|     78 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


V EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

Londres. Jauregiko solairu bat.

 

GARDINER, Winchesterreko apezpikua sartzen da, aurretik PAJE bat zuziarekin duela.

 

GARDINER: Ordu bata duk, mutil, ez al duk egia?

PAJE: Jo berria.

GARDINER: Ordu hauek geure beharretan erabili beharko genituzke, ez geure atseginetan. Lo sendagarriz geure naturari atsedena emateko garaia da eta ez huskeriatan alferrik galtzekoa.

 

(Sir TOMAS LOVELL sartzen da)

 

        Gabon, Sir Tomas! Nora zoaz hain berandu?

LOVELL: Errege ikustetik al zatoz, milord?

GARDINER: Hala da, Sir Tomas; eta kartetan jolasean utzi dut Suffolkeko dukearekin.

LOVELL: Lotara baino lehen ikusi beharra daukat. Agur esaten dizut.

GARDINER: Oraindik ez, sir Tomas Lovell. Zertaz da? Presaka zaudela dirudi. Eragozpen handirik ez baduzu, hain berandura arte harturik zauzkan arazoaren berri eman diezaiokezu zeure adiskideari. Gauerdian aurkezten diren arazoak (hala egiten omen dute espirituek) egun argitan konpontzen direnak baino kezkagarriagoak izaten dira.

LOVELL: Milord, estimatzen zaitut; eta orain arretaz eskatzen didana baino askozaz isilpeko delikatuagoa ere jakineraziko nieke zure belarriei. Erregina erdiminetan dago, eta diotenez arrisku handiarekin, eta erditzez hilko ote den beldurra dago.

GARDINER: Bere sabelean daukan fruituari dagokionez, bihotzez erregutzen dut bizitza luze eta zoriontsuaren jabe izan dadin; baina arbolari dagokionez, sir Tomas, harrak joa ikusi nahi nuke orain.

LOVELL: Nik uste «Amen» esateko moduan nagoela, eta halere, persona ona dela esaten dit kontzientziak eta dama atsegina, gure opakizun hoberenak merezi dituena.

GARDINER: Baina jauna, jauna... Entzuidazu, sir Tomas: nire alderdi bereko aitonsemea zara; zuhur eta erlijiozaletzat zauzkat, eta utzidazu esaten, hau ez da inoiz ongi ibiliko. Ez da ongi ibiliko, sir Tomas Lovell, sinetsidazu, arik eta Cranmer Cromwell, haren bi eskuak eta berak beren hilobietan lo egin ez dezaten arte.

LOVELL: Jauna, erresumako bi pertsona leinargitsuenez hitzegiten ari zara. Cromwelli dagokionez, bitxizain karguaz aparte, kantzelaritzaren arduradun eta erregeren idazkari da; gainera, jauna, ekinean dihardu eta beste dintasun batzutarako bidean, zeinak denbora gainean pilatuko dizkion Artzapezpikua erregeren eskua eta mihia da eta nor ausartuko da hitzerdirik haren aurka esaten?

GARDINER: Bai, bai, sir Tomas, izango da ausartuko denik; ni neu ere menturatu naiz haren pertsonaz neure eritzia agertzera. Eta gaur bertan gainera, jauna (esan niezazuke) uste dut gomendatu diedala kontseiluko lordei zera dela (nik bezain ongi dakite beraiek ere) artzeresea dela, herrialdea kutsatzen ari den izurria; eta honenbestez sinetsita beren kabuz jo dute erregerengana eta honek gogotik entzun ditu gure esakizunak (bere grazia subiranoaren eta arduratasun leialaren ondorioz) halako moldez non gure arrazoiek ikuserazi dizkioten arrisku larri horiei aurre harturik, agindu duen bihar goizean kontseilu batzartuaren aurrean ager dadila. Belar txarra da hori, sir Tomas, eta zainetik atera behar dugu. Baina gehiegi barreiatu zaitut zure arazoetatik. Gabon, sir Tomas!

LOVELL: Gabon dizula Jainkoak, milord! Zerbitzari nauzu.

 

(GARDINER eta PAJEA kanpora doaz)

 

(LOVELL irteterakoan, ERREGE eta SUFFOLKEKO DUKEA sartzen dira).

 

ENDRIKE: Charles, ez dut jolas egin nahi gehiago gaur gauean. Nire burua ez dago jokoan, gogorregia zara niretzat.

SUFFOLK: Jauna, sekula ez dizut irabazi orain arte.

ENDRIKE: Hala da, gutxitan, Charles; eta ez didazu irabaziko ere arretaz joka dezadanean... Kaixo, Lovell! Zer berri erreginarengandik?

LOVELL: Ezin izan diot jakinerazi pertsonalki agindu didazuna; baina ganbarariaren bitartez igorri dut zure mezua; erreginak eskerrak bihurtzen dizkizu modurik umilenean eta zure maiestateak bere alde otoitz egin dezan bihotz-bihotzez nahi du.

ENDRIKE: Zer diozu? Eh! Otoitz egin haren alde? Nola! Erdiminetan al da dagoneko?

LOVELL: Hori dio haren damak, eta minaldi bakoitza ia heriotzaren pareko dela.

ENDRIKE: Ai, ene andre maitea!

SUFFOLK: Jainkoak libra dezala zorionez bere zamatik eta neke arinez eman diezaiola zure garaitasunari oinordekoaren poza!

ENDRIKE: Gauerdia da; zoaz lotara, arren eskatzen dizut, eta gogo izan zeure otoitzetan nire erregina gaisoaren egoera. Utz nazazu bakarrik, zeren laguntasunak mesede egiten ez duen gauzetan pentsatu behar bait dut.

SUFFOLK: Gau baketsua opa diot zure garaitasunari eta gogoan izango dut neure andre zintzoa neure otoitzetan.

ENDRIKE: Gabon, Charles.

 

(Irten egiten da SUFFOLK)

 

(Sir ANTHONY DENNY sartzen da.)

 

        Kaixo, jauna! Zer da oraindik?

DENNY: Jauna, milord artzapezpikua ekarri dizut, agindu bezala.

ENDRIKE: Ah! Canterbury!

DENNY: Bai, ene jaun zintzoa.

ENDRIKE: Egia da. Non da, Denny?

DENNY: Zure garaitasunaren aginduen zain dago.

ENDRIKE: Ekarriguzu.

 

(Badoa DENNY).

 

LOVELL: (Aparte) Apezpikuak aipaturiko arazoa da. Ordu onean ongi etorria.

 

(DENNY sartzen da berriro CRANMERekin)

 

ENDRIKE: Hustu solairua! (LOVELLek geratzeko keinada egiten du). Aizue... Esana dut!... Alde egizue!... Nolatan!...

 

(LOVELL eta DENNY irten egiten dira)

 

CRANMER: (Aparte). Beldur naiz...zergatik zimurtzen du horrela kopeta? Bere izularri-itxura du. Gauzak ez doaz ongi.

ENDRIKE: Zer da, milord? Jakin nahi al duzu zergatik deitu zaitudan?

CRANMER: (Belaunikatuz). Zure garaitasunaren aginduen zain egotea da nire eginbeharra.

ENDRIKE: Zutitu, arren, ene lord maite eta onbera Canterburykoa. Zatoz, eta biok batera ostera bat egingo dugu. Albiste batzuren berri eman behar dizut. Zatoz, zatoz, emaidazu eskua. Ah, lord ona! Pena ematen dit esatera noanak, eta zinez erasanik nago ondorengoa errepikatu behar izateagatik. Berrikitan, eta erabat nire gogoaren aurka, esakizun larri eta ugariak entzun ditut zure aurka, oso larriak, milord, benetan diotsut, zeinek gogoan hartu ditugularik, gu eta gure kontseilua bultzatu duten gaur goizean gure aurrean ager zaitezela eskatzera, non dakidan ez duzula behar adinako askatasunarekin zeure burua desenkusatzeko aukerarik izango; horregatik, erantzun beharreko salakuntza guzti horien kontu errendatze egokia egin dezazun arte, beharrezko duzu egonarria izatea eta gure Dorrea zeure egoitza bihurtzearen etsipena izatea. Gure anaikideetako bat zarenez gero, honela joka dezagun komeni da, bestela ez legoke zure aurka testigantza emango lukeen lekukorik.

CRANMER: Txit umilkiro ematen dizkiot eskerrak zure garaitasunan eta zorionak neure buruari hain aukera bikaina sortzen zaidalako gogor galbahetu nazaten, halako moldez non alea erabat banatuko den agotzetik, zeren bai baitakit mihi gaizkiesaleek inori ez diotela eraso niri, errukarri honi, adina.

ENDRIKE: Zutitu, Canterbury. Zure leialtasunak eta jatortasunak erroak eginak dituzte nigan, zure adiskideagan, Emaidazu eskua, zutitu. Goazen paseatzera, mesedez. Baina, Jainkoarren! zer gizon-mota zara zu? Milord, eskariren bat egingo zenidalakoan nengoen, nekeren bat hartu beharko nuelakoan zure eta salatzaileen artean aurpegi-hausteren bat egin zedin eta zuk hitzegin zenezan, sofrikario hauek aurrerago eraman gabe.

CRANMER: Ene jaun beldurgarria, neure egiatasuna eta jatortasuna ditut irozten nauen eustazpi trinkoa; huts egingo balidate, garaile aterako naiz etsaiekin neure pertsonaren gain, baina horrek ez nau nahigabetuko baldin eta bertute horiez gabeturik banago. Nitaz esan daitekeen ezeren beldur ez naiz.

ENDRIKE: Ez al dakizu zer egoeratan zauden munduan, mundu osoarekiko? Zure etsaiak ugari dira eta ez txikiak; haien zimardikak ere tamaina berekoak bide dira, eta auzi bateko epaitza ez da beti justizia eta egiaren araberakoa izatea. Bai erraz prima ustelek beregana ditzaketela beste zital batzu beren gisakoak zure aurka testigantza emateko! Holakorik gertatu izan da. Aurrezko ahaltsuak dituzu, ahalamenaren pareko maltzurkerraren jabe direnak. Zori hobekotzat al daukazu zeure burua, testigu faltsoei dagokienez ari naiz, zeure Maisua baino, zeinaren zerbitzari bait zara, bera lur errukarri honetan bizi zenean? Zoaz, zoaz; inolako arriskurik gabe gainditu litekeen pasabidetzat hartzen duzu amildegia eta zeure hondamendia laztantzen ari zara.

CRANMER: Jainkoak eta zure maiestateak babes dezatela nire errugabetasuna, edo bestela hedatu didaten lakioan eroriko naiz!

ENDRIKE: Izan bihotz irmeko; guk uzten diegun baino gehiago ez dira nagusituko. Gorde zeure irmotasuna eta ager zaitez gaur goizean haien aurrean ahal baduzu. Baldin gertatuko balitz, salakuntzak zure gain egotzi ondoren atxilotu egin nahi zintuzketela, ez uko egin arrazoi hoberenak horren kontra erabiltzeari eta une hartan izan zenezakeen indar guztiaz gainera. Zure irtepideek ondorio onik ez balute, emaiezu eraztun hau, eta esaiezu zugana jotzen duzula — Hara, gizon gaisoa negarrez ari da! Jatorra da, nire ohoreagatik! Jainkoaren Ama Santa! zin dagit bihotz leiala duela eta ez dagoela gizon hoberik erresuma osoan... Zoaz, eta egizu esan dizudanez.

 

(Badoa CRANMER).

 

        Malkoek ahotsa ito diote!

 

(DAMA ZAHARRA sartzen da)

 

        Aitonsemea (Barruan) Atzera egizu. Zer nahi duzu?

DAMA ZAHARRA: Ez dut atzera egin nahi. Daramatzadan albisteak desenkusatuko dute nire ausartzia. Aingeru onak jaits daitezela zure buru erregetiarraren gainera eta estal dezatela zure pertsona beren hegalen gerizape bedeinkatuan.

ENDRIKE: Begietatik igartzen dizut mezua. Irten al da kinkatik erregina? Esaidazu baietz eta haur bat eman didala.

DAMA ZAHARRA: Bai, bai, ene subiranoa; eta haur zoragarri bat. Jaun Zerukoak gorde beza orain eta beti!... Neska bat da... gerorako mutilen aitzindari. Jauna, Erreginak zure bisita nahi du eta arrotz honen ezagupidea egitera etor zaitezen; gereziale batek beste gereziale batena bezalaxe du zure antza.

ENDRIKE: Lovell!...

 

(Berriro sartzen da LOVELL).

 

LOVELL: Jauna!

ENDRIKE: Emaizkiozu ehun marko. Erregina ikustera noa. (Badoa)

DAMA ZAHARRA: Ehun marko! Gehien maite dudan argi honengatik. Eskupeko ona da hau zerbitzari arruntarentzat. Eskuratuko dut gehiago, bestela entzun beharko digute gorrek ere. Hain gutxirengatik esango al nion ba neskatoak bere antza zuenik? Lortuko dut gehiago, bestela, jango ditut esandako hitzak. Eta orain jar ditzagun bitartekoak gauza gori dagoen artean.

 

(Badoaz)

 

 

II ESZENA

 

Kontseilu-Ganbararako Sargela

 

(CRANMER, Canterburyko Artzapezpikua sartzen da)

 

CRANMER: Ez dut uste oso berandu natorrenik eta, halere kontseilurako deia igorri didanak albait lasterren etor nendila eskatu zidan arren. Dena itxita? Zer esan nahi du honek? Eup! Nor dago hemen zerbitzuko?

 

(ZAINDARIA sartzen da)

 

        Ezagutzen nauzu seguraski.

ZAINDARIA: Bai, milord; baina halere ezin diezazuket utz sartzen.

CRANMER: Zergatik?

ZAINDARIAK: Zure graziak deitu arte itxaron beharra dauka.

 

(DOKTOR BUTTS sartzen da.)

 

CRANMER: Ongi dago.

BUTTS: Joko gaiztoa egin dizute. Pozten naiz hain mugonez etorri izana hona. Erregek berehalaxe izango du gertatuaren berri.

 

(Badoa BUTTS)

 

CRANMER: (Aparte) Hori Butts da, erregeren medikua. Nolako misterio begiak zuzendu dizkidan parean igarotzean! Nahi dakiola zeruari nire ezbeharra aldarrikatzen ez ibiltzea! Ziur nago gorroto nauten zenbait pertsonak berariaz prestaturiko iraina dela hau nire ohoreari laido egiteko. (Jainkoak alda bitza haien bihotzak! Inoiz ez dut merezi izan berorien gaizki-nahia!). Bestela, lotsa emango lieke ni atean itxaroten edukitzeak; kontseilukideetako bat gehiago, paje, morroi eta lekaio artean! Baina hauen nahiari men egin beharra dago eta egonarriz itxaron!

 

(ERREGE eta BUTTS agertzen dira goian, leiho batean)

 

BUTTS: Ikuskizunik estrainioena erakustera noa zure graziari...

ENDRIKE: Zer da, Butts?

BUTTS: Nik uste zure maiestateak sarritan ikusia duela ikuskizun hau.

ENDRIKE: Arrania! Non da?

BUTTS: Hemen, ene jauna: horra bere grazia Canterburykoaren handitasuna, nola dagoen atean, zerbitzari, paje eta lekaio artean.

ENDRIKE: Ah! Bera da, izan ere. Hau alda elkarri dioten begirunea. Eskerrak oraindik ere norbait beraien gainetik dagoen! Elkarren artean estimuzko gizabidea erakusten zutelakoan nengoen (kumplimendua, gutxienez) beren klaseko eta gure faboretik hain hurbil dagoen gizonak jaun horien onespenaren zain aurregelan itxaroten egon beharrik jasan ez dezan, eta atean gainera, pardelez beteriko mezulari baten gisara. Andre Mariarren, Butts, bilaukeria da hau. Utz diezaiegun egiten eta albora eragin diezaiogun gortinari. Laster jakingo dugu berririk.

 

(Badoaz)

 

Kontseilu-Ganbara

(LORD KANTZELARIA, SUFFOLKEKO DUKEA, NORFOLKEKO DUKEA, SURREYKO KONTEA, LORD TXANBELANA, GARDINER eta CROMWELL. KANTZELARIA mahaiaren goimuturrean jartzen da, ezkerretara. Gorago leku huts bat geratzen da, Canterburyko ARTZAPEZPIKUARENTZAT bezalakoa kontseiluaren gainerako kideak alde banatan jartzen dira hurrenez hurren. CROMWELL beste muturrean esertzen da, idazkari gisa).

 

LORD KANTZELARIA: Jakineraz ezazu aztertu behar dugun arazoa, idazkari jauna. Zergatik gaude kontseiluan bildurik?

CROMWELL: Jaun agurgarrion baimena salbu, arazo nagusia bere grazia Canterburykoari dagokio.

GARDINER: Dagoeneko jakinaren gainean al dago bera?

CROMWELL: Bai.

NORFOLK: Nor dago itxaroten hor?

ZAINDARIA: Kanpoan, ene lord nobleok?

GARDINER: Bai.

ZAINDARIA: Milord artzapezpikua, orain ordu erdi zure aginduen zain dago eta.

LORD KANTZELARIA: Sarreraz ezazu.

ZAINDARIA: Zure eminentzia sar daiteke.

 

(CRANMER Kontseiluko mahaira hurbiltzen da).

 

LORD TXANBELANA: Ene lord artzapezpikua, benetan samintzen nau gaur hemen eserita egon eta aulki hau hutsik ikusteak. Baina denok gara gizon erorkorrak naturaz eta ahulak haragiz; gutariko gutxi dira aingeru. Erorkortasun eta zuhurtasun gabezia horregatik, zu, guri irakasteko egokiena izan beharko zenukeen horrek, huts egin duzu zerorrek, zeure portaeran, eta ez nolanahi ere erregeren aurka aurrena eta haren legeen aurka ondoren, zeure predikuez eta zeure kapelauenez erresuma osoa (hala jakinerazi zaigu) iritzi berri, heterodoxo eta arriskutsuz betez, izan ere heresiak bati dira eta eraberritu ezik ondorio larriak ekar bait ditzakete.

GARDINER: Eta eraberrikuntza hau berehalaxe burutu behar da, ene lord nobleok, zeren zaldi basatiak bezatzen aritzen direnek ez dute aski izaten pausoan eramateaz, esku bigunez gidatuz, baizik eta frenu zurrunez isten bait diete ahoa eta ezproinkatu egiten dituzte bridei obeditu arte. Jasaten badugu —biguntasunez eta gizon bakarraren ohoreganako haurkeriazko errukiz— eritasun kutsakor hau heda dadin, kito erremedio oro. Eta zer datorke ondoren? Asaldurak, aztoramenduak, Estatu osoaren usteldura orokorra, berriki Alemania Garaiko gure auzoek lekukotasuna eman diezaguketenez esperientzia garestiz: ikuskizun tamalgarria zeinaren oroitzapena oraindik gordin bait dago gure oroimenean.

CRANMER: Ene lordok, oraindainokoan, neure bizitza osoan eta eginbeharretan zehar beti lan egin dut, eta ez saiamen txikiarekin, neure irakatsiak eta neure aginpidearen ibilera irmoa bide bakar eta berdinetik zuzentzen, eta helburua beti on egitea izan da. Ez dago munduan inor bihoz zinez diot, milordok -bere pertsona-kontzientziaren barrenean nik baino higuin handiago dienik bere karguaren jardupidean herri-bakearen asaldatzaileei. Otoi dagiot zeruari erregek beste bihotzik inoiz gai honetan leialtasun txikiagokorik! Bekaitzez eta maltzurkeria zitalez elikatzen diren gizonak ausartzen dira hoberenei hortzaka egitera. Arren eskatzen diet zuen jauntasunei, justiziako kasu honetan, nire salatzaileek, nornahi direla ere, aurpegia hauts dezatela nirekin aurrez-aurre eta libreki akusa nazatela.

SUFFOLK: Ez, milord,, hori ezin liteke: zu kontseilari zara, eta horregatik inor ez litzateke ausartuko akusatzera.

GARDINER: Milord, arazo garrantzizkoagoak erabili behar ditugunez gero, labur jardungo dugu zurekin. Bere garaitasunaren eta gure kontseiluaren borondatea da, zure prozesuaren jardupide hoberako, hemendik Dorrera eraman zaitzaten. Non, berriro partikular soil bihurturik, pertsona asko beldurrik gabe zu akusatzera ausartzen ikusiko dituzun; beldur naiz denak ezeztatzeko gauza izango ez zaren.

CRANMER: Ah, Winchesterreko ene lord hori, eskerrikasko! Beti izan zaitut guztiz adiskide ona. Zure nahia betetzen bada, aldi berean juez eta mahaiko izango zaitut: hain zara errukiorra!... Badakusat zure xedea... nire galera da. Maitasuna eta samurtasuna hobeki dagozkio elizgizonari handinahikeria baino. Itzul itzazu bidera neurritasunaz errebelatzen diren arimak; ez ezetsi bat ere. Ni zurituko naiz, edonolako zama ezartzen diozularik ere nire egonarriari; zuk egunero txarkeriak egiteko dituzun eskrupuluak gutxi diren bezalaxe dira gutxi nire zalantzak ere horretaz. Gehiago ere esan nezake; baina zure dintasunari diodan errespetoak neurritasunera behartzen nau.

GARDINER: Milord, milord, sektari bat zara, hauxe da egia hutsa. Zeure burua estaltzeko erabiltzen duzun kanpokalde ederrak hitz hutsalak eta ahuleziak erakusten dizkie ezagutzen zaituztenei.

CROMWELL: Milord Winchesterreko, zure baimenarekin, gogorregia zara; hain gizon nobleek, zernahi huts egin dutelarik ere, halere begiramena aurkitu beharko lukete izan direnagatik. Krudelkeria da erortzen ari den gizona deuseztatzea.

GARDINER: Idazkari jauna, barkamena eskatzen diot zure ohoreari. Mahai honetako guztien artean zuk duzu honela hitzegiteko eskubide gutxien.

CROMWELL: Zergatik, milord?

GARDINER: Ez al zaitut ezagutzen agian sekta berri honen faboratzaile gisa ala? Zu ez zara garbia.

CROMWELL: Ez naizela garbia?

GARDINER: Ez zarela garbia diotsut.

CROMWELL: Hobe bai zuk ondrautasunaren erdia bazenu! Gizonen otoitzak ikusiko zenituzke orduan, ez haien beldurrak.

GARDINER: Gogoan izango dut hizketa likits hau.

CROMWELL: Bai, eta gogoan izan zeure bizitza likitsa ere.

LORD KANTZELARIA: Hau gehiegi da! Aski da, ahalkez bederan, milordok!

GARDINER: Amaitu dut.

CROMWELL: Nik ere bai.

LORD KANTZELARIA:(CRAMERRI). Goazen, ba, berriro zugana, milord. Erabakita geratu da, aho batez uste dudanez, Dorrera gida zaitzatela bertan egon zaitezen ondoren erregek zer erabakiko duen jakin arte. Denok ados al gaude, lordok?

DENAK: Bagaude.

CRANMER: Ez al dago beste erruki-erarik, baizik eta derrigor joan behar al dut Dorrera, milordok?

GARDINER: Besterik zer espero zenezake? Benetan gogaikarria zara. Zaindaritzako batzu aurrera daitezela bertara!

 

(ZAINDARIAK sartzen dira)

 

CRANMER: Niretzat? Traidore baten gisara joan behar al dut hara?

GARDINER: Ardura zaitez berataz eta ongi zaindu Dorrean.

CRANMER: Zaudete, milordok, oraindik baditut hitz batzu zuei esateko. Begira honi, milordak. Eraztun honen pribilegioz, gizon ankerren atzaparretatik ateratzen dut neure kausa eta juezik jatorrenaren eskuetan jartzen dut, jaun erregerenetan.

LORD KANTZELARIA: Erregeren eraztuna da!

SURREY: Ez da faltsifikazioa!

SUFFOLK: Egiazko eraztuna da, Jainkoarren! Denoi oharterazi nizuen gurpil arriskutsu hau piririka jarri genuenean, gerauen gainera eroriko zela.

NORFOLK: Uste al duzue, milordak, erregek ontzat eman lezakeela gizon honen hatz txikia bera ere zauritua izatea?

LORD TXANBELANA: Hau orain zinezkoegia da. Ze preziotan dauka bere bizia? Onez atera nahiko nuke pasabide txar honetatik.

CROMWELL: Esaten zidan neure arimak gizon honen aurka esamesak eta informazioak bilatuz (beronen prestutasuna deabruak eta beraren diszipuluek bakarrik gorrota lezakete) zeuen buruak erretzeko sua piztuko zenutela. Horratx orain!

 

(Sartzen da ERREGE. Haserre begiratu eta bere aulkian esertzen da.)

 

GARDINER: Subirano zorrotza, hamaika aldiz eskerrak eman beharra daukagu zeruari honelako printze eman digulako; ona eta jakintsua ezezik, baita txit erlijiozalea ere; printzea hau guztiz esanekoa izateaz gainera, Eliza bere aintzaren xede goren bihurturik daukana da, eta indar handiagoa emateko eginbide sakratu honi, errespeto miresgarriz, bera eta errudun handi honen artean dabilen auziaren epaiketara dator pertsonaz.

ENDRIKE: Beti izan zara bikaina bapateko kunplimenduetan, Winchesterreko apezpikua. Baina orain ez nator hona horrelako zurikeriak entzutera eta neure aurrean gainera. Irainak estaltzeko hutsalegiak eta arruntegiak dira. Niganaino ez dira iritsiko zure andretxakur jostaketak eta zeure mihi-astinketarekin irabazi nahi nauzu. Baina edozeintzat hartzen nauzula ere, ziur nago ankerra eta odolzalea zarela. Gizon ona (CRANMERi), eser zaitez. Orain burgoienak, ausartenak seinala zaitzala bere hatzaz soilik. Denik santuenagatik, hobe luke gosez hiltzea leku hau zuri ez dagokizula behin bakarrik pentsatzea baino.

SURREY: Baletsa zure maiestateari...

ENDRIKE: Ez, jauna; ez dut atsegin. Neure kontseiluan zentzu eta adimen piska bateko gizonak nituelakoan nengoen, baino ez dut aurkitzen bat ere. Zuhurra al zen, lordak, gizon hau, gizon bertutetsu hau (zuetako gutxik merezi dute titulu hau) lekaio zorrizto baten antzera ganbarako atean itxaroten eduki-eraztea? Eta zuek bezain handia den bat! Zer! Nola liteke lotsakizun hau? Izan ere nire komisioak neurri horretaraino zeuen buruez ahazteko baimena ematen al dizue? Kontseiluko kide bati dagokionez epaitzeko eskubidea emana nizuen, ez morroi bat bailitzen. Badira zuen artean batzu, argi ikusten dut, zuzentasunak baino makurkeriak areago bultzaturik, zorroztasunik handienaz epaitu nahiko luketenak; horrelakorik ez duzue egingo ni bizi naizen bitartean.

LORD KANTZELARIA: Ene subirano txit itzalduna, baimena eman biezat zure graziak nire ahotsak guztiok desenkusa gaitzan entzungo duzunarengatik. Hau gartzelaratzeko hartu den erabakia —gizonengan federik izaterik badago behintzat— epaiketa egin beharraren bidetik etorri da eta jendaurrean bere burua zuritzeko bitartekoak eskaini nahi izatetik borondate txarretik baino areago. Ziur nago neure buruari dagokionean.

ENDRIKE: Ongi da, ongi da; milordak, errespeta ezazue. Hartu eta ongi tratatu, merezi du-eta. Berorri dagokionez ausartzen naiz esatera printzeak beharkizunik balu bere menpekoarekiko, nik baditudala bere eraspen eta zerbitzuengatik. Ez nazazue gehiago haserrerazi, besarkatu baizik; izan adiskide, ahalkez, milordak. Milord Canterburykoa, mesede bat eskatu behar dizut eta ez didazu ukatu behar: neskato txiki bat izan berria dut eta oraindik bataioaren zain dago. Beraren aitabitxi izan behar duzu eta ordez erantzun.

CRANMER: Munduko monarkarik handiena aintzatan legoke orain hainbesteko ohorearengatik. Nola merezi nezake nik, zure menpeko ziztrin eta apala baizik ez naizen honek?

ENDRIKE: Tira, tira, milord, zeure goilara-oparia aurreztu nahi duzu, bi amabitxi noble izango dituzu zeurekin: Norfolkeko dukesa adinekoa eta Dorseteko andre markesa. Gogoko al dituzu? Beste behin, milord Winchesterrekko, besarkatu eta maitatu gizon hau.

GARDINER: Bihotz-bihotzez eta anaia baten maitasunez.

CRANMER: Eta lekuko bekit zerua zeinen atsegin dudan segurtasun hau (Negarrez hasten da).

ENDRIKE: Gizon bertutetsua, pozezko malko horiek zeure bihotz zintasunaren berri ematen dute. Ikusten dudanez egia da jendartean dabilen zurrumurrua: «Egiozu joko txar bat milord Canterburykoari eta beti adiskide izango duzu». —Tira, milordak, denbora alferrik galtzen ari gara. Urduri nago neskato hori kristau egin arte. Iraun elkarturik, milordak, pertsona bakarra egin bait dut arestian zuetaz. Nik indar handiagoa izango dut, eta zuek ohore gehiago.

 

(Badoaz)

 

 

III ESZENA

 

Jauregiko patioa

 

Zarata eta iskanbila barruan.

ATEZAINA eta haren MORROIA satzen dira.

 

ATEZAINA: Utzi alde batera iskanbila hau oraintxe bertan, bilauak! Parisko jardintzat hartzen al duzue jauregiko patioa? Jendaila doilorra, isildu zeuon orrroak!

 

(Barruan)

 

        Maisu atezaina, ni sukaldetakoa naiz.

ATEZAINA: Hi urkabetakoa haiz; hoa eta urka hazatela, alproja hori! Ha al duk lekua orroaka ibiltzeko? —Bilatu dozena bat taketa sagar— txertakazkoak eta gogorrenetakoak. Hauek zumitzak baizik ez dira honentzat. Nik bigunduko dizuet burua. Bataioak ikusi nahi dituzuela! Ba nik bataiatuko zaituztet. Garagardoa eta pastelak hona ekarriko dizkizuetelakoan al zaudete, doilorkume zantzailok?.

MORROIA: Arren, jauna, izan egonarria. Hain da ezinezkoa barreiatzea (kainoikadaz atetik garbitu ezean behintzat) nola lo egitera behartzea maiatzaren lehen eguneko goizean, inoiz inork lortuko ez duen gauza bait da hori. Lehenago atzera eragingo genioke San Paulo Katedralari horiei zirkinik eragin baino.

ATEZAINA: Urkarazi egingo haut! Nola sartu dituk?

MORROIA: Ai! Ez dakit! Nola sartzen da marea? Lau oinbeteko makila koskordunak egurtu ditzakeen ginoan egurtu ditut, eta ikusi hondakin gaisook, zartakoak banatzen ez naizela zeken ibili esaten dizkizutenok, jauna.

ATEZAINA: Hik ez duk ezer egin, adiskidea.

MORROIA: Ez naiz Sanson, ez sir Gay, ez Polbrand, neure aurrean buruak mozteko; baina non jo burua zeukanen bati barkatu badiot, gazte nahiz zahar, gizon nahiz emakume, adardun edo adargile, sekula neure bizitzan ez dezadala ikus solomorik; eta ez nuke aurkitu nahi behikirik gabe, Jainkoak bere zeruan izan dezala!

 

(Barruan)

 

        Entzuten al didazu, maisu atezaina?

ATEZAINA: Berehalakoan nauk hirekin, jaun txakurkumea. Atea ondo itxita eduki, alproja halakoa!

MORROIA: Zer nahi duzu egitea?

ATEZAINA: Zer nahiko diat ba egitea baizik eta dozenaka lurrera eraistea? Mairuaren Zelaiak al dituk hauek biltzera etor daitezen? Ala indiar estrainioren bat iritsi ote duk gortera tresna ikaragarriarekikoa, emakumeek honela eraso diezaguten? Bedeinkatua bedi Jainkoa, hori da izorraketa dabilena atean! Neure kristau-kontzientziagatik, bataioak beste mila sortu behar ditu. Hemen izango dira aita, aitabitxi, denak batera.

MORROIA: Hobe bai goilarak lodiagoak balira, jauna. Horra atearen ondoan dagoen kide bat; aurpegiari begiratuta txingarrontzia dirudi, ze, alafedea, bere sudurrean udamineko hogei egun bait daramatza. Horren ondoan dauden guztiak Ekuadorepean daude, beste zigorren premiarik gabe. Hiru bider eman dizkiot makilakadak buruan suzko herensuge horri, eta hiruretan jaurtiki dizkit sudurretik txinpartak. Han dirau, tente mortairuaren gisara, bonbardatzeko prest. Beraren ondoan dago ipurukintzako merkatari baten emaztea buru gutxikoa, iseka egin didana, arik eta burutik erori zaion arte azpil erako txano pikatua, Estatuan sarrerazi duen sutearen zigorretan. Behin egin dut huts, meteoroa jo nahian, eta makilakada beste atso batengana joan da, garraisika ekin diolarik: «Makilak!», eta horra non ikusten dudan berrogeiren bat kankailutzar datozkiola laguntzera makilak eskuetan dituztela, Strandeko floria, non bizi den emakumea. Oldartu zaizkit, eutsi diot postuari, berehalaxe etorri dira denak erratz-kirtenkadak emanez; nik eutsi egiten nion eta horra non, supituki, sartzen den atzekaldetik mutil koskor-talde bat, tiratzaile irregularrak, halako harrizaparrada botatzen zutela, non neure ohorea barrutik gordetzera beharturik aurkitu naizen, zelaiaren jabe utzirik. Deabrua beren alde zuten, sinetsita nago, seguraski.

ATEZAINA: Hauek dira beren orroez durundi batean teatroa jartzen duten aprendizak, eta sagar hozkatuarengatik burrukan hasten direnak, hainbesteraino, non ez entzulegorik ez bada anaiak dituzten Tower-Hilleko tribulazio jendeaz edo Limchouseko biztalez osatua hauek jasateko gauza denik. Batzu in Limbo Patrum utzi ditut eta bertan geratuko dira hiru egun hauetan dantza egiteko eran; gero etorriko den eta zartailuekiko bi ofizialek zerbitzatuko duten oturuntza aparte utzirik.

 

(LORD TXANBELANA sartzen da)

 

TXANBELANA: Alajainkoa, hemen dago jendetza hemen! Gero eta gehiago dator gainera. Herbarren guztietatik datoz, festatan bageunde bezala! Non dira atezain hauek, alproja zabar hauek? —Lan bikaina egin duzue, lagunak. Jendaila alaia sartu da hona! Herbarrenetako zeuon lagun zintzoak al dira guzti horiek?— Alafedea, leku handia izango dugu damak igarotzeko bataiotik itzulitakoan.

ATEZAINA: Zure ohorearen baimenaz: gu gizon soilak baizik ez gara, eta egin litekeen guztia egin dugu, hainbesteren artean zati-zati eginik geratzea izan ezik. Armada bat ez da gauza hauei aurre egiteko.

TXANBELANA: Bizi naizen bezain ziur, erregek honen errua egozten badit orpoetatik zigortuko zaituztet denok, eta berandutu gabe, eta isun biribilak jarriko dizkizuet buruen gainetan zeuen zabarkeriagatik. Bilau nagitzarrak zarete, eta botilak hustutzen aritzen zarete zeuon zerbitzua egin beharrean. Entzun, tronpeta-hotsa da! Badatoz bataiotik! Tira, sartu jendartean barrena eta urratu bidea segizioa lasai igaro dadin, bestela hilabete pare baterako gartzelara bidaliko zaituztet olgetan ibiltzera.

ATEZAINA: Leku printzesari!

MORROIA: Alprojatzarra, alde bestela burua txikituko diat!

ATEZAINA: Hi, ganbelu-larruz jantzita hagoen hori, salto egin ezak burdinesitik edo bestela hesoholeriaren gainetik zehar botako haut!

 

(Badoaz)

 

 

IV ESZENA

 

Jauregia

 

(Tronpetak sartzen dira, soinua joz; gero bi KORREGIDORE, LORD ALKATEA, JARRETIERAKO HERALDOA, CRANMER, NORFOLKEKO DUKEA, mariskal-makilarekin, SUFFOLKEKO DUKEA, bi NOBLE, kaliza handi batzu zutik dituztela bataioko opariak jasotzeko; gero, lau NOBLE palioa daramatela eta beronen azpian AMABITXIA dator, NORFOLKEKO DUKESA, mantu txit dotorean bildurik neskatoa dakarrela, etab. DAMA DUKESAREN isatsari eutsiz. Gero, DORSETEKO MARKESA, beste AMABITXIA eta DAMAK. Segizioak behin egiten du desfilea eszenategian zehar eta Jarretierako HERALDOAK hitzegiten du).

 

HERALDOA: Zerua, zeure ontasun mugagabearen altzotik, bida iezaiozu bizitza oparo, luze eta beti zoriontsua Ingalaterrako printzesa garai eta ahaltsuari, Elisabethi!

 

(Errege-martxa. ERREGE eta eraren segizioa sartzen dira).

 

CRANMER: (Belaunikatuz) Hona hemen Jainkoari zuzentzen diogun otoitza nire bi andre lagunek eta nik zure errege-maiestatearen alde eta erregina onaren alde: Poz guztia, alaitasun guztia zeruak haurrei eman diena gurasoen zoriontasunagatik barreia bitez uneoro zuen gain printzesa graziazko honen baitan.

ENDRIKE: Eskerrik asko, lord Artzapezpikua. Zer izen du?

CRANMER: Elisabeth.

ENDRIKE: Zutitu, lord...

 

(ERREGEK musu ematen dio neskatoari)

 

        Har ezazu musu honekin nire bedeinkapena. Jainkoak gorde zaitzala, haren eskuetan uzten bait dut zure bizia!

CRANMER: Amen.

ENDRIKE: Ene andre nobleok, eskuzabalegiak izan zarete; bihotzez eskertzen dizuet; berdin egingo du dama samur honek ere, horretarako behar adina ingeles dakienean.

CRANMER: Emaidazu hitza, jauna, zeren une honetan zeruak eskatzen bait dit hola egiteko, eta inork ez ditzala har zurikeriatzat esatera noan hitzak, izan ere gerora ikusiko bait da egiaren adierazpide direla. Neskato erregetiar hau (nahi dakie zeruei beti beronen gain babesa hedatzea) nahiz eta seaskan egon, une honetatik bertatik halere erresuma honi alehunka eta alehunka bedeinkapen denborak gararaziko dituenen promesa da. Izango da (nahiz eta gaur bizi diren gutxik begietsi ahal izango dituzte beronen bertuteak) eredu bat bere garaiko printze guztientzat eta ondoren etorriko diren guztientzat. Sebako erreginak sekula ez zuen izan hainbesteko jakinminik eta bertute ederren zaletasunik nola izango duen arima garbi honek. Hain maila goituko haurraren apaingarri diren grazia subirano guztiak, eta zintzoen ondare diren bertute guztiak aldi berean, bikoizturik aurkituko dira beronengan. Egiak bere altzoan heziko du; Pentsamentu santu eta jainkotiarrak atergabeko kontseilari izango ditu.Maitasuna eta beldurra eragingo ditu; beretarrek onetsi egingo dute, etsaiek dardar egingo dute galtsoro eultzituaren gisara eta saminez makurtuko dituzte beren buruak. Guztien ongia haziko da beronekin. Honen erreinupean, norberak bere mahastian eserita landaturikoa jango du segurtasunean eta auzo guztiei kantatuko dizkie bakearen kanta alaiak. Egiazki ezagutua izango da Jainkoa. Erregina honen ingurukoek beronengandik ikasiko dituzte dintasunetarako bide zuzenak eta bide haien izenean izango dituzte tirakizun handitasunak eta ez odolarenean. Eta bake hau ez du loak hartuko berarekin hilobian, ezbada hegazti miresgarri hori, fenix birjinala hiltzen denean bezala, bera bezain oinordeko handi eta miresgarria berriz jaioko den herrautsetatik. Hala, zeruak dei egin diezaionean ilunpetako egoitza honetatik, beste printze bati eskualdatuko dio bere bedeinkapena, zeina haren maiestatearen herrauts sakratuetatik ospean harenaren kidekoa izango den izar distirante baten gisa altxako den eta haren erlantz finko berberaz argi egingo du. Bakea, ugaritasuna, maitasuna, egia, izularria, neska abantailatu honen zerbitzari izanak, izango dira beronen ondorengoarenak ere halaber, mahatsondoa bezala haziko bait zaizkio. Nondiknahi dizdiz egiten duelarik ere eguzki argitsuak, beraren izenaren ohore eta handitasunak ere egingo du dizdiz, nazio berriak sortuz. Loretuko da eta mendietako izeiaren antzera, inguruetako lautada guztien gain hedatuko ditu bere adarrak. Gure semeen semeek ikusiko dute hau, eta onetsi egingo dute zerua.

ENDRIKE: Mirariak iragartzen ari zara.

CRANMER: Iritsiko da, Ingalaterraren zorionerako, adin nagusitura, egun ugari ikusiko ditu, baina bakar bat ere ez da igaroko egintzaren batez koroatu gabe. Nahiago nuke besterik aurrikusiko ez banu! Baina hilko da —hil beharra da, santuen borondatea da-eta— birjina halere! Lili orbangabearen gisa igaroko da Lurretik eta mundu osoak negar egingo dio.

ENDRIKE: O, lord Artzapezpikua! Gizon berri bat egin duzu nitaz! Inoiz ez naiz ezeren jabe izan neskato zorioneko honen aurretik. Zure orakulu pozemaileak hainbesteraino liluratu nau ezen zeruan nagoenean neskato honek egiten duenari begira egon nahiko dut eta berorengatik neure sortzaileari erregutu. —Eskerrak denoi—. Obligatu natzaizu guztiz, ene lord alkatea, baita zuei ere, lagun dinakoak. Zuek hemen izateak ohore handia egin dit eta nik neure esker onaren testigantza emango dizuet. Ekin ibiliari, lordak. Denok erregina ikustera joan behar duzue eta berak emango dizkizue eskerrak. Bestela, gaisotuko da. Gaur inork ez dezala pentsa etxean zereginik duenik. Denok geratuko zarete. Txiki honek jaiegun bihurtuko du gaurkoa.

 

(Badoaz)

 

aurrekoa | hurrengoa