|     78 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


IV EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

Westminsterreko kale batean

 

(BI ZALDUN sartzen dira elkarrekin topo eginez).

 

1 ZALDUNA: Zaitez ongi aurkitua beste behin.

2 ZALDUNA: Baita zu ere.

1 ZALDUNA: Hemen kokatzera al zatoz lady Ana koroakuntzatik itzultzen ikusteko?

2 ZALDUNA: Beste helbururik ez dut. Azkenekoz elkar ikusi genuenean Buckinghameko dukeari egin zioten itaunketatik itzultzen ikusi genuen.

1 ZALDUNA: Egia da; hain hur dolu-eguna zen; hau alaitasunezkoa da guztiontzat.

2 ZALDUNA: Egia. Ziur nago hiritarrek zabal adierazi dituztela beren egiazko sentimenduak (eta hori, justizia egin bekie, bizkor egiten dute) egun honen ospakuntzan pantomina, ikuskari ponpezitsu eta begiramenezko beste erakusketa batzurekin.

1 ZALDUNA: Inoiz ez da ikusi honenbesteko arazeriarik, eta benetan diotsut, ezta hobeto onarturik ere, jauna.

2 ZALDUNA: Ausartegia ote naiz eskuan daukazun horrek zer dioen galdetzen badizut?

1 ZALDUNA: Ez, usadiozko eskubidez, koroakuntzakoan beren karguen pribilegioa, gaurko egunez eskatzen dutenen zerrenda da. Suffolkeko dukea da lehena eta maiordomo izatea eskatzen du; ondoren Norfolkeko dukea, konte mariskal gisa; gainerakoak irakur itzazu.

2 ZALDUNA: Eskertzen dizut, jauna; ohitura horiek ezagutuko ez banitu, zure paper horretara begiratzera beharturik aurkituko nintzatekeen. Baina arren eskatzen dizut, zer izan da Katalinaz, pritzesa alargunaz? Nola doa horren arazoa?

1 ZALDUNA: Horren berri ere emango dizut. Canterburyko artzapezpikuak, bere Ordenako pertsonaia jakintsu eta agurgarriak lagun dituela, berrikitan justiziazko epaiketa bat egin du Dunstabien, Ampthilletik sei miliatara, non bizi zen printzesa. Beraiek behin eta berriz dei egin zioten auzitegira, baina inoiz ez zen agertu; eta labur esateko, agertu ez zelako eta erregeren azken eskrupuluak kontutan harturik, gizaseme prestu guzti hauen oneritziz dibortziatua izan da eta iraganeko ezkontza baliogabeturik geratu da. Harrez gero Kimboltonera baztertu zen eta bertan bizi da orain gaisorik.

2 ZALDUNA: Ai, emakume gajoa!

 

(Tronpeta-soinu bizia entzuten da.)

 

Tronpeta-hotsa da. Bertan geratuko gara. ERREGINA iristera doa.

 

 

SEGIZIOAREN ORDENA

 

        Sarrera:

        1. Bi epaikari.

        2. Lord Kantzelaria, aurretik poltsa eta mazoa dituela. 3. Kantari-taldea.

        4. Londresko Alkate Nagusia, mazoa daramala. Berehalaxe, Jarretierako Heraldoa, bere arma-kotarekin, eta buru gainean, kobrezko koroa urreztatua dakarrela.

        5. Dorset-eko Markesa, urrezko zetroa dakarrela eta buruan metal bereko erdi-koroa. Beronekin Surreyko kontea, konte-koroatxo batekin eta erpinean usoa duen zilarrezko zigorrarekin. SS erako goilareak.

        6. Suffolkeko Dukea, zeremoni jantzitan eta duke-koroarekin, zigor luze zuria dakarrela, errege-etxeko maiordomo nagusiari dagokionez. Beronekin Norfolkeko Dukea, mariskal koroa eta makilarekin. SS erako goilareak.

        7. Bost Portuetako Lau Baroiek daramatelarik palioa; beronen azpian. Erregina, erret intsigniekin eta perlaz apainduriko buruaren gainean, koroa. Alde banatan, Londres eta Winchester-eko Apezpikuak.

        8. Norfolkeko Dukesa, edadetua, lorez nahasturiko koroa urrezkoarekin, erreginaren isatsa eskuetan duela.

        9. Zenbait Dama edo Kontesa, urrezko obo soilekin, lorerik gabe.

 

2 ZALDUNA: Erregina baten dinako segizioa! Ezagutzen ditut hauek. Nor da zetroa dakarren hori?

1 ZALDUNA: Dorset-eko markesa; eta zigorrarekikoa, Surreyko kontea.

2 ZALDUNA: Kapare arranditsu eta bipila! Eta harako hura Suffolkek kontea da, nonbait.

1 ZALDUNA: Huraxe bera: erret etxeko maiordomo nagusia da.

2 ZALDUNA: Eta hori: Norfolkeko milorda?

1 ZALDUNA: Bai.

2 ZALDUNA: (ERREGINARI begiratuz) Zeruek bedeinka zaitzatela! Inoiz ikusi dudan imajinarik politena zara... Jauna, arimaren jabe naizen bezain egiazki, aingeru bat da. Gure erregek bere besoen artean dauzka India guztiak, eta besteak baino aberatsagoak eta ederragoak, dama hau besarka dezanean. Ezin dut gaitzetsi haren kontzientzia.

1 ZALDUNA: Palioa erreginaren gainean darabiltenak Bost Portuetako lau baroiak dira.

2 ZALDUNA: Zorionekoak gizon horiek, eta halaber erreginaren ondoan dauden guztiak. Isatsari eusten ari den emakume adineko hori Norfolkeko Dukesa da, nonbait.

1 ZALDUNA: Bera da, eta gainerako guztiak kontesak dira.

2 ZALDUNA: Koroatxoek hala diote. Benetan dira izar, eta batzu, izar goriak gainera.

1 ZALDUNA: Uztagun hori.

 

(Tronpeta-soinu handi batekin ekiten zaio prozesioari.)

 

(Hirugarren ZALDUN bat sartzen).

 

        Jainkoak gorde zaitzala, jauna! Nondik zatoz beroturik?

3 ZALDUNA: Abatetxean estu-estu eginik dagoen jendetzatik, ez bait zegoen hatzamar bat ere sartzeko lekurik. Alaitasunezko jario hutsez berotu naiz.

2 ZALDUNA: Ikusi al duzu zeremonia?

3 ZALDUNA: Bai.

1 ZALDUNA: Ikustekoa benetan!

2 ZALDUNA: Kontaiguzu, gizona!

3 ZALDUNA: Ahal bezain ongi. Lord eta damazko segizio distirantea, koruan prestaturiko lekura lagundu ondoren erregina, berarengadik zertxobait aldendu zen. Bitartean bere grazia tronu bikain batean eseri zen, atseden piska bat hartzeko, ordu erdi batez edo, bere buruaren edertasuna jendaurrean zabal erakutsiz. Sinetsidazu, jauna, inoiz gizonen ohera sartu den emakumerik seduzitzaileena dela. Jendeak nahierara ikusi ahal izan zuelarik, ekaitz zakarrak astindutako ontzibelek itsasoan ateratzen duten gisako zurrumurru bat sortu hain bait zen sendoa eta soinu hain desberdinetakoa: kapeluak, kapak (eta jupoiak era bai esango nuke) hegaz ibili dira, eta haien aurpegiak nabarmendu ahal izan balira, gaur galdu egingo zituzketen. Sekula ez dut ikusi hainbesteko alaitasunik. Emakume aurreratuek kinkarako astebete ere falta ez zitzaiela, jendetza beren sabelez urratzen zuten, arieteak aintzinako gertan bezala, atzera eraginez. Inork ezin zezakeen esan han: «Hau da nire emaztea»: hain estrainioki nahasturik bait zeuden emakume denak multzo berean.

2 ZALDUNA: Baina, zer gertatu da gero?

3 ZALDUNA: Azkenik zutitu zen bere grazia, eta urrats neurtuak emanez aldarera joan eta bertan belaunikatu zen eta santa baten gisara zerurantz jaso zituen bere begi ederrak eta debozioz etoi egin zuen. Gero atzera zutitu eta herriaren aurrean makurtu zen. Onduan, Canterburyk artzapezpikuaren eskutik erreginatasunaren kanpo-intsigniak hartu zituen, hala nola, olio santua, Eduardo Aitorlariaren koroa, zigorra eta bake-hegaztia eta nobleki ezarri zizkioten beste ezaugarri guztiak. Hau eginik, koruak, erresuma osoko musika hautatuenaz Te Deum kantatzeari ekin zion. Honenbestez abiatu zen, eta segizio ponpezitsu berarekin York-Place-era itzuli zen, non ospatzen bait da jaia.

1 ZALDUNA: Jauna, aurrerantzean egoitza horri ez zaio deitu behar York-Place, zaharkiturik bait dago, zeren eta kardinalaren erorikotik galdu egin bait du izena; orain erregerena da eta White hall du izena.

3 ZALDUNA: Badakit; baina aldaketa hain da berria ezen oraindik buruan bait dut izen zaharra.

2 ZALDUNA: Nortzu ziren erreginaren alboan zihoazen apezpiku agurgarriak?

3 ZALDUNA: Stokesly eta Gardiner, bata Winchesterrekoa (erregeren idazkari izatetik oraintsu postu berrian jarria); eta bestea, Londresekoa.

2 ZALDUNA: Winchesterrekoak ez du Artzapezpikuaren Cranmer bertutetsuaren adiskide delako hots handirik.

3 ZALDUNA: Herri osoak daki hori. Dena dela ere, banaketa ez da oraindik hain nabarmena eta gerta dadinean, Cranmer-ek bertan behera utziko ez duen adiskideba aurkituko du.

2 ZALDUNA: Nor izan liteke, arren galdetzen dizut?

3 ZALDUNA: Tomas Cromwell, erregerengana sarrera handiko gizona, baita adiskide dinakoa ere. Erregek koroaren bitxizain izendatu du eta dagoeneko kontseilu pribatuko kide da.

2 ZALDUNA: Gehiagora helduko da.

3 ZALDUNA: Bai, zalantzarik gabe. Tira, zaldunok, zatozte nirekin; gortera noa eta bertan nire arrotz izango zarete. Badut infludentziarik. Joan gozela kontatuko dizuet gehiago.

BIAK: Agindu nahi duzuna, jauna.

 

(Badoaz)

 

 

II ESZENA

 

KIMBOLTON

 

(KATALINA sartzen da. ERREGINA alargundua, gaisorik, GRIFFITH eta PAZIENTZIAREN arrimuan)

 

GRIFFITH: Nola aurkitzen da zure grazia?

KATALINA: O, Griffith, herio-gaisoarekin. Zangoak, adar abailduen antzera, lurrerantz makurtzen zaizkit, beren zamari ihes egin nahirik. Hurbilidazue aulki bat... Horrela..., orain atsedentxo bat sentitzen dudala esan nezake... Ez al didazu esan, Griffith, hona nindekarzula, fortunaren muskil ospetsua, Wolsey kardinala, hil egin dela?

GRIFFITH: Bai, andrea; baina uste nuen zure graziak, nozitzen ari zinen oinazearengatik, ez zidala jaramonik egiten.

KATALINA: Mesedez, Griffith, esaidazu nola hil den. Ongi hil bada, aurreko zorionekoa dut, neure jarraibiderako.

GRIFFITH: Zurrumurruek diotenez azken ona izan omen du, andrea. Northumberlandeko konte ahaltsuak Yorken atxilotu eta larriki laidoturiko gizonaren gisa, zigorra emateko aurkeztu nahi izan zuenean, bapatean gaiso jarri zen eta hain ahul geratu zen non mando gainean bere buruari eusteko ere gauza ez zen.

KATALINA: Ai, gizon gaisoa!

GRIFFITH: Azkenean, txango laburrak eginez, iritsi zen Leicestera eta abatetxean geratu zen ostatuz, non abate prestuak, bere komentu osoarekin, abegi ohoretsua egin zion. Kardinalak hitz hauek esan zizkion: «O, aita abatea, politikaren ekaitzek lurreraturiko agurea dator zuen artean bere hezur nekatuak uztera. Lur piska bat emaiozu, karitatez» Gero ohean sartu zen, non eritasunak zitalki azpijanean ekin zion, eta handi hiru gauetara, zortziak aldean (bere bizitzako azkentzat izendaturik zeukan orduan), damuz, etengabeko gogoeta, malko eta hasperenez beterik, utzi zizkion berriro munduari bere dintasunak, bere parte bedeinkatua zeruari eta bakean hartu zuen loak.

KATALINA: Hala beza atsedena ere; pisu arineko gerta dakizkiola hutsegiteak! Hala eta guzti ere, Griffith, zilegi bekit beratzaz zer pentsatzen dudan esatea libreki, karitatezko betebeharren hutsik egin gabe. Neurririk gabeko harrokeria zuen gizona zen, beti erregeen parean jarri nahian ibiltzen zen; bere despotismoagatik erresuma osoa murrizturik utzi duen gizona; simonia zuen bere joko garbia; bere iritzia zuen lege. Aurrez-aurre ukatu egingo zizukeen egia, eta beti tolestasunez portatzen zen bere hitzetan eta egintzetan. Hondamendia asmatzen ari zenean bakarrik agertzen zen atseginkor Promesak bere orduan bezalakoak ziren, bikainak; baina egintzak bere orain bezalakoak ziren, hutsalak. Ohitura txarrekoa izan zen eta jarraibide txarra eman zion apezeriari.

GRIFFITH: Andre noblea, gizonen txarkeriak brontzean grabaturik geratzen dira; bertuteak uretan idatzirik. Utziko al dit orain zure garaitasunak haren alderdi onak aipatzen?

KATALINA: Bai, Griffith; bestela gaizki-nahia legoke nigan.

GRIFFITH: Kardinal hau, jaiotzez apala izan arren, seaskatik ohore handitara deiturik zegoen zalantzarik gabe. Ikasle zela, burutsua eta zentzuduna zen, jakituria apartekoa zuen, etorri handi eta sarkorra zuen. Gogorra eta burgoia zen maite ez zutenekiko, baina uda bezain gozoa errondan zebilzkionentzat. Eta hartzen aseezina izan bazen ere —eta hau bekatua zen—, guztiarekin ere, andrea, benetan oparoa zen ematen. Zaitezte zuek betirako lekuko, berak jasotako zientziaren saindutegi bikiok, Ispich eta Oxford! Zeinetariko bat berarekin batera erori bait da, sortzailea baino luzaroago bizi nahi ezta! Bestea, amaitu ez bada ere, hain da ospetsua, hain bikaina arteetan eta hain aurreratze jarraitukoa, non kristaudiak beti hitzegingo duen haren merezimenduez. Bere erorikoa zorion-iturri bihurtu zitzaion, zeren orduan, eta orduan bakarrik, ezagutu bait zuen bere burua eta ulertu zuen txiki izatearen ditxa; eta zahartzaroan gizonek emana baino ohore handiagoaren jabe izateko, Jainkoaren beidurrean hil da.

KATALINA: Nire heriotzaren ondoren, bizitzan egindako nire egintzen aldarrikari eta historialari izateko eta nire ohorea gaizki-esanetik babesteko ez dut nahi inor baizik eta Griffth bezalako kronikalari bat. Bizi zen bitartean gorroto izan dudanaren hautsak ohorarazi dizkidazu orain zeure egiatasun eta neurrizkotasun erlijiozkoaz. Bedi bakea berarekin! Pazientzia, zaude oraindik nire ondoan eta jar nazazu beherago. Ez zaitut nekaraziko luzaroan... Ene Griffith, eskaiezu arren soinujoleei aire melankoliati hori, nik hileta-ezkila deitzen dudana, jo diezadatela, aurki gozatuko ditudan atsegin zerutiar horien gogoeta egiten ari naizen bitartean.

 

(Musika triste eta handiosa)

 

GRIFFITH: Loak hartu du. Ene alaba, eser gaitezen isilean, ez esnatzeko... Eztiro, Pazientzia prestua.

IKUSKARIA: (Banan-bana, sei pertsonaia sartzen dira bata bestearen atzetik, jantzi zuritan bildurik, buruetan erramu-girlandak eta aurpegietan urrezko maskarak dituztela; palma edo erramu-abarrak eskuetan. Aurrena erreginaren aurrean makurtzen dira, gero dantza egiten dute, eta itzulinguru jakinetan aurreneko biek girlanda bat altxatzen dute beren buruen gainetik, beste lauek begirunezko gurketak egiten ari diren bitartean; girlanda zeukaten biek hurrengo beste biei, eta irudi berberak errepikatzen dituzte, girlanda buruaren gainetik dutela. Hau eginik, azkeneko biei pasatzen diete girlanda, eta hauek ere ordena bera gordetzen dute beren aldaeretan. Orduan, inspirazioz bezala, erreginak poz-seinaleak nabarmentzen ditu lotaldian eta zerura jasotzen ditu eskuak; eta honela, beti dantzari, airean galtzen dira, girlanda daramatela. Musikak jarraitu egiten du).

KATALINA: Bake-espirituak, non zaudete? Denek alde egin al duzue ni neure lazerian utzirik?

GRIFFITH: Hemen gaude, andrea.

KATALINA: Ez naiz ari zuei deika. Ez al duzue ikusi inor sartzen loak hartu nauenetik?

GRIFFITH: Inor ez, andrea.

KATALINA: Ez! Ez al duzue ikusi arestian izaki doatsuzko multzo bat oturuntza baterako gomita egiten zidatelarik; zeinen aurpegi distiranteek mila errainu zuzentzen zizkidaten eguzkiaren modura? Betirako zoriontasuna agindu didate eta girlandak ekarri dizkidate, Griffith, nahiz eta haiek erabiltzeko oraindik dinako ez naizen. Baina izango naiz seguraski.

GRIFFITH: Oso pozten naiz, andrea, zure irudimena hain amets lasaiek bete izanaz.

KATALINA: Agin ezazu musika jotzeari utz diezaiotela. Nekatu eta triste jartzen nau.

 

(Musika atertu egiten da.)

 

PAZIENTZIA: (Aparte) Igartzen al diozue bere graziak bapatean izan duen aldaketari, aurpegia nola zorroztu zaion? Bai zurbil dagoela, eta lurra bezain hotza. Hara begiak!

GRIFFITH: (Aparte)Zeruak eman diezaiola adore. (MEZULARIA sartzen da)

MEZULARIA: Zure graziaren baimenarekin...

KATALINA: Mutil ergela zara. Ez al dugu merezi begiramen handiagorik.

GRIFFITH: Kritikatzekoa zara, jakinik ez duela galdu nahi garai bateko bere handitasuna, hain portaera zakarra izan duzulako. Tira, jarri belauniko.

MEZULARIA: Umilkiro eskatzen dut zure graziaren barkamena. Presak bihurtu nau kunplimendu gabe. Hor duzu aitonseme bat, erregek bidalia, eta ikusi egin nahi zaitu.

KATALINA: Utziozu sartzen, Griffith; baina mutil hori inoiz gehiago ez dezadala ikus nik.

 

(GRIFFITH eta MEZULARIA irten egiten dira)

 

(GRIFFITH berriro sartzen da CAPUCIOREKIN.)

 

        Bistak iruzur egiten ez badit, zu enperadorearen, nire ilobaren enbaxadorea zara eta zure izena CAPUCIO da.

CAPUCIO: O, jaun enea! Garaiak eta tituluak estrainioki aldatu dira orain niretzat, lehendabizikoz ezagutu ninduzunetik. Baina arren eskatzen dizut, zer nahi duzu nigandik?

CAPUCIO: Dama noblea, lehendabizi neure zerbitzuak zure maiestateari eskaini; ondoren, erregek zu bisita zaitzadan nahi izan duela esan, izan ere oso nahigabeturik bait dago osasuna andeatu zauzulako, eta nire bitartez bere errege-kunplimenduak bidaltzen dizkizu, bihotzez eskatzen dizularik ez dezazula adorea gal.

KATALINA: O, ene jaun ona! kontsolamendu hau beranduegi dator! Exekuzio ondoko barkamena bezala da. Erremedio bikain horrek, garaiz emana izan balitzait, osatuko nindukeen, baina orain ez dut behar aringarririk, otoitzak baizik. Nola dago bere garaitasuna?

CAPUCIO: Osasunez ongi, andrea.

KATALINA: Hala bedi beti! Eta bizi bedi beti ni harren artean nagokeenean ere eta nire izena erresumatik ezabatua! Pazientzia, idazteko agindu dizudan gutun hori, dagoeneko igorri al duzu?

PAZIENTZIA: Ez, andrea.

 

(KATALINARI emanez)

 

KATALINA: Jauna, txit umilki erregutzen dizut eman diezaiozula gutun hau nire jaun erregeri.

CAPUCIO: Atsegin handiarekin, andrea.

KATALINA: Bertan gure maitasun garbien irudia dena, alaba samurra, gomendatzen diot (zerutiko bedeinkapenak betoz haren gainera ihintz oparoaren antzera). Hezkuntza bertutetsua eman diezaiola erregutzen diot (gaztea da, izate jator eta xaloa duena, eta ongi mereziko duelakoan nago) eta zertxobait maita dezala amarengatik, honek ere maite bait zuen bera, Jainkoak daki nolako samurtasunez! Nire bigarren eskari apala da haren grazia nobleak izan dezala erruki nire dama dohakabeez, hain luzaroan jarraitu bait didate nola fortuna onean hala txarrean. Berauetarik ez dago bakar bat ere, ausartzen naiz aitortzera (eta orain ez nekike gezurrik esaten) arimako bertutez eta egiazko edertasunez, portaeraren onestasun eta eratasunez, senar jator baten gai ez denik, nahiz eta noblea izan; eta ziur egon zoriontsu izango direla hauen jabeak. Nire azken eskaria neure zerbitzariei dagokie; behartsuenak dira baina behartsutasunak sekula ezin izan ditu urrundu nigandik; ordain dakiela behar den moduan zor zaiena eta zerbait gehiago gainera, nitaz oroi daitezen. Zeruari nahi izan balekio bizitza luzea ematea eta nahikoa bitarteko,ez ginatekeen banatuko honela. Hauxe da gutunaren edukin guztia. Eta orain, ene jaun ona, munduan gehien maite duzunarren, hildakoen arimei kristau-bakea opa diezun modura, izan zaitez jende errukarri honen adiskide eta arren eskatu isituki erregeri azken justizia hau ontzat eman dezala.

CAPUCIO: Zeruarren egingo dut, edo bestela gal dezadala nik giza itxura!

KATALINA: Eskertzen dizut, jaun prestua. Gogora ekar nazazu umiltasun osoz erregeren aurrean. Esaiozu hain asaldura luzeak sortu dizkiona alde egitera doala mundu honetatik. Esaiozu bedeinkatu egin dudala heriotzean, hala egingo bait dut... Nire begiak iluntzen ari dira... Agur, jauna... Agur, Griffith... Ez, Pazientzia, oraindik ez nauzu utzi behar; ohera lagundu behar nauzu; dei egin emakume gehiagori. Hil nadinean, ene alaba, ohore guziaarekin trata nazatela. Birjina-lorez estal nazazue, mundu guztiak jakin dezala hilobiraino emazte zintzoa izan naizela. Baltsama nazazue eta gero ehortzi. Erregina-titulua kendu didaten arren, ehortzi halere, erregina eta erregealaba bezala. Ezin dut gehiago.

 

(Badoaz, KATALINA eramanez)

 

aurrekoa | hurrengoa