|     83 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


4. EKITALDIA

 

        (INGRID telefonoan dago, STEPHANE mahian jezarrita. MARIAk janaria serbitzen dio. GRETAk gelatik irtetzen du, eta telebistaren aurrean jartzen da. Lurrean, gelaren erdian, aspiradora bat dago).

 

INGRID: Ez da nahikoa emakumeei ikasteko bideak zabaltzea baizik eta tituluak izan bezain laster lanean erabiltea.

STEPHANE: Itxura ona du gero, honek.

INGRID: Aipatzen dugun berdintasun hori paper bustia baino ez da. Gizonak bezain aukera berdinik ez dute emakumeak izaten.

STEPHANE: Mmmmmm, ahoa urtu egiten da.

MARIA: Zer uste zenuen ba, ez nekiela sukaldaritzarik?

INGRID: Etxetik kanpo lan egiteko aukera eman behar zaio emakumeari. Eta hor ez da atzean geratuko. Nire lankideen artean ere ikusia dut... Heuretariko askok egoera naspilduan aurkitzen dute heuren burua. Ez dute aukerarik txikiena ere, noski, senarrak ez du etxean geratu nahi haurrak zaintzen...

STEPHANE: Ez duzu zuk jan behar?

MARIA: Nahiago dut zu jaten ikustea.

STEPHANE: Zoragarria zara, galanta.

MARIA: Janaria egiten dakidalako, noski.

STEPHANE: Ez, ez. Zoragarria, bene-benetan.

INGRID: Ez dut nik, urritik ere, haurren heziketaren garrantzia ukatzen. Ez, ez da hori. Emakumeak bere lana jokatu behar du, gizonak bezala, bere eskubideak zaindu eta aukerak zabaldu behar ditu.

MARIA: Laztandu nazazu.

INGRID: Emakumeak ere gizakiak gara.

MARIA: Ez nauzu laztantzen.

STEPHANE: Lehendabizi irentsi behar dut.

INGRID: Emakumeak darabilte haurrak hezitzeko ardura, bai onartu behar da.

MARIA: Zuk honi musua ematea deitzen diozu. Benga, emaidazu behar bezalako bat.

INGRID: Bai, noski. Gizonak ere haurren heziketan parte hartu behar dute. Aitak amaren besteko ardura du. Begi bistakoa.

MARIA: Ea, altza betaurrekoak. Ez dago polito betaurrekodun bat laztantzea.

INGRID: Baina ez da nahikoa haurrak mundura ekartzea, lehenengo egia. — Bai ahaztu nahi izango balukete bezala ari dira. — Bai horixe da ba, neuk ere pentsatzen dudana.

MARIA: Hori hobetxo dago. Ea laztandu berriro.

INGRID: Ez zoritxarrez ezin lagundu izan diot. — Bidai horrek on egin dio. Lasaitasuna behar zuen. Erabat jota zegoen. — Bihotzak egin dio. Kontu handiz ibili behar du. — Bai, Costa del Sol-era. Orain urte bi izan ginen han. — Liluragarria. — Bai, noski, parejan joan ezkero askoz ere politagoa. Bai, baina zoritxarrez ez da askotan aukera gertatzen.

HARALD: (Elkarrizketaren erdian sartzen delarik, eskutan plastikozko poltsa batekin) Enkarguak egin dituzu?

INGRID: (Telefonoz) Ez zaitez erretiratu, mesedez. (HARALD-i) Ez ginen horretan geratu?.

HARALD: Orduan nik ulertu dut gaizki.

INGRID: Zuk zeuk ere mandatuak egin dituzu ala? Aldi baterako janari nahikoa izango dugu.

HARALD: Inork deitu nau?

INGRID: Bai, oraintxe bertan... lehenago deitu duen norbaitek, uste dut. Bazkaldu beharko zenuke orain. Zerbait aurkituko duzu labean.

MARIA: Duda gabe, galantegia naiz zurekin.

STEPHANE: Zerk esan arazten dizu hori?

MARIA: Inoiz ez delako goxoegia izan behar.

INGRID: (Telefonoan). Ez, ez dugu hitz egiteko betarik izan itzuli zenez gero. — Ah, Mallorca-ra joan zarete, ezta? Oso ondo!. Bai, bene-benetan sinisten dizudala. — Beztuak zaudete biok? — Eguzkiak erre zaituztela? — Nola hainbesteraino? — Bai, zu zeuk azala zuriegia zenuen.

MARIA: Nik jente egokia maite dut. Mutil tentel batekin ez nintzateke inoiz irtengo. Zu beste egokia izatea nahi izango nuke.

STEPHANE: Ez zara hain tuntuna, maitea.

MARIA: Bof! Ez dut nahiko pentsatzen. Baina behintzat eskolan ez noa hain gaizki. Zu beti gauzei bueltak ematen ari zara.

STEPHANE: Ez beti.

MARIA: Askotan, behintzat. Zu zeu, oso argia zara.

STEPHANE: Ez uste.

MARIA: Baietz, ba. Dena dakizu. Beno, behintzat musika klasikoaz dena. Zuk irakatsi zenidan entzuten.

INGRID: Ura zikin zegoela? — Galipotez? Kargu egiten naiz. — Piszina ertzean gainera? — Bai, egia da, oso hotel zoragarria da, bere denda eta guzti. — Ez zaretela handik mobitu...? — Bai gu ere datorren udan nonbaitera joateko gara. — Ez, toki berdinera ez behintzat. Oraindik ez dugu ezer erabaki. — Etxea? Lanak aurrera doaz. Urte berrirako hara joango garela bizitzen uste dut.

 

(MARIA eta STEPHANE mahaitik altzatzen dira. MARIAk bere irratia bizten du. Musika klasikoa entzuten da).

 

INGRID: (MARIAri) Leuntxoago mesedez. Ikusten duzu, ba, telefonoz hitz egiten ari naizela. Maria, ez duzu entzuten? (MARIAk irratia itzaltzen du. Bera eta STEPHANE logelan sartzen dira). Horrela ongi dago, noski baietz... baina ez da gauza bera. Norberak zerbait izatea dena aldatzen du. Bai, behar beharrezko duzue hori egitea. Eta kontatuko didazu bidaiaren ostean. Ondo da. Laster arte. Ikusi arte.

 

(Eskegi eta telebista begiratzen du).

 

        Baina zertan ari dira emakumeok? Maitasuna egiten?

HARALD: Horretan nago neu ere...

INGRID: Haurrak telebista aurrean izaten diren orduetan horrelako programarik ez lukete eman behar. Nazkagarria da. (Sutera doa eta apaletik medizina botea hartzen du). Pastilok arinegitxo desagertzen dira, gero!... Harald, hartu dituzu zure pastilak?

HARALD: Ez, hurbilduko dizkidazu, galanta?

INGRID: (Bakoitzarentzat pastilak eskutan dituela). Plater garbigailua ez dabil ondo.

HARALD: Ondo da.

INGRID: Ura ez da nahiko berotzen.

HARALD: Ba makina hori aldatzera etorri ziren, ba. — Zer daukate pastilok (kajatxoan irakurtzen saiatzen da). Ez dut ondo irakurtzen hemen jartzen duena. Lenteak jarri beharko dizkidate.

INGRID: Hobeki ibilteko hartzen dira? (ERIC-ek gelatik irtetzen du) Hemen al zinen?

ERIC: Lokartu egin naiz, eta orain berandu helduko naiz.

INGRID: Jateko astirik ere ez duzu?

HARALD: Zertarako da ona botika hau?

INGRID: Ez dakit oraindik. Ez dakit erretiroa ez zaidan hasi.

HARALD: Baina zuk berrogei urte ez badituzu oraindik! (Telefonoak jotzen du eta ERIC-ek erantzuten du).

ERIC: Bai? Momentu baten, mesedez. (HARALD-i) Aita, zuretzat da.

 

(HARALD telefonoak jo duenean altza da, baina ez da mugitzen).

 

INGRID: Zer gertatzen zaizu? Gaizki zaude? Non dago zure botika?

INGRID: Telefonoan dagoenari itxaroteko esan behar diot?

 

(HARALD-ek botika kaxa bat atara du poltsikotik).

 

INGRID: Geroxeago deitzeko esan ezaiozu. (HARALD-i) Jezarri zaitez.

ERIC: (Eskegi ondoren). Ama, zuk ba dakizu non den nire kirol janzkiak sartzen ditudan poltsa?

INGRID: Orain ez dakit ezer. (HARALD-i) Nola zaude?

HARALD: Hobekitxo. Ez da ezer izango, noski.

INGRID: Ba dakizu ez duzula zure burua nahiko zaintzen.

HARALD: Lan egin behar dut, ez dut beste erremediorik.

INGRID: Ez dizut lana uzteko esan.

ERIC: Etxe guztian bilatu dut eta ez dut aurkitu. Kaka!

INGRID: Ea aurkitzen dizudan. Itxaroten duzun artean, jezarri eta jan.

ERIC: Ez dut denborarik.

INGRID: Nola izan zintezke hain presatia!

ERIC: Gaur arratsaldean partidua daukagu. Azkar joan behar dut. (INGRID-ek irten egiten du). Kotxea utziko didazu aita?

HARALD: Ez, geroxeago behar izango dut. Eskatu amari ea berea uzten dizun. Uste dut bera etxean geratzen dela. (Telefonoak deitzen du) Neu noa (Hartzen du) Nor da? — Une batez mesedez!

ERIC: Ez dakit. Ez dut ikusi.

HARALD: Ikusi ea bere logelan ote dagoen. (ERIC gelan sartzen da) (HARALDek erantzuleari). Ez eskegi mesedez. Bila joan dira.

ERIC: Atea giltzez hertsi du, eta ez du erantzuten.

HARALD: Sentitzen dut, baina ez dago etxean. — Bai, mesedez, eskerrik asko.

ERIC: Poltsikorako diru apurtxo bat emango didazu? (HARALD-ek diru apurren bat ematen dio semeari. INGRID sartzen da. HARALD telebista aurrean jezartzen da). Ez duzu nire poltsa aurkitu?

INGRID: Ezin dut asmatu non egongo ote den.

ERIC: Norbaitek hartuko zidan...

INGRID: Horrelakorik nork egingo zizun ba?

ERIC: Polito ba, desagertu da.

GRETA: Poltsa hori sarreran ikusi dut.

INGRID: Horra hor azalpena. Sarreran utzi duzu. (Aspiradora pasatzen hasten da).

ERIC: Arinago esan ahal zenidan, ba!

GRETA: Ez dizkizut zure gauzak zainduko, ba!

ERIC: Kotxea hartu ahal dizut ama?

INGRID: Bai, noski.

        (ERIC irtetzen da. Ateko telefonoak jotzen du. INGRIDek aspiradora itzaltzen du, eta hartzen du erantzunez). Bai? Nor da? — Arratsalde on? — Bai, noski. — Zuek ikustea beti da pozgarria — Oraintxe bertan. Zain gaude. (Ate ondoko botoia sakatzen du. Gero eskegi). Benny eta Lisa dira. Ba datoz.

HARALD: Zer esaten diozu?

INGRID: Eta nik gaur etxe garbiketa egin nahi nuen honek... (Aspiradora jasotzen du).

 

aurrekoa | hurrengoa