I EKITALDIA I ESZENA Londres. Jauregiko aurreganbara. Ate batetik NORFOLKEKO DUKEA sartzen da; bestetik, BUCKINGHAMEKO DUKEA eta LORD ABERGAVENNY BUCKINGHAM: Egun zoriontsuak eta topaketa ditxazkoa. Nola ibili zara azkenekoz Frantzian elkar ikusi genuenetik? NORFOLK: Eskerrikasko zure gorentasuna. Osasunez ongi eta bertan ikusi dudanaren atergabeko mirespenean. BUCKINGHAM: Desgaraiko gaitz batek preso eduki ninduen neure gelan bi aintzazko eguzki hauek, gizonen artean bi izar diren hauek Andrengo ibarrean bildu zirenean. NORFOLK: Guines eta Arde tartean. Neu ere bertan izan nintzen; zaldi gainetik elkar agurtzen ikusi nituen; oina lurrean ezarri zutenean hain estu elkar besarkatzen ikusi nituen non bat bakarra bait ziruditen; izan ere hala ezik, non aurkitu lau errege denen artean bakar honi kontrapisu egiteko modukorik? BUCKINGHAM: Denboraldi guzti honetan preso egon nintzen neure gelan. NORFOLK: Ba lurreko aintzaren ikuskizuna galdu zenuen. Esan zitekeen ordura arte punpezia ezkongabe bizi izan zela, baina orain bera baino goragoko batekin esposatzen zela. Egun berri bakoitza aurrekoaren eredu zen, arik eta azkena etorri zen arte, aurrekoen miresgarritasun guztiak laburbiltzera. Gaur egun frantsesek, denak brodatuz, denak urrez apaindurik, jainko jentilen pare, eklipsatu egiten dituzte ingelesak; eta hauek bihar Britainia India bihurtzen zuten; bertako bakoitzak mehategia bailitzen dizdiz egiten zuen. Pajetxo nanoak denak kerubinak ziren, dena urrezko. Damei berei, neketan ibiltzera gutxi ohituak, ia izerdia zerien estaltzen zituzten aberastasunak ia eraman ezinik, hainbesteraino non nekearen zamapean pintatuak bezain gorriak bait ziruditen. Gaur maskara hau ezin konparatuzko gertatzen zen, eta hurrengo gauean zozo eta txiro bihurtzen zen. Bi erregeak, distiran berdin, dagoeneko bata bikainagoa eta bestea ez hain bikaina ziren, agertzen ziren eran; ikusten zena goratzen zen beti; eta biak aurrez-aurre zeudenean, bat bakarrik ikusten zela zioten, eta inor ez zatekeen ausartuko bere botua ematera eta bien artean aukera egitera. Bi eguzki hauek halaxe izendatzen bait zituzten beren heraldoen bitartez jende nobleak burrukara zirikatu zituztenean, irudimenaren hain gaineti zeuden egintzak gertatu ziren, non aintzinatiko kontakizun harrigarriak hain egiantzeko gertatzen dira ezen Hbain onargarri bihurtzen dira ezen Bevis beraren balentriak ere sinesterazteraino. BUCKINGHAM: Ene! Gehiegizkoa. NORFOLK: Neure burua dinakotzat daukadan eta neure ohorearen garbitasuna gordetzen dudan bezain egiazki, kontatzailerik trebeenak ere zerbait galerazi egingo lieke gertakizun haiei bizitasunean, izan ere benetan bakarrik aditzera emateko modukoa bait zen. Dena zen erregetiar: ezerk ez zuen hausten multzo osoaren armonia; ordenuak gauza bakoitza nabarmenerazi egiten zuen, eta bakoitzak ezinobeki betetzen zuen bere eginbeharra. BUCKINGHAM: Nor zen ordenatzailea? Zera diot, nork jarri zituen ibilian jaialdi haundi horren gorputza eta atalak, zure ustetan? NORFOLK: Arazo-mota honetan batere bixarguri ez den batek noski. BUCKINGHAM: Nork, mesedez, milord? NORFOLK: Yorkeko Kardinal txit Agurgarriaren zuhurtzia apartak gidatu zuen dena. BUCKINGHAM: Daramala deabruak! Ez dago inola ere eragozterik mundu guztiaren platerean bere hatzamar handinahiak sar ditzan! Zer zuen egitekorik horrek honelako gerra-hutsalkeriatan? Harritzen nau horrelako koipe-bola batek Eguzkiaren izpi ongileak bere pertsonaren mukuluan hartzea eta lurra haietaz gabetzea nola gerta litekeen jakiteak! NORFOLK: Seguraski, milord, badago berarengan nahikoa gaitasun gauza horietarako, zeren eta ondorengoei bidea lautzen dien aurrekoen usadio ohoretsurik izan ez duelarik; koroari errendaturiko zerbitzu baliotsuz nabarmendu ez delarik eta lagun boteretsuengana arrimatu ez delarik, baizik eta, armiarmaren gisa, bere gai propiotik amelaunerako haria atera izan duelarik, bere meritu hutsez bidea urratu duela erakusten bait digu, zeruak emanikako dohaia bailitzen, eta horregatik bereganatu duela lehen postua erregeren ondoren. ABERGAVENNY: Ez nekike esaten zer eman dion zeruak nireak baino begi zoliagoentzat uzten dut horri igartzea; baina alderdi guztietatik darion harrokeria ikusteko gauza naiz. Nondik dator? Infernutik ez bada, deabrua zikoitza da, edota dagoeneko eman beharreko guztia eman du eta infernu berri bat hasten da kardinalaren pertsonan. BUCKINGHAM: Zergatik hautatu du deabruak, Frantziarako bidaia honetan, errege lagundu behar duten pertsonak izendatzeko? Berak egin zuen kapare guztien zerrenda, eta berauetako gehienei zama astun bat ezartzeko asmoa zuen mesede kaxkarren truke, eta bere gutun soilak-Kontseilu agurgarria ezertarako kontsultatu gabe bere agirian ezarritako guztiak bilerazi ditu. ABERGAVENNY: Ezagutzen ditut neure ahaide batzu, hiru gutxienez, honen ondorioz hainbesteraino beren ondasunak urritu dituztenak ezen sekula gehiago ez bait dira itzuliko garai bateko oparotasunera. BUCKINGHAM: O! Asko eta asko dira beren bizkarrak hautsi dituztenak egun haundi honetarako beren ondasunak soinean eramanez. Zertako balio izan digu hutsalkeria honek ondorio eskaseko tratuetan sartzeko baizik? NORFOLK: Sentimentuz diot: gure eta frantsesen arteko bakeak ez du balio ezarri zaion preziorik. BUCKINGHAM: Ez dago gizonik ondoren etorri den ekaitz izugarria ikusirik, bere burua nolabait profetatzat eduki ez duenik, eta denek, inork galdetu izan gabe, batera iragarri dute ekaitz honek, bake haren jantziak urraturik, berehalako hausketa bat adierazten duela. NORFOLK: Eta dagoeneko hasita dago hau, zeren Frantziak akordioa hautsi bait du eta Bordeleko gure merkatarien salgaiak bahitzen ari bait da. ABERGAVENNY: Arrazoi honengatik ukatu al zaio entzutaldia enbaxadorean? NORFOLK: Bai noski! ABERGAVENNY: Bake-izen ederra, eta musutruk lortua gainera! BUCKINGHAM: Hona hemen, beraz, gure kardinalaren obra! NORFOLK: Zure baimenarekin, gorentasuna, gortea jakinaren gainean dago zure eta kardinalaren artean dagoen ezinikusiaz. Eta kontseilu emango dizut eta har ezazu ohorea eta segurtasun osoa opa dizkizun bihotzarengandikoa bezala arren kontutan har dezazula kardinalaren zitalkeria eta boterea batuta daudela; pentsa ezazu gainera bere gorroto biziari eragin eta ekintzara pasa nahi izanez gero ez duela faltako bere aginduetara jardungo duen ministroren bat. Ezagutzen duzu horren izakera, mendekatia dela, eta nik badakit ezpata aho zorrotz eta luzekoa daukala, eta urrunera iristen dela esan liteke, eta iristen ez den lekura, jaurtiki egiten du. Gorde itzazu nire kontseiluak zeure bihotzean; osasungarri gertatuko zaizkizu. Begira, hor dator iskintxo egiteko eskatzen dizudan trangoa. (WOLSEY KARDINALA, poltsa aurretik duela, Goardiako zenbait eta bi idazkari paperekin sartzen dira. Kardinalak pasatzean, BUCKINGHAMENGAN tinkatzen ditu bere begiak eta BUCKINGHAMEK berarengan bere destainaz.) WOLSEY: Buckinghameko dukearen intendentea, ezta? Non da horren aitorpena? LEHEN IDAZKARIA: Hemen, zure baimenarekin. WOLSEY: Prest al dago pertsonalki etortzeko? LEHEN IDAZKARIA: Bai, zure graziak nahi bezala. WOLSEY: Ongi da; orduan gehiago jakingo dugu eta Buckinghamek umilduko du begirada harro hori. (WOLSEYk eta beronen segizioak alde egiten dute). BUCKINGHAM: Txakur odolzale hau amorraturik dago, eta nik ezin diot muturretakoa jarri; beraz, hobe izango da lotatik ez esnaraztea. Eskalearen liburuak pisu handiagoa du gaurregun noblearen odolak baino! NORFOLK: Zer gero! Sumindurik al zaude? Eskatu Jainkoari neurritasuna; ez dago beste erremediorik zure gaitzarentzat. BUCKINGHAM: Asmu bat irakurri diot begietan nire kontra eta bere begirakuneak bere izukizuntzat arbuiatu nau; joko txarren bat egiten ari zait une honetan; errege ikustera joan da, jarraitu eta umilarazi egingo dut. NORFOLK: Zaude, milord, eta utz iezaiozu zeure arrazoiari kolerarekin eztabaidatzen egitera zoazen ekintza; mendi gailurretara igotzeko hasieran astiro ibiltzea komeni izaten da; zaldi suharraren pareko da kolera, askatasun osoa ematen zaionean bere galgara hutsak nekatzen du. Ez dago gizonik Ingalaterran zugandik bezala kontseilurik hartuk nukeenik; izan, beraz, zeure buruarentzat zeure adiskidearentzat izango zinatekeena. BUCKINGHAM: Ikusiko dut errege eta mututurik utziko dut, ohoreko gizon baten hitzaz, ipswicheko maizter horren lotsagabekeria, edota jadanik ez dagoela klase-diferentziarik aldarrikatuko dut. NORFOLK: Zaitez zuhurra; ez piztu zeure aurrezkoarentzat zerori iskaltzeko bezain su bizirik; gehiegizko abiadurarengatik inguruan korrika gabilzkion gauza baino harantzago joan gintezke eta gainditzean gal genezake. Ez al dakizu gainezkatzeraino likidoari bultza egiten dion suak, gehietzen duelakoan, urritu egiten duela? Zaitez zuhurra. Berriz esaten dizut ez dagoela inor Ingalaterran zu gidatzeko egokiagorik zu zeu baino, baldin eta adimenaren isurkariaz itzali nahi baduzu grinaren sugarra edo gutxienez ilaundu. BUCKINGHAM: Jauna, eskerronez naukazu, eta zure gomendioaren arabera jokatuko dut... Baina herrikume harroputz hori eta honela mintzatzen banaiz ez da behazunaren oldarrez baizik eta zinezko suminduraz, uztaileko iturriak bezain berri eta froga garderez, orduan hondarralea ere berezi egiten bait da, ziur dakit ustela eta traidorea dela. NORFOLK: Ez esan traidore. BUCKINGHAM: Erregeri esango diot eta harkaitza bezain irme eutsiko diot neure baieztapenari. Entzun. Azeri santu edo otso horrek edo biak den horrek (zeren eta sotila bezain irenslea bait da, eta gaitzera hain isuria non egiteko gauza bait da; bere instintuak eta kargua, bata besteak usteleraziak, bai Frantzian bezala hemen ere bere handitasuna nabarmenki agerian jartzeko, bakarrik, iradoki dio errege gure jaunari, azken itun garesti horren aitzakiapena, hainbeste altxor irentsi dituen eta gero xukatu nahi izan denean ontzi baten modura hautsi den elkarrikustea. NORFOLK: Horrela izan da, alafedea! BUCKINGHAM: Indazu, arren, jauna, mesedea. Kardinale maltzur horrek bere gogara idatzerazi ditu aliantza-akordioaren artikuluak eta berretsirik geratu dira esan duenean: «Hala egin bedi», egia da makulua hildako batentzat bezain baliogabeak direla, baina gure konte-kardinalak eginak dira, eta ongi daude, Wolsey haundia bait da, hutsik egin ezin duena, hori burutu duena. Bitartean, begira zer gertatzen den nire iritzian, traizioa, txakurreme zahar horren kume gisakoak diren ondorioak-Karlos enperadorea, bere izeba erregina ikusteko aitzakiarekin. Hauxe izan bait da egiazki aitzakia, baina Wolseyrekin txutxuputxuka aritzera etorri da. Hemen dugu bisita egiten. Beldur zen Frantzia eta Ingalaterraren arteko elkarrikusteak adiskidetasuna estutu eta kalteren bat ekarrik ote zion, zeren eta aliantza honi mehatxuzko arriskuak nabarmentzen bait zitzaizkion; tratu isiletan sartu zen gure kardinalarekin; eta susmatzen dudanez (ez arrazoigabe, ziur nago-ta) agindu aurretik ordaindu du; beraz eskariari proposamena egin aurretik erantzun zaio; baina bidea lautua eta urreztatua geratu denean, enperadoreak azaldu du erregek bere jokabidea alda lezan nahia eta aipaturiko akordioa hauts dezan. Beharrezko da, beraz, erregek jakin dezan eta laster jakingo du nigandik kardinalak erregeren ohorea bere gogara eta onerako saldu eta erosten duela. NORFOLK: Min ematen dit hau entzun behar izateak, eta nahiago nuke honetan gaizki ulertzeren bat balego. BUCKINGHAM: Ez, hitzerdirik ere ez. Salatzen dudan bezalaxe, era berean egiaztatuko dute frogek. (BRANDON, Arma-sarjento bat aurrean duela eta Goardiako bizpahirurekin sartzen da). BRANDON: Ekin zeure eginbeharrari, ofiziala; bete zeure lana. OFIZIALA: Jauna, Buckinghameko milord dukea, Hereford, Stafford eta Northamptoneko kontea, traizio goreneko krimenarengatik preso hartzen zaitut, gure errege txit ahaltsuaren izenean. BUCKINGHAM: Begira, milord, hedatu didate sarea! Berorren trikimailu eta amarrukerietan galduko naiz! BRANDON: Sentitzen dut askatasunaz gabeturik ikustea, auzi hau aztertu ahal izateko. Dorrera eramana izan zaitezen nahi du Erregek. BUCKINGHAM: Alferrik izango dut neure errugabetasunaren testigantza egitea, zeren hain bait nago mantxaturik non nire egintzarik zurienak ere beltzak irudituko zaizkien. Egin bedi Goikoaren borondatea honetan eta gauza guztietan Obeditzen dut O, milord, Abergavenny, ongi izan! BRANDON: Ez; lagun egin behar dizu... (ABERGAVENNYri) Erregeren nahia da Dorrera eramana izatea zu ere haren geroko erabakiak jakineraziko zaizkizun arte. ABERGAVENNY: Dukeak esan duen bezala, egin bedi Goikoaren borondatea eta obedi diezaiodan erregeren nahiari! BRANDON: Hemen dakart agindu bat erregeren partez lord Montacuto eta dukearen aitorlaria, John de la Car Gilbert Peck kantzelaria eta abar ere preso hartzeko... BUCKINGHAM: Ongi da, ongi da; horiek dira konplotean zeudenak; ez dut uste besterik izango denik. BRANDON: Kartujako fraile dat. BUCKINGHAM: O! Nikolas Hopkins! BRANDON: Berbera! BUCKINGHAM: Nire intendentea traidorea da. Kardinal ahalguztidunak urrea erakutsi dio. Nire bizi egunak kontaturik daude. Buckingham gizajoaren itzala naiz, zeinaren irudia luzatzen ari bait da une honetan bere hodeia nire eguzki distirantea iluntzeko. Agur milord! (Badoaz) II ESZENA Kontseilu-Ganbara Tronpetotsa. ERREGE ENDRIKE, WOLSEY KARDINALA, KONTSEILUKO LORDAK, SIR THO. MAS LOVELL, ofizialak eta aholkuko jendea sartzen dira. ERREGE KARDINALAREN sorbaldara arrimaturik sartzen da. ENDRIKE: Nire biziak eta berak daukan baliozkoenak eskerrak ematen dizkizute zerbitzu handi honengatik: leher egiteko zorian aurkitzen zen konspirazio baten punteripean nengoen eta estimatzen dizut ito izana. Ager dadila gure aurrera Buckinghamen zerbitzupean dagoen zaldun hori; neronek entzun nahi dut nola zuribidetzen dituen bere aitorrak eta zehatz-mehatz errepika ditzala bere nagusiaren saldukeriak. (ERREGE bere tronuan esertzen da. Kontseiluko Lordak ere nor bere lekuan esertzen dira. KARDINALA ERREGEren oinetan esertzen da, eskuinetara). Zarata barruan eta «Leku Erreginari!» oihuak. Sartzen da Erregina, aurretik Norfolk eta Suffolkeko dukeak dituela; belaunikatzen da. Errege bere tronutik jaikitzen da, altarazi eta musu ematen dio, gero bere alboan esererazten du. ERREG. KAT: Ez; luzaroago egon behar dugu belaunikaturik. Erreguka ari naiz. ENDRIKE: Zutitu eta har ezazu eserlekua gure alboan: alferrik duzu eskariaren erdia egitea; zure botera-erdiaren jabe zara; beste erdia eskatu baino lehen ere emana daukazu; agertu zure nahia eta onartua beti. ERREG. KAT: Eskerrak zure maiestateari. Maita dezazula zeure burua eta maitasun horrek lagun diezazula zeure ohorea eta zure eginbeharren dintasuna ez ahazten, horixe bait da nire eskakizuna. ENDRIKE: Ene dama, jarraitu. ERREG. KAT: Albiste eman didate, ez edonork, baizik eta goi-mailako jendeak, zure menpekoak larregikeria gogorrak nozitzen ari direla: haien leialtasunezko sentimentuak aldarazi dituzten zergak ezarri zaizkie; naiz eta, halere, zure kontrakoak izan, ene lord kardinala, ahakarrik gordinenak izan, ene lord kardinala, ahakarrik gordinenak, zerga horien eragile zaren neurrian, guztiarekin ere, gure jaun errege (zeinaren aintza nahi dakiola Goikoari gordetzea mantxa guztitik) ez da beti libre geratzen errespeto gabeziazko esakizunetatik, bai, izan ere normalean leialtasunaren mugak gainditu eta ia errebolta aitortu agertzen bait dira. NORFOLK: Ia ez dira agertzen, izan dira: zeren zerga horiengatik oihalgileek, bere langileetako asko ezin okupaturik, bidali egin behar izan dituzte iruleak, txarrantxariak, ilaginak eta ehuleak eta berauek beste lanbide baterako gai ez direlarik, goseak eraginda eta beste bitartekorik gabe, etsi-etsian beren egoerari aurre eginez, denak asaldaturik daude eta arriskua tarteko egin zaie. ENDRIKE: Zergek! Zergatik? Eta zeintzu dira? Milord kardinala, zu ni bezala salatzen zaituztenez gero, ba al duzu zerga horren aditzerik? WOLSEY: Zure baimenarekin, jauna, nik bakarrari dagokionaren aditza dut soilik, Estatuari buruzko arazoetan eta lehena baizik ez naiz nirekin batera doazeneko erreskada hartan. ERREG. KAT: Ez, milord; zuk ez dakizu besteek baino gehiago; baina zu zara batzuek eta besteek ezagutzen dituzten gauzen agintari, zeinak ez bait dira osasungarri ezagutu nahiko ez lituzketenentzat eta, halere, derrigorrez ezagutu beharrean daude. Nire subiranoak jakin nahi dituen exakzio horiek, kirats handi samarra darie entzun ahal izateko, eta gainean hartuko lituzkeen bizkarra lur joko luke zamapean. Zuk asmatuak omen dira, edo bestela salakuntza gogorra egiten zaizu. ENDRIKE: Exakzio gehiago! Zer eratakoak? Zer gisatakoak, esaigu, dira exakzio hauek? ERREG. KAT: Gehiegi menturatzea da, zure pazientziaz abusatuz, baina agindu didazun barkamenak ematen dit bihotz. Menpekoen ongieza komisioetatik dator, izan ere bakoitzari bere errentaren seiena eskatzen bait zaio, eta luzatu gabe ematekotan gainera: eta horretarako erabiltzen den aitzakia Frantziarekiko dituzun gerrak dira; honek sutan jartzen ditu ahoak, mihiek uko egiten diete beren betebeharrei eta leialtasuna izoztu egiten da haien biotz hotzetan; biraoa ageri da orain otoitzaren lekuan eta azkenean gertatu da esanekotasun otzana bakoitzaren borondate suminduaren mirabe bihurtu dela. Gogo nuke, ene errege jaun hori, lehenbailehen gogoeta egin dezazula gauzen egoera honetaz, zeren ez bait dago arazo presazkoagorik. ENDRIKE: Ala nire bizia! Hau gure borondatearen kontrakoa da! WOLSEY: Eta niri dagokidanez, botu soil bat ematea besterik ez dut egin, eta berau irten bada epailerik argienen oniritziarekin baino ez da izan. Mihi ezjakinek irainez estaltzen banaute, ez jakitean nire pertsona eta nire boterearen berri, guztiarekin ere nahi dituzte juzkatu nire egintzak, zilegi bekit esatea hau ez dela postuaren zoria baizik eta bertuteak ber ibilian aurkitzen dituen arantze zorrotzak baino. Ez dugu atzera egin behar beharrezkotzat jotzen ditugun egintzen aurrean, gaizkiesale maltzurrekin burruka egin beharrean aurkituko garelako, zeinek marrazo gosetien antzera segitzen bait dute itsasontzi hornitu berri oro, baina beren alferrikako itxarotearen onura besterik lortzen ez ditelarik. Hobekien egiten duguna, sarritan ukatu eta ahakartu egiten digute adierazle zentzugabeek, askotan argitasun handirik ez dutenek; eta okerren egina, maiz adimen errazago harrapatzen dutenez gero, gure obrarik bikainena bezala aldarrikatzen dute. Zirkinik egin gabe geratuko bagina, gure egintzak iseka edo maisiaketaren pean erortzeko beldurrez, eserleku hauetan egingo genituzke erroak edo estatu-gizonen imajina soilen antzera iraungo genuke. ENDRIKE: Ongi eta arduraz egiten diren gauzak berez daude beldurraz gabeturik; aurrekorik gabe burutzen direnak arriskutsu gertatzen dira beren emaitzetan. Ba al duzu aurrekorik komisio hau oinarritzeko? Batere ez, nik uste. Ez diegu zakarkeriaz geure menpekoei legeen babesa kendu eta geure nahiaren katepean ezarri behar. Errentaren seiena? Zerga lazkarria! Nola gero! Kentzen diogu zuhaitz bakoitzari adarreria, azala eta enbor-zati bat; eta erroak utzi arren ere, modu horretara aireaz gabeturik izerdia edan beharrean aurkituko da. Neurri hori ezarri den konterri bakoitzera bidal itzazu gure izenean gutunak komisio honen legezkotasuna ukatu duten guztientzako barkamen osoarekin. Arren eskatzen dizut, kontu egiozu; zure ardurapean uzten dut. WOLSEY: Hitz bat zurekin. (Bere idazkariari) Igor bitez konterri bakoitzera gutunak erregeren grazia eta barkamenarekin. Herria ondoezik dago eta nireganako etsaitasuna agertzen du. Zabal bedi zurrumurrua gure bitartekotzaren bidez lortu dela zerga ezeztatzea eta barkatzea. Berehalaxe emango dizkizut argibide zehatzagoak arazo honetaz. (Badoa Idazkaria.) (Intendentea sartzen da.) ERREG. KAT: Sentitzen dut Buckinghameko dukeak zuri nahigabea eman izana. ENDRIKE: Askok deitoratzen dute. Kapare hori ikasia da eta etorri handiakoa; inork ez dio zor hainbeste naturari; haren hezkuntza hainbestekoa da ezen maisu handiak eskolatu eta argitzeko modukoa bait da, eta inoiz ez du izaten inoren premiarik. Ikus, ordea, gaitasun prestu hauek ongi gidaturik ez daudenean, arima gaizkoatzen delarik, forma biziotsu bihurtzen dira eta sekula eder izan ziren halako hamar bider zantarrago bilakatzen dira. Gizon hain bikain hau, mireskizunen artean kokatzen dena, eta guk ia liluraturik entzuten diogun hau, ordubeteko elkarrizketa minutu gertatzen bait zaigu; beronek; andrea, ohitura izugarri bihurtu ditu lehen zituen dohaiak, eta infernutiko gedarrez igurtzi balitu bezain belzturik geratu da. Eser zaitez gure alboan; entzungo dituzu gizon honek ahotik (lehen haren konfidantzako zaldun izana bait da) More edozein gizon tristetzeko moduko gauzak. Aginduiozu dagoeneko kontatuak dituen amarrukeriak errepikatzeko, ez bait gara aski nekatuko entzuteaz, aditzeaz. WOLSEY: Aurreratu eta esan beldurrik gabe, menpeko erne zarenez, Buckinghameko dukeari buruz bildutako guztiak. ENDRIKE: Lasai hitzegin. INTENDENTEA: Lehenengo eta behin, ohitura zuen esateko egunik huts egin gabe bere hizketa honekin kutsatu gabe baldin eta errege ondorengorik gabe hiltzen bazen, berak entzun dizkiot haren suhiari, lord Abergavennyri, eta beronen aurrean zin egin du mendeku hartuko duela kardinalaren lepotik. WOLSEY: Ohar bedi, jaun errege, zeinen asmo arriskutsuak dituen puntu honetan. Bere nahiekin aski ez balu bezala bere gaizkinahi makurra zure pertsona garaiaren aurka zuzentzen du eta zugandik harantzago, gure adiskideengana hedatzen du. ERREG. KAT: Ene lord kardinal jakintsu hori, dena karitatez interpreta ezazu. ENDRIKE: Jarraitu. Zertan oinarritzen zituen koroaz jabetzeko bere eskubideak, gu ez garen aldian? Inoiz ezer entzun al diozu gai horretaz? INTENDENTEA: Nikolas Hopkinsen profezia hutsal batek sartu dio buruan asmo hori. ENDRIKE: Nor da Hopkins hori? INTENDENTEA: Jauna, praile kartujar bat, konfesorea, atergabe subiraniazko hitzez janaritzen duena. ENDRIKE: Nola dakizu hori zuk? INTENDENTE: Errege jaun hori Frantziara abiatu baino zerbait lehenago, dukea Arrosa jauregian zegoela, San Lorenzo Poultneyko parrokian, galdetu zidan zer zurrumurru zebilen londrestarren artean Frantziarako bidaiaz. Nik erantzun nion frantsesek maltzurkeriaren bat egingo zuten susmoa zegoela erregeren kaltetan. Berehalaxe esan zidan dukeak susmo hori bazegoela, eta berak uste zuela praile santu batek esandako hitzen egia sendotzea besterik ez zuela egingo honek; «sarritan esan zuen bidali nau erregutuz John de la Car, nire kapelauar, eman diezaiola berak nahi duenean ordu bat, nolabaiteko larritasuna duten gauzak agertzeko, eta nire kapelauak zin egin ondoren ageriki konfesioko sekretupean ezein izaki biziduni ez ziola agertuko niri izan ezik jakineraziko ziona, mintzo misteriotsu eta ahapekoan esan zion, arinki hitzegiten ez duenak bezala: «Ez erregek eta ez haren oinordekoek (jakinerazi dukeari) ez dute izango gora handirik. Gomendatu jendearen onginahia bereganatzeko; dukeak gobernatuko du Ingalaterra». ERREG. KAT: Oker ez banago, dukearen intendentea izan zara zu eta zeure lanbidea galdu duzu maizterren kexuengatik kontuz ibili gorrotoz ez salatzeko pertsona prestu bat eta zeure arima kondenatzeko, oraindik izate prestuagokoa bait da. Berriz diotsut, kontuz ibili; bai, arren gomendatzen dizut. ENDRIKE: Jarrai dezala... Ekin. INTENDENTEA: Neure arimarengatik, egia hutsa besterik ez dut esango. Azaldu nion milord dukeari frailea oker egon zitekeela deabruaren inspirazioz eta arriskutsu zitzaiola halako asmoak gogotan hartzea isituki zeren azkenerako burutu zitekeen asmuren bat bururatu zekiokeelako eta egia bihurtzen saia zitekeelako. «Tira! erantzun zidan horretatik ez zait etorriko batere kalterik»; gaineratuz artean baldin errege azken gaitzez hiltzen baldin bazen, kardinalaren eta Sir Thomas Lovellen buruak eroriko zirela. ENDRIKE: Zer? Nolatan? Hain mendekatia al da? Ah, eh! Arriskutsua da gizon hori. Besterik esan al zenezake? INTENDENTEA: Badezaket, ene jauna. ENDRIKE: Jarraitu. INTENDENTEA: Greenwichen zegoela, errege jaun horrek dukea erreprimatu zenuelarik Sir William Blomerri buruzkoan... ENDRIKE: Gogoan dut egun hori... nire zerbitzuan ari zela, dukeak bererako hartu zuen... Baina jarraitu, zer gertatu zen? INTENDENTEA: «Arazo horrengatik esan zidan Dorrera bidali izan banindute, nire ustez gertatuko zatekeenez, nire aitak Rikardo usurpatzailearekin jokatu zuen modura jokatuko nukeen nik, zeinak Salisburyn zegoela haren aurrera eraman izateko eskabidea egin bait zuen, eta eskariari erantzun izan baliote, bere errespetoa arrendatzera zihoala zirudien unean bere sastakaia sartuko bait ziokeen bularrean. ENDRIKE: Traidore neurkabea! WOLSEY: Eta, andrea, bizi ote liteke jaun errege askatasunean eta gizon hori presondegitik kanpoan? ERREG. KAT: Jainkoak konpon beza dena! ENDRIKE: Oraindik ba al duzu esatekorik? Zer da? INTENDENTEA: «Bere aita dukea» eta «sastakaia» aipatu ondoren zutitu zen eta esku bat bere dagan zuela eta bestea bularrean, begiak jaso eta birao ikaragarri bati jaregin zion, honelatsu: tratu txarra ematen ba zitzaion, bere aita baino harantzago joango zela asmo zalantzakor eta exekuzio baten artean dagoen alde guztiarekin. ENDRIKE: Horra zer helburu duen... Puinala sartu nahi digu bularrean! Salaturik dago; berehalaxe egin dakiola auzia. Legearen baitan grazia aurkitzen badu, eskura dezala. Bestela... gugandik ez dezala espero!... Gauez eta egunez! Mota txarreneko traidorea da! (Badoaz) III ESZENA Londres. Jauregiko areto bat. LORD TXANBELANA eta LORD SANDS sartzen dira. TXANBELANA: Litekeena ote da gero Frantziaren xarmak bere aztikeriez gure jendeari hainbesteko nabarmenkeriak eragin ahal izatea? SANDS: Moda berriok, nahiz eta hain irrigarriak eta gizonaren dinakoak ez izan, halere, beti izango dituzte jarraitzaileak. TXANBELANA: Nik ulertzen dudanez, gure ingelesek beren azken bidaiari atera dioten probetxu guztia parizta-pare bat besterik ez dira baina ez dute meritu faltarik, ze egiten dituztenean zalantzarik gabe zin egingo bait zenuke beraien sudurrak Pepino edo Klotarioren kontseilari izan direla: hain errespetagarria bait da haien dintasuna. SANDS: Denek dituzte zango berriak eta hanka herrenak. Aurrez ibiltzen ikusi ez dituenak pentsa lezake iztazaineria dutela edota belaunpeko ikarak jota dabiltzala. TXANBELANA: Alajainkoa! Milord, jantziak hain dituzte ebakidura jentilekoak non, benetan diotsut, kristau-lege guztien aurka bait daude. (Sir THOMAS LOVELL sartzen da) Zer berri dakarzu, Sir Thomas Lovell? LOVELL: Egia esan, milord, ez dut batere entzun, jauregiko atean ezarri duten ediktuarena izan ezik. TXANBELANA: Zer helburu du? LOVELL: Gure bidaiari berri bezain dotoreen eraberrikuntza, izan ere beren liskar, berriketa eta jostunez gorte oso betetzen ari bait dira. TXANBELANA: Pozten naiz; orain erregutuko nieke geure monsieurs hauei arren sinets dezatela gortesau ingeles bat izan litekeela buruz argia naiz inoiz Louvre ikusi gabea izan. LOVELL: Beharrezko da utz ditzaten alde batera hala eskatzen bait dute aginduek zoro-eranskin horiek eta Frantzian eskuratutako luma horiek, bertatik datozkigun ez jakintasunezko aztarna ohoregarriekin, nola diren justak eta artifiziozko suak asmakizun arrotzak, gehiago balio dutenei iseka egiteko erabiltzen dituztenak erabat uko eginez pelota jokoari dioten fedeari eta galtzerdi luze, frake labur eta harroei, moda bidaiarien ezaugarri diren horiei, berriro gisako gizonen erara ager daitezen, edo lehengo olgeta-kideen lagunartera itzuli. Han, nik uste, cum privilegio jarri ahal izango diote galdorra tentelkeriaren azken graduari eta haien lepotik iseka egin. SANDS: Bazen garaia horiek sendatzekoa, izan ere gaitza kutsakor bihurtzen ari bait zen. TXANBELANA: A zer nolako galera gure damentzat izpindola horiek desagertzean. LOVELL: Bai, arrania! Izango da noski bihotz nahigabeturik. Putaseme maltzurrek aurkitua zuten damekin oheratzeko bitarteko hutsezina: kanta frantsesak eta biolinak ez zuten kontrariorik. SANDS: Deabruak biolindu ditzala! Pozik nago badoazelako seguraski ez bait dira oneratuko orain nik bezalako baserritar kapare prestu batek aspaldidanik eszenatik jaurtikia izaki, bere kantari ekin ahal izango dio eta ordu betez nork entzuna izango du, ala birjina! eta musikari onari dagozkion txaloak jaso ere bai! TXANBELANA: Ongi esana, lord Sands; oraindik ez zaizkizu erori hortzak. SANDS: Ez milord, eta ez zaizkit eroriko ere errorik geratzen den bitartean. TXANBELANA: Nora zoaz, Sir Thomas? LOVELL: Kardinalaren etxera. Zure jauntasuna ere gonbidatuen artekoa da. TXANBELANA: O! Egia da. Gaur gauean afaria eskaintzen du, eta afari bikaina, lord eta dama askorentzat; bertan bilduko da erresumako loria, benetan diotsut. LOVELL: Elizgizon honek badu, zinez, bihotz zabala eta elikatzen gaituen bezain esku emankorra; horren mesedezko ihintza nonnahi isurtzen da. TXANBELANA: Ez dago zalantzan jartzerik prestua denik; besterik dioena gezurrontzia da. SANDS: Baliteke, milord, ezer ez zaio falta; diru-aurrerazalea izatea heresia baino bekatu handiagoa litzateke beranengan; horren bizimailako gizonak eskuzabala izan beharko luke; exenplu emateko jaioak dira. TXANBELANA: Egia, horretarako izan da; baina gutxik jotzen dute orain hain handitzat. Txalupa zain daukat. Zure jauntasuna nirekin etorriko da. Goazen, sir Thomas estimatua bestela berandu iritsiko gara-eta, eta ez nuke nahi holakorik, ze esan dutenez jaiburu egingo bait naute Sir Endrike Guilfordekin batera. SANDS: Zure jauntasunaren aginduetara nago. (Badoaz) IV ESZENA Abegi-aretoa Yorkeko jauregian Oboeak Mahaitxoa zerupean Kardinalarentzat; mahai zabal gonbidatuentzat; eta bestaldetik, SIR ENDRIKE GILFORD. GUILDFORD: Andreak, agurra eta ongietorria denoi Bere Eminentziaren partez. Gau hau zuei dedikatzen dizue eta olgeta jatorrari. Espero dut biltzar noble honetako inork ez duela ekarriko nahigaberik berekin. Nik nahi nuke denok alai egotea osasun ona, lagunarte atsegina ardo ona eta abegi ona duten pertsona onei dagokienez. O milord, atzeratu egin zara! (LORD TXANBELANA, LORD SANDS, eta SIR THOMAS LOVELL sartzen dira.) Hain lagunarte atseginean aurkitzearen idea soilak hegalak eman dizkit. TXANBELANA: Zu gaztea zara, sir Endrike Guildford. SANDS: Sir Thomas Lovell, nire pentsamentu profanoen erdiak bakarrik izango balitu kardinalak, hemen dauden dametako batzuk lotara joan aurretik aurkituko lukete orrits-sorpresarik gainerako guztia baino gehiago gustatuko litzaiekeena. Alajainkoa! Edertasun xarmangarriak bildu dira hemen gero! LOVELL: O! Honako bizpahiru damaren konfesore ez izatea zure jauntasuna! SANDS: Nahi nuke izan; penitentzia bigunak jarriko nizkieke. LOVELL: Arrania! Nolatan biguna! SANDS: Ohe guri batek eskainiko lukeen bezain biguna. TXANBELANA: Dama xarmangarriak, atsegin duzue esertzea? ...Sir Endrike, eser zaitez alde honetan; ni arduratuko naiz beste honetaz. Bere grazia etortzera doa. Tira, ez nuke nahi izozterik; bi damak elkarren ondoan hotza sentitzen dute ... Milord Sands, esnai edukitzeko moduko gizona zara zu; arren eskatzen dizut, eser zaitez dama hauen artean. SANDS: Alafede, eskertzen diot zure jauntasunari...Zuen baimenarekin, dama adoragarriok. (ANA BOLENA eta beste dama baten artean esertzen da.) Txoriburu samar mintzatzen banaiz, barkatu, aitarengandik datorkit-eta. ANA: Zoraturik al zegoen, jauna? SANDS: O! Oso zoro, zoroegi, maitasun-kontuan batipat; baino inori ez zion hozka egin. Nik orain bezala, hogei musu emango zizkizukeen, arnasarik hartu gabe. (Musu ematen dio.) TXANBELANA: Aupa, milord! ... Horrela, denak ongi eserita daude. Jaunak, zuen errua izango da dama hauek umore txarrez txorlartea pasatzea. SANDS: Nire kargu txikiagatik, utzi egiten. OBOEAK: Wolsey kardinala sartzen da bere segizioarekin eta zerupean esertzen da. WOLSEY: Ongi etorriak, ene arrotz atseginok. Benetan alai ez dagoen jaun edo dama ez da nire adiskide. Eta horren frogatzat, neure ongietorria berresteko, denon izenean edango dut. (Edan egiten du.) SANDS: Zure Eminentzia noblea da. Eman diezadatela nire graziak edukitzeko bezain edalontzi handia, eta gehiegi ez hitzegitzeko baimena ere bai. WOLSEY: Milord Sands, txit obligatua natzaizu. Alaitu alboko horiek. Andreok, ez al zaudete pozik? Jaunok, norena da errua? SANDS: Milord, ardo gorriak piztu diezazkiela aurrena masailak: orduan itzaliko du horien hiztetotsak gurea. ANA: Txantxazale xarmagarria zara, milord Sands. SANDS: Bai, neure xarmaren aurrez-aurre nagoenean. Hemen dago bere jauntasunean, eta harengatik edaten dut, andrea, zera bait da... ANA: Zuk erakutsi ezin duzuna. SANDS: Zerbaitegatik esan dut nik dama hauek berehalaxe hitzegingo zutela! (Danborrak eta turutak barruan. Kainoi-deskargak) WOLSEY: Zer da hau? TXANBELANA: Irten zuetako bat. (Badoa Morroi bat) WOLSEY: Zergatik burruka-astrapala hori eta zertara dator hau? Tira, andreok, ez ikaratu. Gerrako lege guztien babespean zaudete. (Morroia berriz sartzen da.) TXANBELANA: Zer da? Zer da hori? MORROIA:Atzerritar-tropa suharra, itxura denez. Utzi dute ontzia eta lehorrera salto egin dute eta atzerriko printzipeen mezulari boteretsu gisa datoz hona. WOLSEY: Ene lord txanbelan hori, zoaz, egin ongietorria; zuk badakizu frantsesez eta erregutzen dizut nobleei harrera egin da gure aurrera ekar ditzazula, non emakume ederrez beteriko paradisu honek diz-diz egingo duen beraien begi liluratuen aurrean ...Lagun egiozue banaka batzuk... (Irteten da LORD TXAMBELANA lagunekin. Denak zutik jartzen dira mahaiak baztertuz.) Bertan behera utzi behar izan dugu oturuntza; baina konponduko dugu. On egin degizuela denoi; eta beste behin denon gainera isurtzen dut ongietorrizko zaparrada bat. Zaitezte denok ongietorria! (Oboeak. ERREGE eta beste maskaradun batzu sartzen dira, artzain jantzitan, LORD TXANBELANA gidari dutela. KARDINALAREN aurretik pasatzen dira desfilean eta agur txairo bat egiten diote). Konpainia prestua! Zer nahi dute? TXANBELANA: Nola ez dakiten ingelesez erregutu digute zure graziari esateko, gau honetan hemen bildu den biltzar noble eta atsegin honen berria izan dutelarik, besterik ezin izan dutela egin, edertasunari dioten miresmen handiaren ondorioz, hau da, artaldeak uztea baino; eta erregu egiten dute, zure gidaritza atseginaren pean, dama hauek begiesteko baimena eta berauekin ordubete olgetan pasatzeko baimena. WOLSEY: Esaiezu, lord txanbelana, ohore egin diotela nire egoitza xumeari, eta horregatik esker mua ematen dizkiedala eta arren gure atseginetan partaide izan dakizkigula eskatzen diet. (ZALDUNEK damak hautatzen dituzte dantzarako. ERREGEK ANA BOLENA hautatzen du.) ENDRIKE: Neure bizitzan ukitu dudan eskurik politena! O edertasun, orain arte sekula ez zaitut ezagutu! (Musika. Dantza.) WOLSEY: Milord! TXANBELANA: Zure grazia? WOLSEY: Arren, esaiezu beraien artean izan behar duela norbaitek ni baino dinakoago daukadan eserleku honetan egoteko; halako hori, ezagutu baneza, bihotz-bihotzez gurtuko nukeela. TXANBELANA: Esango diet, milord. (Maskara dunekin txutxuputxuka aritu ondoren itzuli egiten da.) WOLSEY: Zer diote? TXANBELANA: Holako bat badela aitortzen dute, bai, baina zure graziak antzematea nahiko luketela, eta orduan onartuko lukeela leku hori. WOLSEY: Ikusagun, orduan. (Eserlekutik jaitsi egiten da.) Zure baimen eskuzabalarekin, jaunok; hona hemen nik erregetzat hautatzen dudana. ENDRIKE: Asmatu duzu, kardinala (Maskara erantziz). Biltzar distirantea daukazu. Ongi ari zara, milord. Elizgizona zara; bestela esango nizuke, kardinala, orain txarrespenez juzkatuko zintuzkedala. WOLSEY: Asko pozten nau zure grazia hain umore onean etorri dela ikusteak. ENDRIKE: Milord Txanbelana, hurbil zaitez arren. Nor da dama eder hau? TXANBELANA: Zure graziaren baimenarekin, Sir Thomas Bullen Rochfordeko bizkontearen alaba: erregina bere maiestatearen dametariko bat. ENDRIKE: Alajainkoa, benetan gauza eztia da!... Alafedea, ez da kumplimendu onekoa dantzara gonbidatzea eta besarkada bat ez ematea... Brindo bat, jaunok! Biribilean! WOLSEY: Sir Thomas Lovell, prest al dago oturuntza areto pribatuan? LOVELL: Bai, milord. WOLSEY: Zure grazia, esango nuke, berotu samarturik dagoela dantzarengatik. ENDRIKE: Gehiegi nik uste. WOLSEY: Alboko gelan aire freskoagoa dabil, jauna. ENDRIKE: Zuetako bakoitzak lagun egin diezaiola bere damari. Lagun atsegina, oraindik ez zaitut utzi behar. Alai gaitezen... Nire lord kardinala, dozenerdi bat brindo egin behar dizut dama eder hauen izenean eta dantza egin beraiekin, eta orduan egingo dugu amets politenarekin. Soinua berriro! (Tronpetekin ateratzen dira). |