege aurrean dago; ni neure portaera gezurtatzen ari naizela uste badu, halako erraztasun eta justizia handiz zigor dezake nire faltsikeria! Bai, zuk nire egiatasuna zigortu duzun bezain errazki. Zuk salatzen nauzunetik garbi nagoela baldin badaki, badaki era berean garbi nagoela zure ahakarkizunetatik. Berarengan dago, horretaz, egiten didazun zauriaren erremedioa, eta zeure bihotzetik pentsamentu horiek baztertzean dago erremedioa eta berak erremedio hori niri emateko ahoa zabal dezan baino lehenago, arren eskatzen dizut, andre prestua, zeure hitzak jan ditzazula eta ez zaitezela gehiago mintza horrela.

KAT. ERREG: Milord, milord! Ni emakume sotila naiz eta txit ahula zure trebeziaren aurka burrukatzeko. Zu umila eta leuna zara hitzetan. Zeure postuan eta apaizgoan dirudienez samurtasun eta umiltasunez beterik aritzen zara; baina zure bihotza hantuste, gorroto eta harrokeriaz beterik dago. Gaur erregerengandiko fortuna eta faboreei esker ozta-ozta gainditu dituzu eskalaren maila apalenak eta orain botere politikoak zeure morroi dituzun lekura igo zara. Zuk emandako aginduak, lekaio esanekoek betetzen dituzte zure gogora. Esan beharra dizut: zeure pertsonaren ohoreari kontu gehiago egiten diozu zeure eginbehar espiritual gorenari baino; berriz ere arbuiatzen zaitut epailaritzat eta hara, denen aurrean, Aita Santuarengana jotzen dut, nire kausa osoa Bere Saindutasunarengana eramana izan dadin eta berak epai dezan. (Erregaren aurrean makurtu eta alde egiteko prest jartzen da.)

KANPEIO: Erregina setati jarri da akusatzeko prest dagoen justiziaren aurka erreboltatuz eta ez du onartzen epaiketarik. Hori ez dago ongi. Eta alde egitera doa gainera.

ENDRIKE: Dei egiozue berriro.

UJIER-ALDARRIKARIA: Katalina, Ingalaterrako Erregina, ager zaitez epaimahaiaren aurrean.

GRIFFITH: Andrea, dei egiten dizute.

KAT ERREG: Zer premia duzu orain bera zaintzeko? Arren, jarrai zeure bideari. Zuri deitutakoan, itzul zaitez.-Orain, Jainkoak gorde nazala, pazientzia galtzeraino umilarazten naute. Zoaz, erregu egiten dizut! Ez, eta sekula gehiago ez naiz agertuko auzitara arazo honetarako hori bileran dagoela! (ERREGINA, GRIFFITH eta segizioko gainerakoak irten egiten dira.)

ENDRIKE: Jarraitu zeure bideari, Katalina. Emazte hobea duela aitortzera ausartzen den gizonari inork ez diezaiola sinets, gezurretan ari bait da. Zu, zu bakarrik zara munduko erreginen erregina, halaxe aldarrikatuko bait zintuzkete zure gaitasun bakanek, zure prestutasun samurrak, zure santuetsipenak, zure ezkon-zuzentasunak, zure esanekotasun zorrotzak eta zure erakarmen jaieratsuak eta subiranotasunak! Odol leinargikoa da eta bere egiazko leinargitasunari dagokionez portatu nirekin.

WOLSEY: Jaun txit graziazkoa, ahalik eta modurik apalenean erregu egiten diot zure garaitasunari aldarrika dezazula arren entzulego guztiaren aurrean (izan ere eraso eta irindu nauten toki berean zor bait ordaina, nahiz eta hau ez izan erabat asebete naitekeen lekua eta ordua) ea inoiz nire kabuz arazo honen eragile izan naizen edota zure espirituan eskrupulurik sorterazi dudan gai honetaz itaunik egitera bultza zintzakedanik, edota inoiz hitzegin al dizudan erreginaz Jainkoari eskerrak emanez izanezik hain dama erregetiarra delako, edota hitz txikienik ere esan al dudan orain duen mailaren kaltetan edo bere izen onari laido egin liezaiokeenik.

ENDRIKE: Milord, kardinala, desenkusatzen zaitut bai; neure ohoreagatik absolbitzen zaitut guztitik. Ez dago esan beharrik etsai ugari duzula, nahiz eta ez jakin zergatik diren halako, baina baserriko txakurren gisara, zaunka egiten dute albokoei entzutean. Hauetako batzuk erreginaren kolera irazeki dute. Desenkusaturik zaude. Baina osokiago zuribideturik geratu nahi al duzu? Beti izan da zure gogoa arazo hau ilaundurik egon zedin; inoiz ez duzu nahi izan aurrera jotzerik, baizik eta sarri, sarriegi, geldierazteko ahaleginak egin dituzu. Neure ohoreagatik, libre utzi nahi dut puntu honetan ene lord kardinala eta erabat zuribidetzen dut. Orain —zerk honetaratu nau?— zeure arreta eta denbora eskatzen dizkizut orduan juzkatu ahal izango duzu. Hara nola gertatu den. Honelaxe izan da. Itzartu ziren lehendabizikoz eskrupuluak eta barne-zimikoak Baionako apezpikuak jaurtikitako hitzaldiengatik, Frantziako enbaxadore bait zen garai hartan eta Orleanseko dukea eta gure alaba Mariaren arteko ezkontza-asmoaren tratuak egitera hona bidalirik zegoela. Arazo honen baitan, berak erabaki bat hartu baino lehen (apezpikuaz ari naiz), atzerapen bat eskatu zuen bere jaun erregeri jakinerazteko ea gure alaba legezkotzat jo zitekeen erregina alargunarengandik jaioa zenez gero, zeina aurretik gure anaiaren emazte izana bait zen. Atzerapen honek barne-muinetaraino astindu zuen nire kontzientzia, bai, indar deuseztatzailez sartu zen eta dardar eragin zion nire bihotz-aldeari; horrek ireki zion hain bide luzea nire eskrupuluari, beste era askotako gogoetek zauritu eta beren mehatxuez inguratu ninduten arte. Lehenengo eta behin iruditu zitzaidan zeruak ez zidala irribarre egiten; naturari ordenatua ziola nire emaztearen sabelak, mutilik sortzen bazuen, ez ziezaiola eskain beste bizibiderik hilobiak hildakoei eskaitzen diena izan ezik, izan ere haren ondorengo mutilak edo sortu eta berehalaxe hiltzen bait ziren edota mundu honetako airetara irten eta handik gutxira. Orduan ekin nion pentsatzeari hau nire aurka zegoen sententziaren bat zela; nire erresumak, munduko oinordekorik bikainenaren dinakoa zenak, ez zuela lortuko nigandik halako pozik. Ondoren hasten nintzen aztatzen ondorengo gabezia horrengatik zer-nolako mehatxuren menpean zegoen nire erresuma, eta honek larritasun ankerrak sortzen zizkidan. Nire kontzientziaren itsaso asaldatuan noraezean nenbilela, erremedio honetarantz zuzendu nituen belak, eta horretarakoxe gaude hemen orain bilduta; hau da, neure kontzientzia juzkatzeko erabakia hartzen dudala —orduan guztiz gaisotua eta oraindik ongi ez—, sentitzen nuena —herrialde honetako aita agurgarri eta doktore jakintsuez. Aurrena zuri hasi nintzaizun neure barrua zabaltzen, Lincolneko milord hori; gogoan izan nolako estuasunak itorik nindukan lehenengo aldiz laguntza eskatu nizunean.

LINCOLN: Egia handia, ene subiranoa.

ENDRIKE: Luzaro mintzatu naiz; esazu zerorrek zer norabide gomendatu zenidan.

LINCOLN: Zure garaitasunaren baimenaz, hainbesteraino asaldatu ninduen auziak hasieran, aparteko garrantzia eta ondorio guztiz larriak zituela uste izanik, ezen, nire espirituak iradokitzen zidan aholkua gogoetapean jarri nahi izan bait nuen, eta orain hemen bildurik gauzkan erabakia hartzeko burubidea eman nion zure maiestateari.

ENDRIKE: Orduan zuregana jo nuen, milord Canterburyko, eta baimena eskatu nizun oraingo batzar honetara dei egiteko: gorte honetako pertsona agurgarri bakar bat ere ez dut utzi aholkua eskatu gabe, baina batez ere zuetako bakoitzaren onespenez deitu dut, zeuon eskuz eta zigiluz sinatua eta zigilatua delarik. Honela, jarrai dezagun, zeren ez bait da erregina jatorraren aurkako inolako etsaigoa baizik eta oraintsu agertu ditudan arrazoien punta zorrotz eta mingarriak honela jokatzera behartzen nautenak. Frogatu soilik gure ezkontza legezkoa dela eta neure biziarengatik eta neure errege-dintasunarengatik, poz-pozik jarraituko dugu geure bizialdian erregina Katalinarekin izan ere munduak eskain lezakeen bikainena baino gehiago maite bait dut.

KANPEIO: Zure garaitasunak baimena ematen badu, erregina bertan ez dagoela, guztiz komenigarria da auzilan hau atzeratzea hurbileko egunen batera arte. Bitartean isituki eskatu behar zaio erreginari uko egin diezaiola Aita Santuarenganako apelazio horri. (Zutik jartzen dira alde egiteko.)

ENDRIKE: (Aparte.) Susmoa dut kardinal hauek olgetan dabiltzala nirekin: gorrotoa diet motelkeria berandutzaile hauei eta Erromaren kautela honi. Ene Cranmer, zerbitzari jakintsu eta txit maitea, zatoz, mesedez; zu hurbildu-ala, badakit nire atsedena ere etorriko dela.— Disolbatu batzarra! Zoazte, arren! (Sartu ziren ordena berean ateratzen dira.)

 

aurrekoa | hurrengoa