|     78 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

WILLIAM SHAKESPEAREN KRONOLOGIA

 

        1564. Stratford-on Avonen jaiotzen da eta apirilaren 26an bataiatzen dute. John Shakespeare, zenbait udal-kargu izan zuen merkatari baten zortzi seme-alabetariko hirugarrena zen.

        1576. James Burbagek, «The Theatre» eraikitzen du, teatro-emankizun publikoetarako lehendabiziko eraikuntza. Gerora «The Curtain».

        1577. «The Rose» (1587) eta «The Swan» (1596) sortuko dira.

        1582. Azaroaren 28an, Shakespeare ezkondu egiten da Anne Hathawayrekin, berak baino zortzi urte gehiagoko emakumearekin.

        1583. Susanna, lehen alabak, bataioa hartzen du maiatzaren 26an.

        1585. Otsailaren 2an Hamnet eta Judith, bikiek bataioa hartzen dute.

        1592. Shakespeareri buruzko aipamenak agertzen dira, autore eta dramaturgo gisa. Seguraski beste norbatekin lankidetzan burututako obrak dira eta Derby, Pembroke eta Sussexeko konteen konpainiek antzeztuak.

        1593. Itxi egiten dituzte Londreseko teatroak izurritea dela-ta. Venus eta Adonis, bere lehen poema argitaratzen du, Henry Wriothesley, Southhamptongo konteari dedikatua.

        1594. Titus Andronicus bere lehen testu dramatikoa argitaratzen du, baina izenik gabe. Berriro teatroak irekitzen dira eta Londresko konpainiak berrantolatzen hasten dira. «The Lord Chamberlain's Men» izeneko konpainia sortzen da, Shakespeare bertako kide delarik.

        1596. Hamnet hiltzen da, Shakespearen seme bakarra. Urriaren 20an John Shakespeare, dramaturgoaren aitari, armarria izateko eskubidea ematen zaio, «Non sancz droit» inskripzioarekin eta gentleman edo kapare titulua berarentzat eta ondorengoentzat.

        1598. Francis Meresek bere Palladis Tamia tratatua argitaratzen du eta bertan Shakespearen teatro-lana goresten du, Plauto eta Senecarekin konparatuz.

        1599. «The Theatre» porrokatzen dute eta bertako zenbait material «The Globe» eraikitzen erabiltzen dituzte. Bertan arituko da konpainia Blackfriarseko areto estalian jarduterik izan ez zuelako.

        1601. Irailean Shakespearen aita hiltzen da Stratforden.

        1603. Martxoaren 24ean Elizabeth I hiltzen da. Jakobok, Eskoziako VI eta Ingalaterrako I-nak beretzat hartzen du maiatzaren 19an «Lord Chamberlainen» konpainia eta harrez gero «The King's Men» izendatuko delarik. Shakespeare konpainia honen gestoreen artean dago baina aurrerantzean ez da agertuko aktoreen artean.

        1608. Irailean Mary Arden, Shakespearen ama hiltzen da. «The King's Men» konpainia Blackfriarseko teatro estaliaz jabetzen da, bertan emanaldiak egiteko.

        1609. Shakespearen Sonetoak argitaratzen dira. Stratforden bizi zen arren, interesak zituen konpainian eta dramak idazten jarraitzen du.

        1613. Ekainaren 29an sute batek kiskailtzen du «The Globe» teatroa, Henry VIII antzezten ari zirela disparaturiko artileri salba batengatik.

        1616. Otsailaren 10ean Judith, alaba, ezkontzen zaio Thomas Quineyrekin, nahiz eta elkartze hau Shakespearen oso gogokoa ez izan. Martxoaren 25ean testamentua egiten du, eta apirilaren 23an hiltzen da, Stratfordeko Holy Trinity-n ehorzten dutelarik.

        1623. Abuztuaren 6an hiltzen da Anne Hathaway, Shakespearen alarguna. Isaac Jaggard eta Edward Blountek, John Heminge eta Henry Condellen laguntzarekin, Shakespearen 36 drama argitara ematen dituzte, First Folio izeneko liburu batean eta titulu honen pean: «Mr. William Shakespeares Comedies, Histories & Tragedies».

 

aurrekoa | hurrengoa