|     83 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


3. EKITALDIA

 

        (GRETA jaten ari da, telebista ikusten duen bitartean. HARALD telefonotik hizketan. Pop soinu bat entzuten da baxu-baxu).

 

HARALD: Bai. — Konforme. — Bai, bai. — Egia da gehienak hobeki bizi direna. (Ateko telefonoak jotzen du. GRETAri begiratzen dio) Greta!. Ateko telefonoa! (Telefonoko elkarrizketa jarraitzen du). Horrek ez du ukatzen gure gizartearen zuzentasun falta. Berdintasunik ez da inon aurkitzen. (Berriro begiratzen dio GRETAri). Zer, erantzungo duzu bai ala ez? (Erantzulearengana). Ez naiz elitismoaz ari, klase sozialen arteko desberdintasunari buruz baino. (GRETAri) Greta, mesedez, alabatxo! (Erantzuleari) Duda gabe, desberdintasun handiak dira gure gizartean, uka ezinezkoa. — Zer eginaz? Gizartea aldatuz, noski. Itxaron unetxo baten... (GRETAri) Benetan zaila dela zuek baliogarri izan nahi duzuenean debekatzea. (Ateko telefonoa hartzen du). — Nor da? — Ez hemen ez dago hilobarik. — Christine? Eta ez dakizu zein eskilaratan bizi den? Ba aurkitzea kostatu egingo zaizu. Bai, agur, ikusi arte, maitea. — (Eskegi eta berriz itzultzen da telefonora). Bai, zu... Nola? Hain teoria ederrek ez dutela deus balio uste duzu benetan? — Saio guztiak pikutara joan direla diozu? Nire ustez, arazoa beste hau da: inoiz ez garela bene-benetan zerbait egiten saiatu. (GRETAk pop musikaren soinua ozenago jartzen du). Greta, mesedez, jeitsi soinu hori! Greta, baina kasu egingo didazu! Jeisteko! Musika hori hain gogor ez entzuteko eskatzen dizut. Ezin da hitzik egin honela. Greta! (GRETAk soinua jeisten du, gero, geroago eta gogorrago jartzen du, HARALD-ek ere geroago eta gogorrago mintzatzen da).

        (HARALD-ek telefonoan) Nola? Demokrazia haustu behar dugula pentsatzen duela? Nola? — Nik esan dizudana zera zen: demokrazia haustu behar dela pentsatzen duela? — Baina ez ba gara demokrazia batetan bizi. — Nola? Non bizi gara ba? Non bizi garen? Basa legea dagoen herri batetan. Basa legea. — E HORI EZ... NOLA? — Zer diozu? — Ez diozula ezer?.

 

(GRETAk soinua gogortu duela ohartzen da) (GRETAri).

 

        Baina zertan ari zara? Nahi duzu soinu hori behin betiko jeistea! Telefonotik garrasika ibili behar dut zerbait entzun nahi ba dut.

GRETA: Jeitsi dut.

HARALD: Hori ez da egia.

GRETA: Zer? Honela nahi duzu? (Berriro gogortzen du soinua).

HARALD: Greta, ez egin hori!

GRETA: (Soinua jeitsiz) Eta honela pozik zaude!

HARALD: (Telefonotik) Beti entzuten ari direna gogor entzun behar seme-alabok baina! Bai baina zer egin dezakegu, ba? Musika bakarrik balitz. (GRETAk soinua ahal den guztia altzatzen du. Ez da telefonozko elkarrizketarik entzuten. Kasetaren soinuaren botoia aldatzen du) Zer gortu egin nahi nauzu, ala?

GRETA: Orain ez daukat musika entzuteko eskubidea ala?

HARALD: Ez zara konturatzen telefonoz mintzatzen ari naizela? (Entzuleari) Zu? bai?. Bai eztabaidatzen jarrai dezakegu gau osoa nahiz izan ezkero, baina hizkera berdina erabiltzen ez dugunez... Konforme. — Bai, — Baietz, ba. — Bale. Ondo izan, ondo portatu. — (Eskegi eta GRETA-rengana itzultzen du burua). Zarata horrek gortu egingo zaitu. (Telebista begiratzen du) Zein programa da? Poliziakoa? (Eskatzera doa, medizina botea hartu eta pastila piloa batera hartzen du). Dezibelio pila bat entzutera ohitu ondoren, ondo entzuten ez duten gazte asko daude. (Berriro begirada telebistara). Baina, thriller bat da eta!

 

(Telefonoak jotzen du eta GRETA erantzutera altzatzen da).

 

GRETA: Bai, Nor da? — Ez ez dago. — Ezin dizut esan ba. — Ez, ez dakit, eta. Ez daukat ideiarik!

 

(Eskegi, telebista begiratu eta gero pantaila saltsaz zikintzen du).

 

HARALD: Baina, zer da hau?! Gelditu joko zikin hori! Baina entzuten didazu? Greta! (GRETAk amaitu egiten du). Jatekoaz ez da jolasten. Benga, jan. (Telefonoko dei bat egiten du). Bai, nor da? — Eric hor al dago? Berenean ez dagoela? — Bere alaba dago aparatuan? — Ah, semea! — Badakizu zure aita zein ordutan... Bai? Zeu zara, Dora? — Ez, Harald. Bai, oraintxe bertan itaundu diot zure semeari ea Eric hor ote dagoen. — Beranduago helduko da behar bada.

MARIA: (HARALD-ek telefonoz hitz egiten zuen bitartean sartu da, telebista begiratu eta). Ama laztana! Ze nazkagarria!

HARALD: Esango diozu mesedez, deitu diodala?

MARIA: Zein gaiztoa den!

HARALD: Ez dago ezergatik. (Eskegiten du).

MARIA: Ez dit inork deitu?

HARALD: Oraintxe gutti norbaitek deitu du, baina Gretak hartu du eta ez dakit zuretzat ote zen.

MARIA: Nor zen ba? Greta, aditzen didazu?

GRETA: Ez dakit.

MARIA: Ez du enkargurik utzi? — Greta! Ea enkargurik utzi duen!

GRETA: Amarekin hitz egin nahi zuen.

MARIA: Arinago esatea ere, ze kostatzen zaizu?

GRETA: Zu hemen zinen ere galdetu du.

MARIA: Ez dinozu ba, amarekin hitz egin nahi zuela?

GRETA: Batekin edo bestearekin, berdin zitzaion.

MARIA: Nor zen?

GRETA: Ez dakit.

MARIA: Haserreraziko nauzu, gero!

GRETA: Ezin dut ezer egin.

 

(Telefonoak deitzen du. MARIAk erantzunez).

 

MARIA: Bai, nor da? — Ah, zeu zara, ama. Bai, oraintxe heldu naiz. — Hementxe dago. Berarekin hitz egin nahi duzu? — Eric hementxe zen orain arte, baina joana izango da. — Bai, Greta etxean dago.

        — Nola? Ez dakit, ba. Nahi duzu begiratzea? — Bai, ez eskegi. (Sartu-irten bat sukaldera, gero itzuli).

        Aizu, — aizu! — Ezin duzu itxaron? — ez daukazu zertan besterik erosi behar — Nola? Ez, egia esan, ez dut benetan gogoratzen. — Ziur asko, ez hain berandu. — Gaupasa deitzen diozu honi? — Bai, baietz, ba. Konforme, konforme. — Jango dut apurren bat, baietz ba. — Ondo da. — Ondo izan. — Orain arte. (Eskegi eta HARALD-i zuzenduaz) Ama zen. Laster izango da hemen.

HARALD: Ederto!

 

(MARIA logelera doa. HARALDek telefonoko dei bat egiten du, unetxo batzuk itxaron ondoren, eskegi. Irteteko janzten da, berriro egiten du deia, gero eskegi).

 

GRETA: Aita!

HARALD: Zer?

GRETA: Aita...

HARALD: Zer, laztana? Zerbait esan nahi didazu?

GRETA: Aita...

HARALD: Aizu, zerbait bereziki ba daukazu esateko...

GRETA: Ba zoaz?

HARALD: Begi bistan dago ez?

GRETA: Aita.

HARALD: Ez begiratu horrela. Zer nahi duzu? Ezin dut asmatu ez ba didazu esaten.

GRETA: Aita.

HARALD: Hori da esan behar didazun guztia?

GRETA: Zu nire aita zara.

HARALD: Bai, eta?

GRETA: Ez duzu nahi nik aita deitzea?

HARALD: Bai, polit, nola ez?

GRETA: Aita.

HARALD: Bai, laztan, entzuten dizut. Eta mugitu zaitez presaz nabil-ta.

GRETA: Aita.

HARALD: Nola nahi duzu zerbait ulertzea behin eta berriro «aita» besterik ez badidazu esaten? Diru beharrez zagoz? — Esanez beste barik konponduta. — Tori, hona hemen ondo janzteko zerbait eros dezazun. — Tori, zuretzat. — Ez duzu dirurik nahi? — Greta! — Adizu, ezin dut jolas honetan astirik galdu.

GRETA: Aita.

HARALD: Bai? Zer gertatzen da?

GRETA: Aitatxo laztana! (Lepora jauzi);

HARALD: Ea, ea, ez hain gogor besarkatu, ea.

GRETA: Nire aitatxo maitea...

HARALD: Bale... Bale... ondo dago. Hartu dirua nahi ba duzu.

GRETA: Maite dudan aitatxo bakarra!

HARALD: Ea, utzi pakean. Joan behar dudala, Greta. Ez nazazu behartu alde batera uztea.

GRETA: Aita, aitatxo...

HARALD: Greta, utzi pakean edo bestela haserratuko naiz.

GRETA: Aita, aita, aitatxo...

HARALD: Ez dizut berriro hitz entzun nahi, aditzen duzu? utzi bakean. — Greta! Zein indar handia daukazun. Ala fedea! (Azkenean askatzen du) Zorionez. (GRETAk esku biak itotzeko bezela batzen ditu HARALD-en saman, HARALD-ek keixu) Greta ... zer .. dabilkizu ... Greta ... ezin dudala arnasarik hartu ... Greta...Greta (azkenean lortzen du askatzea). Erotu egin zara ala? Zer nahi zenuen? Ni itotzea?

GRETA: (mesprezuz) Aita...

HARALD: Baina, zer gertatzen zaizu?

GRETA: Aita, zu ez zara ene aita. (Kinu sikuz, dirua jasotzen du).

HARALD: Zer zabiltza? Eman dizudan dirua txikitzen duzu? Ez egin horrelakorik, Greta!

GRETA: Aita, aita (apurtutako diru paperak botatzen ditu).

HARALD: Erotua zaude, alabatxo laztana.

GRETA: (telebistaren gainean jezarriz) Aita.

HARALD: Ez dut behinere antzekorik ikusi (Irtetzen du).

 

(GRETA altzatzen da, telebista jartzen du, soinua ahal duen gogorren jezarri eta une batez begiratu, berriro altzatzen da, eta bere kaseta bilatzen du, kasete bat tresnan sartu eta jezartzen da. MARIAk logelatik irtetzen du, zerbait dio, baino ez zaio aditzen, magnetofoia amatatu, eta telebistaren soinua jeisten du).

 

MARIA: Jainkoaren izenean, hara zer zarata! Ez didazu lanik egiten uzten. (irteten du).

GRETA: (Telebistaren soinua jeitsi eta sukaldera doa, pastilak iruntsi, telebista aurrera itzultzen da, telefonora doa, zenbakia markatu aurretik zalantza eta eskegi, telebistaren aurrera darama aparatua, jozartzen da eta berriro markatzen du zenbakia).

        Kaixo, kaixo! — Bai, neu naiz. — Nik? ez, nik ez dut deitu, — zergatik izan behar dut nik! Beste edonor izan zitekean, ez? — Nik ere ez, ez zaitut konprenitzen! — Ez daukat zuri deitzeko eskubiderik ala? — Orduan zergatik itauntzen didazu? Ez ba duzu gogorik, ez daukazu zertan nirekin hitz egin beharrik! (Ateko telefonoak jotzen du).

MARIA: (Irtetzen) Erantzun ahal zenuen, ba!

GRETA: Aizu, aizu! Hor zaude oraindik?

MARIA: (Ateko telefonoa hartuz) Bai?

GRETA: Aizu?

MARIA: Kanape bat? Ez nekien ezer hortaz.

GRETA: Entzun, baina, Bob.

MARIA: Bai, hementxe da.

GRETA: Eskegi egin zenuela pentsatu dut.

MARIA: Ba guretzat izango da, itxaron, zabalduko dizuet... (Ateko telefonoko botoia sakatzen du, gero eskegi) Zu, telefonoa behar dut.

GRETA: Berriro diotsut, gogorik ez baduzu, ez daukazu zertan nirekin hitz egin beharrik. — Aditzen didazu? bale, badakit ez zaudela gor Bestela ez nizun deituko! — Ez didazu ezer esaten... aizu? — aizu?. Zergatik mututzen zara? — Nola? Orain bai, baina lehenagotxo ixilik zinen. Eskolan ez zaitut inoiz ikusten. Ba dirudi nahita ez nauzula ikusten. Baietz, baietz. Zer uste duzu? Ez naizela konturatu? Gauza askotaz konturatzen naiz ni! Begiak aurpegian ditut! — Jeloskorra? Beste neskatxa batekin irtetzen baduzu ere, niri zer? Munduan ez zara mutil bakarra! Besterik ere badago! Bai, oso harro ikusten zaitut eta aspergarri ere bai. — Aizu? —Bob—, entzuidazu, Bob.

 

(Eskegi egiten du, zenbaki berbera markatzeko kinua egiten du, zalantza. Telefonoak jotzen du).

 

GRETA: Nor da? — Bob... — Zergatik esan duzu hori? — Ez da egia. Ez dut inoiz esan beste mutil batekin irten nahi dudala. Beste mutilik ere ba dela esan dut, eta hori ez da gauza bera.

MARIA: (Janzten sartzen da) Zer egun guztia telefonoan igarotzeko asmotan? (Irtetzen du).

GRETA: Ezin dizut esan petsatzen dudana ala? Ez dut ulertzen zer ikusten diozun. Nik itsusia aurkitzen dut. — Bai egia da. Ezin gaituzu elkar konpara. Horrek ez du ezertarako balio. Bost axola zait! Itxaron, itxaroteko! (Eskegi egiten du, telefonoak berri ez jotzen du) Zergatik zara hain gaiztoa! Nola? Hara, ez zara Bob, ala? — Ah, parkatu, — Ez ez dago. — (eskegi, eta pixka batetan zalantza izan ondoren, zenbaki berdina markatzen du).

        Aizu, — aizu, — bai, zuk ere eskegi egin duzu — Nik ez dut beragatik ezer txarrik esan. Esan dudan bakarra itsusia iruditzen zaidala izan da. Ea, orduan ondo ulertzen ba dut ez dago beragatik ezer esateko eskubiderik? Ederto zuk hain paregabea aurkitzen ba duzu, hobe zuretzat, laguntxo, hobe. — Bai hori hamaika aldiz esan didazu. Guk biok ez daukagu ezer esateko. Hobe, ni ere konforme nago. — Horixe da, istiluak geldituko ditugu. — Aizu?. Horixe zaude oraindik? — Aizu! — Baina, zergatik ez duzu eskegiten. — Ba nik egingo dut! — Bob? — Aizu, Bob?

 

(Eskegi egiten du, berriro hartzeko kinua egiten du, baina atzera egiten du).

 

ERIC: (GRETA hitz egiten zegoen artean heldu da). Norbaitek deitu nau? — Eh! Zu! Ea norbaitek deitu nauen.

GRETA: Oso ondo entzun dizut.

ERIC: (Telefonoak jotzen du. ERIC-ek hartzen du).

        Bai, — nor da? — Nor da? — Inor ba dago? — Bai, nor da? (Entzuleari) Gretak dio ez dagoela etxean.

GRETA: Bai, bai, hementxe nago.

ERIC: Beranduegi,maitea. (Berak zenbaki bat markatzen du, itxaroten du eta eskegi, oraindik martxan ari den telebistara hurbiltzen da, magnetofoia jartzen du eta pop musika entzuten da, sukaldera doa, pastilak hartzen ditu eta jaten jartzen da).

MARIA: (Sartzen da, irteteko jantzia, musika lotzen du eta telefonora dei bat egitera doa, gero kanapea dakarren banatzaileei). Utzi hor nonbaiten. ez dio ardurarik. — (Telefonoan) Stephane zara? Maria naiz, — Bai baina denbora osoan okupatua izan da. — Lan egin dut. — Zoragarria zen! Denbora gehiago geratzea nahi nuen — Eguerdirarte egin dut lo. Bai lasaitzea ez da txarra noizbehinka. (ERIC-ek berriro jartzen du kaseta, eta bat batean ez da esaten dena entzuten. MARIAk tresna amatatzen du eta telefonora itzultzen da). Bai? — Zu? — Zarata izugarria zen hemen... — Bai berehala helduko naiz. Lasterarte. (Eskegi). Mahai hau gainezka dago.

ERIC: Garbiketa egin beharko zenuke. (Pop kaseta jartzen du berriro eta jaten jarraitzen du. MARIA ere jaten jartzen da baina musika tresna itzaltzen du).

ERIC: Zergatik egin duzu hori?

MARIA: Zaratari gorrotoa diodalako. (ERIC-ek martxan jartzen du berriro. MARIAk beste kasete bat bilatzen du, eta hemen musika klasikoa entzuten da).

ERIC: (MARIArena itzaliz) Eta nik neuk sinfoniak gorrotatzen ditut. (ERIC-ek bere aparatua jartzen du martxan, eta MARIAk berea. Une batzuetan grabazio biak entzungo dira. Gero ERIC-ek musika klasikoa itzaltzen du, eta MARIA-k pop musika. Telefonoak jotzen du, eta GRETAk erantzuten du).

GRETA: Bai? Nor da? (ERIC-engana itzuliz) Zuretzako da.

ERIC: Bai? — Aupa zu!. — Ez dela entrenamenturik izango? — Bai hortara nengoan neu ere, oraintxe galdera berdina egiteko. (MARIAk bere kaseta jartzen du martxan eta ERICek diona ez entzuten. Honek MARIAren kaseta itzaltzen du, eta berea jartzen du. MARIAk ordekoa ematen dio. Geroxeago kasete biak jotzen dute. Orain GRETAk ekartzen du berea eta soinurik altuenean jartzen du. MARIAk ere berea egiten du, eta ERIC-ek horrenbestekoa. GRETAk telebista jartzen du. Une honetan INGRID sartzen da, pakete pilo batekin. Zerbait dio, baina inork ez du ezer aditzen, gero erabat itzaltzen ditu kasetak eta telebistaren soinua guttitzen du. Telefonoak jotzen du. INGRID-ek hartzen du).

INGRID: Zer da inpernuko soinu hau? Etxe guztian entzuten da! — Bai? Nor da? (Ez du inork erantzungo. Eskegiten du). Bene-benetan beharrezkoa zaizuela tresna guztiok batera erabiltea.

MARIA: Kotxea hartu dezaket, ama?

INGRID: Oh! Ekarri dute kanapea.

MARIA: Ea kotxea erabili ahal dudan!

INGRID: Bai, eraman dezakezu. Prestatutakoa jan duzue?

 

(MARIAk irtetzen du. Telefonoak jotzen du. ERIC-ek hartzen du).

 

ERIC: Bai? Momentu baten!, mesedez! (INGRIDengana itzuliz) Zuretzat da, ama.

INGRID: (Telefonoan) Bai, nor da? — Egunon. — Ba dakit, ba dakit. Bai, prisa izan dut itzultzeko. Ez da eskola hutsik egin behar, ahal baldin bada behintzat. — Nola? Afari bat? — Senideak bakarrik?.. — Zuk pikatzeko huskeriak jartzen dituzu, ezta horrela? Ez duzula azafranik? Bere ordez jarri iezaiozu kurria, ea zer moduz? Kolore pixka bat emateko. Horixe, ba. Ziur asko irtenbideren bat aurkituko duzula. Esango didazu zer moduz joan zaizun. Ikusi arte.

 

(Eskegi eta pakete bati papera kentzen dio, eta lorontzia ateratzen du, unetxo batzuetan begiratzen dio, gero altzairu baten gainean jartzen du. Sukaldera doa eta nebera zabaltzen du).

 

        Hatza dago hemen.

 

(Jaki apurren batzuk ataratzen ditu eta zakartokira botatzen ditu, gero erosi berri dituen jakiak sartzen ditu neberan).

 

        Eric, idi txuletea erosi dizut.

 

        (Mahai gainean dagoen medizina botea ikusten du) Zergatik daude pastilok hemen, ba?

ERIC: Zein pastila?

INGRID: Kalmanteak dira eta...

ERIC: Ideiarik ere ez. Nik ez dut horrelako zikinkeririk hartzen.

INGRID: Apalean utzi behar ditugu eta... (Zabaldu eta pastilaren batzuk hartzen ditu, gero botea apalean uzten du). (GRETAri hitza zuzenduz). Greta, bazkaldu duzu?

 

(Isilunea).

 

        Ezin da pentsatu behar norbaitek zure galderak erantzungo dituenik. (Telebistara begiradatxo bat) Ah, oraintxe hasiko da. (Soinua altza eta yoga ariketak egiten hasten da. Telefonoak jotzen du eta ERIC-ek hartuko du).

ERIC: Bai? Nor? — Neu naiz — Egunon, amamatxo. — Ez aita ez dago etxean. — Hospitalean? Bai — Bai — Bai konforme, esango diot. Arrastion amamatxo — (eskegi eta INGRIDengana itzuliz) Ama!

INGRID: Zer?

ERIC: Amama zen. Aitita ospitalera eraman dutela.

INGRID: Zer gertatu zaio.

ERIC: Beterinarioak dioenez, buruko hemorragia txiki bat.

INGRID: Ez da posible!!! eta aita ez dago han? Baina ziur asko ez du askorik tardatuko. Ez da zerbait larririk gertatuko.

 

(ERIC gelara doa. INGRID-ek yoga ariketekin jarraitzen du. GRETA altzatu egiten da. INGRID-ek erositako lorontzia hartzen du eta jausten uzten du. Mila zatitan apurtzen da).

 

INGRID: Apurtu egin da?

GRETA: Bistan da.

INGRID: Ta nola gertatu da, ba?

GRETA: Apurtu egin da.

INGRID: Ala apurtu egin duzu?

GRETA: Jausi egin da.

INGRID: Erantzun Greta. Zuk zeuk zer egin duzu? (Zatiak batzen ditu). Ezin dugu konpondu.

GRETA: Beste bat erosi eta kitto.

INGRID: Apropos apurtu duzu?

GRETA: Zurenetik atera gabe, maitea. Lorontzi bat baino ez zen.

INGRID: Esaidazu zer gertatu den hemen.

GRETA: Ez duzu ariketekin jarraitzeko asmorik?

INGRID: Greta, mesedez...

GRETA: Gauza hilak baino ez dira! (Irteten du).

INGRID: Greta...

 

aurrekoa | hurrengoa